Hamazazpi euskaltegi eta 1.100 ikasle herrialdean

Hamazazpi euskaltegi eta 1.100 ikasle herrialdean

E. E.

Korrikarako gogoa nabarmena da AEK-ko ikasleen artean; are gehiago, Iruñeko Alde Zaharreko egoitzan. Euskaltegiak Nafarroan dituen hamazazpi zentroen artean nagusia da Errekoleten karrikako hori, eta, han, prest dituzte herrialdeko kilometroak markatzeko kartelak, bai eta korrikalarientzako petoak ere. Atzerako kontua egiteko kartoizko markagailua ere badute, eta, haren arabera, Korrika hasteko sei egun bertzerik ez dira falta. Euskararen aldeko lasterketak lortu du pandemia gainditzea; eta AEK-ko ikasleek ere bai. 1.100 pertsona ari dira aurtengo ikasturtean euskara ikasten.

Espainiako Gobernuak pandemia dela-eta 2020ko martxoan ezarritako alarma egoerak bertan behera utzi zuen Iruñezar euskaltegiko ikasleen asteburuko barnetegia. Berriki egin ahal izan dute, azkenean. “Jendea gogoz zen, eta askok eman zuten izena. Sumatu dugu behar zuten motibazioa eman diela barnetegira joan ahal izateak”, erran du AEK-ko didaktika arduradun Aurkene Isasik.

Bilatu eta asmatu

Ohiko jarduerak berriz egin ahal izateak eman die AEK-ko ikasle eta irakasleei pandemiari aurre egiteko indarra. Hasiera ez zela erraza izan gogoratu du Isasik, halere. “Egun batetik bestera, etxean gelditu behar izan genuen. Nik uste nuen hamabost eguneko kontua izanen zela”. Ikasturtea ez galtzeko baliabideak bilatu, eta online lortu zuten aurrera egitea. “Dinamika eta lan egiteko modu berriak bilatu eta asmatu behar izan genituen”. Eskertu zuten gelara itzuli ahal izatea, maskara jantzita izan arren.

1.100 ikaslerekin, “pandemiaren aurreko kopurutan” direla erran du Aurkene Isasik, eta sumatzen dutela euskara ikasteko “gogoa” herritarren artean. Nafarroako Gobernuaren babesa, baina, oraindik ez da beharko lukeena. “UPNren garaitik egoera aldatu da, baina oraindik bada zer hobetu”. Ikasleentzako doakotasuna da AEK-ko kideek helburu dutena, eta, horrekin batera, irakasleen baldintzak hobetzea. Horretarako, euskaltegien lanak behar du erakunde publikoen aitortza, eta babes sendoa. “Oraindik ez dugun finantzaketa marko orokor bat behar dugu”, aldarrikatu du Isasik.