Ezezko biribila eman diote Acha enpresak zundaketak egiteko duen asmoari. Etxe horretako kideek argitu dute harrobi bat egiteko proiektu zehatzik ez dutela orain.
Edurne Elizondo
Ez dute harrobirik nahi. Arizkungo eta Almandozko herritarrek Acha enpresak inguruan egin nahi dituen zundaketen berri jaso zuten 2021. urtearen bukaeran, eta asmo horrek kezka eragin die. Bilerak egin dituzte herriotako agintariekin, eta garbi utzi dute ez dutela nahi bertze harrobirik. Arizkunen, adibidez, abenduaren 12an egin zuten batzarra. Arizkungo eta Almandozko zinpeko alkateek Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideen aurrean berretsi dute herriotan eta Baztan osoan “ia aho batezkoa” dela bertze harrobi baten aurkako jarrera, parlamentariek Baztanera egindako bisitan.
Acha enpresak ustiatzen du Almandozen dagoen Arritxuri harrobia.”Ez dugu bi harrobiren artean gelditu nahi”, erran du Almandozko zinpeko alkate Pello Sarrateak. Acha enpresaren asmoak “ezustean” harrapatu ditu herri horretako eta Arizkungo agintariak. “Herritar batek Espainiako Aldizkari Ofizialean ikusi zuen Acha enpresak egin nahi dituen zundaketen berri”, zehaztu du Arizkungo zinpeko alkate Imanol Etxeberriak.
Herriotan eta Baztango Udalean inork ez zuen enpresaren asmoen berri. “2013an ere saiatu ziren; baimena eskatu zuten, baina Baztango Batzar Nagusiak atzera bota zuen. Orain, Nafarroako Gobernura jo dute zuzenean”, aipatu du Sarrateak.
Acha enpresaren asmoen berri jakin bezain pronto, mugitzen hasi ziren Arizkungo eta Almandozko agintariak. Baztango Batzar Nagusiaren babesa jaso dute. Nafarroako Gobernura ere jo dute, eta alegazioak aurkeztu dizkiote zundaketak egiteko Acha enpresaren asmoari. Herritar anitzek ere egin dituzte alegazioak. Horiei noiz erantzunen dieten zain daude orain.
Achako kideak, “harrituta”
Acha enpresako arduradunak ere Nafarroako Gobernuaren ebazpenaren zain daude. Juan Mari Manso arduradunak onartu du “harritu” egin dituela Arizkungo eta Almandozko agintarien eta herritarren erantzunak. “Guk ez dugu bertze harrobi bat egiteko inolako proiekturik orain”, erran du. “Zundaketak egin nahi ditugu, inguru horretan zer material dagoen jakiteko”, zehaztu du. Onartu du, halere, zundaketen emaitzaren arabera, enpresak egin dezakeela harrobi baterako proiektua, “hemendik zenbait urtera”.
Acha enpresa 1907. urtetik dago Almandozen. Bertze harrobi batek kamioien joan-etorria handituko lukeela salatu du Pello Sarratea herriko zinpeko alkateak: “Herriaren erditik pasatuko lirateke”. Almandozko zinpeko alkateak erantsi du bertze harrobi bat ez dela bateragarria turismoarekin. “Baztanen indar handia du; gure herrian harrobia dugu, eta gurea da landetxerik ez duen bakarra; atentzioa ematen du”, erran du.
Arizkunen ere kezka dute bertze harrobi batek turismoari eta bertze zenbait sektoreri eragiten ahal dien kalteari buruz. Zinpeko alkate Imanol Etxeberriak oroitu du, bertzeak bertze, mahasti ekologikoak daudela zundaketak egin nahi dituzten inguruan.
Baztango agintariek parlamentarien aurrean berretsi dute herritarrek harrobirik ez dutela nahi. Eskertu dute bisita, baina kezka baduela onartu du Etxeberriak. “Baztanen talde guztiek egin dute bat harrobiaren aurka; parlamentuko Geroa Baiko eta PSNko ordezkariek, baina, ez dute jarrera garbirik erakutsi auziari buruz”.
Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain daude Baztango agintariak, bai eta herritarrak ere.
Argazkiak: Nafarroako Parlamentua.