Benetako aitorpenaren zain

Benetako aitorpenaren zain

Zahar etxeetako langileek bosgarren greba eguna egin dute, lan hitzarmen duin bat eskatzeko. Mezu garbia zabaldu dute: «Zaintza oinarrizkoa bada, erakuts dezatela».

Edurne Elizondo

Zerbait egin behar dugu ikus gaitzaten”. CCOO sindikatuko Victoria Astrainenak dira hitzak. Iruñeko Amma Oblatas zaharrentzako egoitzaren aurreko errepidea moztu eta gero erran ditu. Bosgarren greba eguna egin dute Nafarroako zahar etxeetako langileek, “lan hitzarmen duin” baten alde. Iazko maiatzetik ari dira herrialderako sektoreko hitzarmen bat lortu nahian, baina, orain arte, alferrikakoak izan dira haien ahaleginak: “Patronalaren blokeoa baino ez dugu jaso”. 4.500 langile inguru dira herrialdeko 70 egoitzetan.

CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuak batera ari dira patronalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin osatutako negoziazio mahaian. Mobilizazioak egiten jarraituko dute, zaharren zaintzaren esparruan ari direnen lanak “aitorpena” jaso arte. “Benetan oinarrizkoak garela uste badute, pandemia lehertu zenetik hamaika aldiz erran duten bezala, erakuts dezatela”, eskatu du Iruñeko Erruki Etxeko zaintzaile Susana Laiak.

Zahar egoitza hori da lan hitzarmen propioa dutenetako bat herrialdean. Amma Argarai, Amma Oblatas eta Mutiloako Amma egoitzek ere badute. Enpresa bereko bertze zenbait egoitzatan, berriz, Espainiako Estatuko lan hitzarmena dute indarrean; Sarrigurenen, Betelun eta Ibañetan, adibidez. Tafallako zahar egoitzan ere bai. “Estatuko hitzarmena dutenen egoera da kaskarrena; gainerakoetan ere bada zer hobetu. Nafarroako hitzarmen bat nahi dugu egoitza guztientzat”, erran du ELAko ordezkari Miriam Goñik.

Mila euro baino gutxiago

“Zer ekartzen du estatuko hitzarmena izateak? Urtean 1.792 ordu lan egitea, eta langile gehienek mila euro baino gutxiagoko soldata izatea. Baldintza duinak bertzerik ez ditugu eskatzen, zahar etxeetako erabiltzaileek kalitatezko zerbitzu bat jaso dezaten”. Tafallako zaharren egoitzako langile Ana Isabel Marcok erran ditu hitzok. Langileen bosgarren greba eguneko protestekin egin du bat, Iruñean. Tafallako zaharren egoitza mojen esku dago, eta langileek “zail” dute mobilizazioen bidea. “Haien kontrako gerra bat balitz bezala ulertzen dituzte gure protestak”.

Marco sukaldean ari da lanean; egoitza bereko zaintzaile dira Salome Hernandez eta Ana Vitoria. “Zaharrek ere garbi dute langile gutxi garela guztiak behar bezala artatu ahal izateko. Korrika ibili behar dugu beti, eta medikuarengana joateko denbora ere ez digute ematen”, salatu dute. 30 langile dira Tafallan, eta 90 erabiltzaile inguru dituzte artatzeko. Bost besta egun baino ez dute hilabetean.

“Zaintzaileen lan karga handia da zahar etxeetako arazo nagusietako bat”, erran du LABeko ordezkari Gaztelu Garraldak. “Grebak agerian utzi du egoera hori, Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek ondorio baitute hagitz gutxik egin dezaketela protesta”.

Bertze arazo “handi” bat zerbitzua enpresa pribatuen esku egotea dela salatu du UGT sindikatuko ordezkari Gorka Martinezek. “Gaur egun kudeaketa enpresa pribatuen esku dago egoitza anitzetan, eta Nafarroako Gobernuak badu egoera horretan ardura handi bat”. Martinezek erantsi du administrazioaren ardura dela, halaber, zaharren zaintza, eta, ondorioz, “indarra” egin beharko lukeela “patronalak lan hitzarmen duin bat onar dezan”.

Zerbitzu publikoa

“Babes soziala bermatzea dagokio Nafarroako Gobernuari; egin dezala”, berretsi du CCOOko Victoria Astrainek. Sindikatuek atzo egitekoa zuten bilera patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariekin. Garbi dute mobilizazioekin segituko dutela lan hitzarmen duin bat, eta, ondorioz, kalitatezko zerbitzu bat lortu arte. Gehiago erran du LABeko Gaztelu Garraldak: “Zerbitzuak publikoa izan beharko luke, eta Nafarroako Gobernuari dagokio plan bat egitea herritarroi zahartzaroan dagokigun zaintza zerbitzu duin, unibertsal eta doakoa bermatzeko”, nabarmendu du.

Hori dute helburu, eta protesta hori lortzeko oraingo bide.

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku.