Iritzia: Ferrazek badio

Iritzia: Ferrazek badio

Lohizune Amatria

Honako hauek dira nire printzipioak. Zure gustukoak ez badira, baditut beste batzuk”. Groucho Marx umoregilearen eszena gogoangarria ekarri zigun gogora aurrekoan kazetari batek Nafarroako Parlamentuan. Ramon Alzorriz sozialista ari zen hizketan, Sahararekiko hartu duten jarrera justifikatu nahian. Ulertezina egin zitzaigun gertatu berri zena. Otsailaren 28an onartu zuen azkenekoz adierazpen instituzional bat Mendebaldeko saharar herriaren alde. 21 egun geroago, hor ginen, horrelakoak entzuten: “Espainiarrak babesteko egin behar zuena egin du Espainiak”.

Bi adierazpen instituzional eztabaidatu zituzten egun hartan foru ganberan. Ezezkoa eman zien PSNk, Espainiako presidentea babesten dutela erakusteko. Parlamentuak bestelako irudia eman zuen. Lehen aldiz apurtu zen gaiarekiko izan duen batasuna, eta saharar herria babesteko 2019an sortutako taldean ere eragin du gaiak. Sozialistek koordinatzen zuten, orain arte. Sahararren aurrean espainiarrak aukeratzeko agindu die Ferrazek, eta atzera egin behar izan dute. “Sahararrak babesten ditugu, baina espainiarrak ere bai”, esan zuen Alzorrizek. Baina horiek.

Berritik gutxi izan du, dena den, gertatutakoak. Tristea bada ere, marmotaren eguna tarteka (maizegi) bizi dugu-eta sozialistekin Nafarroan. Enrique Maia Navarra Sumako alkatea arbuiagarria izatetik ez izatera igaro zen otsailaren hasieran, lan erreformaren truke. Eta kasu horretan ere gutxietsiak eta zapalduak direnak izan dira kaltetuenak.

Heldurik gabe Iruñean bizi diren adingabe etorkinak jo puntuan jarri zituen alkateak, Carlos Garcia Adanerok bere semeak jasandako eraso bat salatu ondoren. Nork esanen zion orduan alkateari Adanerok berak hankaz gora jarriko zuela alderdia, hain zuzen, Maiaren arbuioa ekidingo zukeen akordioa apurtuz. Azkenean, gaitzetsi zuten Maiak esandakoa, baina prest ziren ez egiteko. Orduan ere “espainiarrak” aurretik jartzeko agindua jasoko zuen Maite Esporrinek.

Gehiago izan dira. Azkena Nafarroako Parlamentuko herritarreko harremanetarako batzordean, aurreko astean. Gobernuak abenduan onartu zuen Bizikidetza Plana; behar ez bazuen ere, foru ganberara igorri zuen, “gehiengo politikoaren babesaren bila”. Badakite horrelakorik ez dagoela gai horrekiko.

Navarra Sumak argi utzi zuen hasieratik bere iritzia; ez du sortze prozesuan parte hartu, eta ETA gaitzesten ez duten taldeen betoa eskatu du. Batzordean hori gehitzeko eskatu zuten. Horren aurrean, EH Bilduk esan zuen ez zuela betorik onartuko, eta sozialistekin hitz egin zutela horri buruz. Prest omen zeuden abstentzioarekin plana ahalbidetzeko, baina PSNk (edo PSOEk) eskuinaren eskakizunei jaramon egin zien. Hala, “nahikoa ez zelako” eskuinetik eta “betikoa zelako” ezkerretik, plana ez dute onartu. Gertatuko zela bazekiten: zertarako eraman zuten? Edo sozialistak “espainiarrentzat” onena bilatzen ariko ziren berriro?