“Mediku ona eta euskalduna: bata ezin da bestetik bereizi”

“Mediku ona eta euskalduna: bata ezin da bestetik bereizi”

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak 31. osasun jardunaldiak antolatu ditu berriki, Atarrabian, Euskarabidearen laguntzarekin. Euskarazko osasungintzaren arnasgune izan dira hitzorduok.

Uxue Rey Gorraiz

Hats hartzeko aire euskaldunez bete da berriki Atarrabia. Bi urteko hutsunearen ondotik, eta Euskarabidearekin elkarlanean, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak berriz ere antolatu ditu osasun jardunaldiak, joan den asteburuan. 31. aldia izan dute topaketek, eta Nafarroak horiek hartzeko txanda izan du. COVID-19a… eta gero, zer? izenburupean, izurriteak ekarriak izan dituzte hizpide nagusi, euskalduntzea bultzatzeko premia aldarrikatuta betiere. Jose Luis de Miguel medikua (Iruñea, 1964) antolaketan izan da.

Izurria izan duzue jardunaldietako protagonista. Saihestu ezinezkoa izanen zen kasik, ezta?

Bai, ezin zen bestela izan. Izan ere, garai hau oso gogorra izan da denontzat; handia da utzitako orbaina, eta aspaldi erabaki genuen horrek behar zuela izan topaketetako mintzagai nagusia, euskararekin uztartuta. Urte eta erdi inguru eman dugu prestaketa lanetan, ia hilabetero bilerak egiten. Prozesuan bizitakoak bizita, ez genuen zalantzarik egin pandemiaren gaiari bete-betean heldu behar zitzaiola.

Galdera bat duzue abiapuntu: COVID-19a… eta gero, zer? Zergatik zuzendu behar da begirada gerora? Atzera ere bai?

Oso inportantea da aurrera begiratzea. Iltzatuta gelditu eta soilik atzera begiratzeak ez luke zentzurik. Edonola ere, kontua da ezin dela deus eman bukatutzat. Pasatu dugu seigarren olatua, baina, nork daki, agian etorriko da zazpigarren bat ere, eta gehiago haren atzetik. Edo beste pandemia bat. Zalantzak ditugu, eta, hain zuzen, hori nahi genuen izenburuan adierazi: galdera bat, bukatu gabeko esaldi bat.

Gaur-gaurkoz, zer neurritan zarete mesfidati?

Ez dugu ikusten erlaxatzeko arrazoi nahikorik. Are gehiago: intzidentziak gora egin du, gutxi bada ere. Momentuz, beldur gara. Ea zer dakarren udaberriak.

Jardunaldietan, berebiziko arreta eskaini diezue osasun etxeei. Zerk bultzatuta?

Oinarrizko osasun laguntza da sistema publikoaren zutabe nagusia. Izurritean, sare publikoko lehen arretak hartu du bere gain lan zamaren parte handiena. Berriki eman zaigu datua: pandemian artatutako pazienteen %85 ingururi osasun etxeetan eman diete arreta, familia mediku eta erizainek. Funtsezkoak izan dira.

Heriotzari buruzkoa izan da publikoari zabalik eginiko mahai inguru bakarrenetakoa. Zergatik?

Laburra bada ere, Eutanasiaren Legeak dagoeneko egin du nolabaiteko bidea Nafarroan. Oso interesgarria iruditu zitzaigun orain artekoak aztertzea. Izan dira kasuak, eta asko ikas daiteke horiei buruz adituta. Aurreiritziak eraisteko ere balio du hitz egiteak.

Pandemiaren kalteak ukaezinak dira, baina sistema sendatzen ari da. Osasungintzako euskarari so, zein da diagnosia?

Osasungintza gero eta euskaldunagoa da, oro har. Problema da ez dagoela bermerik, hau da, egoeraren araberakoa da. Zortea izan dezakezu edo ez, eta horrek ez luke horrela behar. Kasualitatez-edo, ni lanean naizen osasun etxean, Orkoienen, hiru medikuak gara euskaldunak, baina hori salbuespena da erabat.

Zer onura du pazientearentzat?

Komunikazioa giltzarri da mediku arretan. Lehen arretan, are garrantzitsuagoa. Hori da medikuaren eta gaixoaren arteko lehenbiziko harremana. Nahiago den hizkuntzan aritu ezin badaiteke, hutsunea bistakoa da.

Diozunez, gero eta osasun langile euskaldun gehiago daude. Egin beharko litzateke ahaleginik horiek ikusarazteko?

Batzuetan, identifikatzaileak erabiltzen ditugu, pin modukoak. Hori izan daiteke bideetako bat.

Euskararen erabilera hizpide, tailerrak egin dituzue Osakidetzako eta Osasunbideko langileekin. Zer ondorio atera da?

Helburua zen aztertzea nola bultza daitekeen euskara Osasunbidean. Jadanik bada horretan lanean ari den lantalde bat, baina inportantea zen eztabaida jardunaldietara ere eramatea. Paperek diotenari, legeari erreparatzea interesatzen zitzaigun kasu honetan. Batik bat, ikustea zer alde dagoen Nafarroaren eta Euskal Herriko beste toki batzuen aldean.

Neurri zehatzik aipatu zenuten?

Asko hitz egin genuen txostengintzaz, paper eta testu elebidunez. Izan ere, horietan aldaketa nabarmena sumatu dugu. Lehen, paper guztiak elebidunak izaten ziren. Orain, ordea, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak bereizita egiten dira, eta pazienteak erabaki behar du zein nahi duen jaso. Eredu horren alde egitea atzerapauso handia izan da, gauza bat eragiten baitu kasu askotan: euskarazkoa bazter gelditzea.

Iradoki duzu legeak direla oztopo nagusi. Zer harreman duzue instituzioekin?

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin duguna ona da. Are gehiago, Santos Indurain gurekin izan zen jardunaldien hasierako ekitaldian. Aurkezpenean parte hartu zuen, eta euskaraz egin zituen hitz horiek. Detaile polita izan da, zerbait ulertzen badu ere ez baita gai hitz egiteko; bada zerbait. Antolaketan eta topaketak izan bitartean ere, sentitu dugu haien babesa.

Askotan aditu izanen zenuen: zer nahiago duzu, mediku ona ala mediku euskalduna?

Bata ezin da bestetik bereizi; biak dira behar-beharrezkoak. Biak bete daitezen eginen dugu lan.