Orreagako Batailaren Monumentuaren Aldeko Ekimenak diru bilketa bat hasi du Patxi Aldunatek sortutako eskultura jartzeko. 40.000 eurokoa da aurrekontua. Abuztuan inauguratu nahi dute.
Edurne Elizondo
Orreagako Batailaren Monumentuaren Aldeko Ekimenak diru bilketa bat hasi du, Patxi Aldunatek 778. urteko gudua oroitzeko sortutako Populus Baskonia eskultura Luzaiden jartzeko. Orreaga fundazioak bultzatuta, kulturaren eta historiaren esparruko hamaika kidek egin dute bat egitasmo horrekin, eta babesa eskaini diote Orreagako bataila irabazi zutenen omenezko monumentu bat eraikitzeko proiektuari. Sustatzaileek 40.000 euroko aurrekontua dute. Beren asmoa da eskultura datorren abuztuaren 15ean inauguratu ahal izatea.
778. urteko abuztuaren 15ean gertatu zen Orreagako gudua, hain zuzen, baskoien eta frankoen artean. Baskoiek Karlomagnoren armada garaitu zuten Ibañetan. Iruñea erre eta gero iritsi ziren frankoak Orreaga eta Luzaide arteko mendi gain horretara, eta han baskoiek mendean hartu zituzten.
“Herri honek aspalditik du irabazi zuten horien omenez monumentu bat eraikitzeko irrika”, erran du Orreaga fundazioko presidente Koldo Amatriak, diru bilketaren berri emateko egindako agerraldian. Monumentuaren aldeko egitasmoan bat egin dutenen artean dago Karmele Galarza, eta berretsi du diru bilketa martxan jartzeko urratsa egin izanak “asko poztu” duela.
Amatriak eta Galarzak nabarmendu dute zenbait erakunde publikoren babesa jaso dutela: bertzeak bertze, Nafarroako Gobernuarena —Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren bidez—, Nafarroako Parlamentuarena —Unai Uhalde lehendakariaren bidez—, eta zenbait alderdi eta sindikaturena.
10 eurotik gora
Orain, herritar guztien laguntza eskatu dute Orreagako bataila oroitzeko eskultura sustatu dutenek, eta Orreagamonumentua.eus helbidean zehaztu dituzte parte hartzeko bideak. Hamar eurotik gorako ekarpenak egin daitezke, hain zuzen. Hamar euroko ekarpen bakoitzeko zozketa batean parte hartzeko zenbaki bat jasoko dute bilketarekin bat egiten dutenek. Aldunateren eskulturaren maketa bat izanen da saria. Zozketarik gabe jaso ahal izanen dute maketa hori 500 eta 2.500 euroko ekarpena egiten dutenek.
Patxi Aldunatek hiru piezak osatutako altzairuzko eskultura bat sortu du Orreagako bataila oroitzeko. “Baskoiak irudikatu nahi izan ditut, eta erakutsi zuten adorea nabarmendu”, azaldu du artistak bere obrari buruz. Sei metro luze izanen da. Eskultura osatzen duten hiru piezetako bakoitzak jende multzo bat erakutsi nahi du: “Batean, herriko jendea dago; beste batean, ibarrekoak, eta hirugarrenean, berriz, baskoiak”. Eskulturan bada, gainera, artistak zizelkatutako irudi bat: “Haur baten burua da, etorkizunaren ikur”.
Monumentuaren aldeko egitasmoan bat egin duten herritarren asmoa da diru bilketa maiatzaren 31n ixtea. Eskultura, berriz, abuztuaren 15ean inauguratu nahi dute. Luzaideko Udalaren lurretan jarriko dute, eta erakunde horretako arduradunek garbi erran dute Aldunateren lana hartzeko “irrikan” direla. Luzaideko Udalak eginen ditu eskultura jarri ahal izateko lurra prestatzeko lanak, hain zuzen ere.
Galarzak parte hartzera deitu ditu herritarrak. “Badakigu erronka handia dela, baina ziur gara lortuko dugula, eta ospatu ahal izanen dugula arbasoen 778. urteko garaipen handia”. Koldo Amatriak ere parte hartzera deitu du jendea, eta erantsi du saiatuko direla erakunde publikoen laguntzak lortzen. “Nafarroako Gobernutik aipatu digute Pirinioetako proiektuentzat dagoen laguntzaren bat jasotzeko aukera, eta aztertuko dugu”, aipatu du Orreaga fundazioko presidenteak. Diru bilketa martxan da, eta Aldunatek erran du abuztuaren 15erako prest izanen duela bere obra.