‘Lagun nazazu’ programa egin dute Nafarroan, bigarrenez. Asmo du osasun mentaleko diagnosi bat duten pertsonak trebatzea, egoera berean direnak artatu eta elkarri lagundu ahal izateko.
Edurne Elizondo
Ez dute ulertzen; edo arrarotzat hartzen dute azaltzen ari zaren hori; eta horrek are okerrago sentiarazten zaitu”. Amaiarenak dira hitzak. Ez da hori bere benetako izena, nahiago baitu ez erran. “Hurbilekoek badute nire diagnosiaren berri, baina ezagutzen ez nauten horien epaiak kezkatzen nau, oraindik ere. Nire burua babestu nahi dut”. Pandemiak erdigunean jarri du osasun mentalaren auzia, baina estigmak indarrean jarraitzen du, eta bertzeen begiradak eragin dezakeen minari ihes egin nahi dio Amaiak. “Ispiluen beharra” sentitu du bere bidean, eta antzeko esperientziak eta kezkak zituztenen falta sumatu du. Azkenean, Lagun nazazu programan aurkitu ditu behar zituen erreferentziak: osasun mentaleko diagnosia duten pertsonak trebatzeko programa bat da, egoera berean direnak laguntzeko asmoz. Bigarrenez egin dute Nafarroan, Burgosko (Espainia)
Unibertsitatearen babespean.
“Berdinen arteko espazioak sortu nahi ditugu”, nabarmendu du Cristina Garciak. Lagun nazazu programako irakasle lanetan aritu da, Joseba Verdugorekin eta Ainhoa Arburuarekin batera. Mugako nortasunaren nahasmendua du Amaiak; Garciak, berriz, nahasmendu bipolarra. “Diagnosi bera ez izan arren, hagitz antzekoak dira biok izan ditzakegun esperientziak, kezkak eta beldurrak. Elkar ulertzen dugu, eta elkarri irakasten diogu, aldi berean”, azaldu du Garciak.
Programaren bidez ezagutu dute elkar bi emakumeek, eta agerikoa da haien artean lortu duten konfiantzazko giroa. Amaiarentzat, gisako lehendabiziko esperientzia izan da oraingoa. “Duela urtebete eman zidaten diagnosia; osasun sistema publikoan hagitz ongi artatu naute, egia erran, eta psikologoak bideratu ninduen programara, hain zuzen. Kontua da profesionalak, lagunak edo senideak ahalegintzen direla laguntzen, baina zaila zaie erabat ulertzea zer gertatzen ari zaizun, eta horrek bakardadea eragin dit anitzetan”.
Bertzeen begiradan, gainera, pena eta kondeszendentzia sumatu izan ditu Amaiak, tarteka. “Horrek ez du batere laguntzen”. Halakorik ez da Lagun nazazu programaren bidez sortutako berdinen arteko espazioetan. Emozioak, kezkak, galderak eta bizipenak hagitz antzekoak dira, eta, ondorioz, “errazagoa” da elkar laguntzea.
Garciak zehaztu du, halere, kontua ez dela aurrean dagoenari aholku ematea: “Antzeko bidea egin dugunez, aurrean dudan bertze horri erranen diot niri zerk egin didan ongi, zer izan den baliagarria eta eraginkorra nire kasuan”. Amaiak bat egin du, eta nabarmendu du “nork bere erabakiak” hartzea “hagitz garrantzitsua” dela.
Ahalduntzea
Erabakitzeko aukeraren auzia erdigunean jarri nahi izan du Amaiak, Lagun nazazu programaren bidez ikasi duelako osasun mentaleko diagnosi bat dutenek beren egoerari aurre egiteko “tresnak” lortzen dituztela ahalduntzen direnean. “Buruko osasunari buruz ezjakintasun handia dago oraindik ere, eta, anitzetan, medikuek edo autoritatea dutenek erraten dizutenari baino ezin diozu so egin. Ahalduntzearen inguruko eztabaidek erakutsi didate inportantea dela ardura zure esku hartzea, eta autonomoago izaten saiatzea; finean, inork ez du zure gorputza zuk bezain ongi ezagutzen”, erran du.
Ahalduntzea eta ardura hartzea zer den ongi daki Cristina Garciak. Lagun nazazu programan aritu baino lehen, Nafarroako Los Perro Verde elkartearekin egin zuen bat, eta herrialdeko hamaika institutuan izan da bere diagnosiari eta osasun mentalari buruz hitz egiten.
Estigmari aurre egiteko modu bat da osasun mentalari buruz jendaurrean hitz egitea, Garciaren hitzetan. Lagun nazazu programak ere helburu hori du. Berdinen arteko espazioetan, gainera, kezkekin eta beldurrekin batera, barreak ere izaten dira, eta berdinen arteko solasaldi horiek lortzen dute diagnosiak “neurrian” hartzea. “Drama gainetik kentzeko ere balio digu esperientzia honek”.
Los Perro Verde elkartearekin eta Mejorando Cada Dia fundazioarekin batera, sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituztenek osatutako Mejorana elkarteak ere bultzatu du Lagun nazazu programa. Mejorana hurrengo urtean hasiko da berdinen arteko programan trebatu direnekin lan egiten, erabiltzaileei zerbitzu hori eskaintzeko asmoz.
Bertze urrats bat egin nahi dute programaren sustatzaileek, gainera, eta irailean, segur aski, berdinen arteko laguntza emateko adituaren figura sortzeko ikastaroa eginen dute. Garciak garbi erran du azken helburua dela osasun mentaleko diagnosia duten eta trebatu diren pertsona horiek osasun sisteman aritzea. “Bertze zenbait herritan egiten da, eta emaitzak onak dira. Kontua da erabiltzaile batek osasun mentaleko zentrora jotzen duenean, bere psikiatrarekin eta psikologoarekin batera, diagnosi bat duen erreferentziazko pertsona bat izatea, berdinen arteko dinamikak sortzeko”. Bidea hori dela uste dute Garciak eta Amaiak, eta urratsak egiten ari dira.