NUPek Euskarazko Ikasketen Plan Gidaria egin du. Helburutzat hartu du 2023-2024ko ikasturterako euskarazko 2.226 kreditu eskaintzea. Hizkuntza Plangintzarako zuzendari Imanol Nuñezek erran du plana «konpromiso» bat dela; Euskara Taldeak zalantzan jarri du betearazteko duen gaitasuna.
Edurne Elizondo
Euskarazko ikasketen eskaintza ezin da izan presazko bultzada desordenatuen ondorio”. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramon Gonzalorenak dira hitzak, eta unibertsitateak egin duen Euskarazko Ikasketen Plan Gidariaren berri emateko erran ditu. 1987. urteko apirilaren 21ean sinatu zuten Nafarroako Parlamentuan NUP sortzeko lege proiektua. 35 urte joan dira ordutik, beraz, eta, oraindik ere, Irakasletzako gradua da NUPen osorik euskaraz egin daitekeen bakarra.
2024ra bitarteko helburuak jaso ditu NUPek egin berri duen Euskarazko Ikasketen Plan Gidariak. Unibertsitate publikoko Hizkuntza Plangintzarako Batzordeko zuzendari Imanol Nuñezen hitzetan “jauzi nabarmena” ekarriko du. Datu bat jarri nahi izan du erdigunean: 2018-2019ko ikasturtean, NUPek 1.644 kreditu eskaini zituen euskaraz; 2023-2024ko ikasturterako, berriz, 2.226 eskaini nahi ditu.
Kopuruan dagoen aldea onartu du NUPeko Euskara Taldeko kide Unai Irigaraik. Ontzat eman du euskarazko ikasgai gehiago izatea. Gakoa, baina, bertze bat dela nabarmendu du: euskarari zer garrantzia aitortu nahi dioten NUPeko agintariek. “Plan honek ez du konponduko euskarak egun duen egoera; euskarak behar du legezko egitura bat, egin daitezkeen planak betearazteko boterea izanen duena; euskarak egon behar du unibertsitateko arlo guztietan; euskararen errektoreordetza behar dugu”, erran du Irigaraik.
NUPeko Hizkuntza Plangintzarako Batzordea ez da euskarak behar duen erakunde ego egitura hori, Euskara Taldeko kidearen hitzetan. “Ez du bere planak betearazteko gaitasunik”. Auzi horretaz harago, euskarazko kredituak eskaintzeko NUPek dituen irizpideak ere zalantzan jarri ditu Irigaraik. Eskaera, hurbiltasuna eta baliabideak dira Hizkuntza Plangintzarako Batzordeak zehaztutako hiru irizpideak, hain zuzen ere. NUPen euskaraz ikastea ikasleen eskubide bat dela nabarmendu du Irigaraik
Nafarroatik kanpora
Imanol Nuñezek “egokitzat” jo ditu NUPek euskarazko eskaintza arautzeko erabiltzen dituen irizpideak. Eskaerari buruz erran du hamar ikasle direla zehaztu duten gutxieneko kopurua. NUPen ikasleen herena dira euskaldunak. “Ikasle horietatik %80 matrikulatzen da euskaraz”, azaldu du. Kontuan hartu behar da badirela zuzenean bertze unibertsitate batera joateko hautua egiten duten ikasle nafarrak, nahi duten gradua euskaraz egiteko aukerarik ez dutelako herrialdean.
2017an jasotako datuen arabera, hain zuzen, urtean, batez beste, 258 ikasle nafar matrikulatzen dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, selektibitatea NUPen egin arren. Horietatik 52k NUPek eskaintzen dituen titulazio berberak hautatzen dituzte, eta kasu gehienetan (%70etik gora), euskaraz egiten dituzte. Hau da: urtean 40 bat ikasle nafar matrikulatzen dira EHUn, Nafarroan goi mailako euskarazko eskaintza nahikorik ez dagoelako.
Hurbiltasuna eta baliabideak aztertu ditu Imanol Nuñezek ere. Hurbiltasuna lotuta dago ikasketek lan esparruan jendearekin duten harremanarekin. Hurbiltasun handikotzat jo ditu NUPek sektore publikoan herritarrei zerbitzu bat ematen dieten lanpostuetarako ikasketak; erizaintza edo medikuntza, adibidez. Hurbiltasun txikikoak dira, berriz, lan merkatua nazioartera begira duten graduak.
Erizaintzan, hain zuzen, aspaldikoa da gradua euskaraz egin ahal izateko aldarria. Eskaera bada, Nuñezek onartu duenez. “Asmoa da urtero seihileko bat sartzea euskaraz”, aipatu du. Oraingo ikasturtean 30 dira euskarazko kredituak Erizaintzako graduan; 2023-2024rako 84 eskaini nahi ditu NUPek. Medikuntzan, berriz, euskarazko krediturik ez da, oraingoz, eta planak ez du bakar bat ere eskaintzea aurreikusten. “Egun bost ikasle euskaldun bertzerik ez daude; eskaerak gora egiten badu, alda daiteke egoera”.
Betiere, baliabideak badaude, hori baita euskarazko kredituak eskaintzeko bete beharreko hirugarren irizpidea. Baliabideen esparruan, hain zuzen, irakasleen borondatea funtsezkoa izan da, orain arte, NUPen euskaraz ikasi ahal izateko. Izan ere, gutxi dira, oraindik, hizkuntza soslaia duten irakasle lanpostuak; zazpi, zehazki, 2021-2022ko ikasturtean. Ondorioz, irakasle elkartuen esku daude, neurri handi batean, euskarazko ikasketak.
Horrek badu ondoriorik. “Lan baldintza kaskarrak dituzte, eta, anitzetan, bertze lanpostu bat ere bai. Ondorioz, ahal dutenean alde egiten dute, eta ordezkoak euskaraz ez badaki, ikasgaia gaztelaniaz eman behar dugu”, kontatu du Irigaraik.
Hasi bai, baina bukatu ez
Euskaraz hasi, baina euskaraz ezin jarraitu. Hori ere gertatzen da. Irigarai Soziologiako gradua ari da egiten. Lehendabiziko mailan, ikasgai guztiak izan zituen euskaraz, bat izan ezik; gainerako mailetan, berriz, bakar bat ere ez. Arazo hori badagoela onartu du Imanol Nuñezek. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzaren adibidea aipatu du. “Lehendabiziko bi mailetan bada aukera euskaraz egiteko; hirugarrenean ez, baina EHUrekin elkarlana bultzatu nahi dugu, gure ikasleak unibertsitate horretara mugitzeko hirugarren mailan”. Ikasketak euskaraz hasi eta gaztelaniaz jarraitzen dituzten ikasleen “errendimenduak” ez duela behera egiten erantsi du Hizkuntza Plangintzarako Batzordeko zuzendariak. Irigaraik, berriz, euskaraz ikastea ikasleen eskubide bat dela berretsi du. Gaztelaniaz egiten jakin arren, euskaraz ikasi nahi duten gazteen eskubidea, alegia.
Egungo planak ez duela eskubide hori bermatzen erran du Irigaraik. “Departamentuek erabakitzen dute, finean”. Horri buruz, Nuñezek nabarmendu du Euskarazko Ikasketen Plan Gidarian jasotako helburuak “konpromiso” bat direla, eta fakultateekin hitzartu dituztela. Onartu du, baina, gerta daitekeela eskaeraren eta hurbiltasunaren irizpideak beteta ere, baliabiderik ezak hutsean uztea ikasgairen bat euskaraz eskaintzeko helburua. “Departamentu batek baliabiderik eza aipatzen badu euskarazko krediturik ez onartzeko, halere, azalpenak eman beharko ditu”.
Nuñezek berretsi du konpromisoa hartu dutela 2024rako 2.226 kreditu euskaraz eskaintzeko. “Uste dut egun garrantzitsuagoa dela gradu gehienetan oinarrizko ikasgaiak euskaraz eskaini ahal izatea, gradu oso bat euskaraz ematea baino”. Hizkuntza eskubideak jarri ditu Irigaraik erdigunean: “Gizarte osoaren lana da euskarak unibertsitatean behar duen tokiaren alde egitea”.
Ohiturak aldatzeko, lehen esaldia euskaraz
Uharteko Gazteok Euskaraz sortu dute zenbait herritarrek, euskararen erabilera sustatzeko. Ikerketa soziolinguistikoa egin dute herrian: gazteen %66k badakite euskaraz, baina %2,8k baino ez dute erabiltzen.
E. Elizondo
Korrika joan den larunbatean pasatu zen Uhartetik, eta, egun berean, herri horretako Uharteko Gazteok Euskaraz taldean bat egin duten bizilagunek Lehen esaldia euskaraz kanpaina jarri zuten martxan. Hilaren 17ra bitarte, lehen esaldia euskaraz egitera deitu dituzte kolektiboko kideek herriko gazte guztiak, gaztelaniaren aldeko joera aldatu, eta beren arteko harremanak euskaraz gara ditzaten.
Kanpaina ez dute hutsetik sortu. Uharteko gazte talde batek erdigunean jarri du azken hilabeteotan euskararen erabilerari buruz duen kezka, eta zenbait urrats egin ditu, erabilera horrek gora egin dezan. Joan abenduaren 3an, manifestu bat argitaratu zuten, euskararen aurkako erasoak salatu, eta hizkuntza horren alde egiteko. Harago jo nahi dute, halere: “Euskararen alde egin bainoago, euskaraz egitera deitu nahi dugu jendea; bereziki, gazteak”, azaldu du Uharteko Gazteok Euskaraz taldeko Iker Mendibe Castillok.
Ikerketa soziolinguistikoa egin dute Uharteko gazteek, eta mahai gainean jarri dituzte datuak. Mendibe Castillok onartu du “txarrak” direla; izan ere, Uharteko gazteen %66k badakite euskaraz, baina gazteon %2,8k baino ez dute euskaraz hitz egiten. 15 eta 29 arteko herritarren ingurukoak dira datu horiek. Herrian, adin tarte horretako 857 gazte daude, eta haietako 277ri buruzko informazioa jaso dute Uharteko Gazteok Euskaraz taldeko kideek beren ikerketa egiteko.
Martxan jarri duten kanpainaren bidez, “gazteon hizkuntza ohiturak aldatu” nahi dituzte, Mendibe Castillok nabarmendu duenez. Lehen astea pasatu eta gero, kanpainaren eragina sumatzen hasi dela erantsi du: “Gazte gehiago entzuten dut herrian euskaraz, eta niri ere gehiagok egiten didate. Lehen esaldia euskaraz egiten bada, bigarrena ere euskaraz egitea errazagoa da”.
Euskaraz bizi
“Ez dugu hizkuntzari buruzko ikuspegi erromantiko bat nahi: euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, eta horren alde egiteko beharra”, nabarmendu du Mendibe Castillok. Horretarako, bertzeak bertze, herriko gazteen artean landu dute Nafarroako Gobernuak egindako merezimenduen dekretu berria. “Garbi esan diegu: B2 maila duzue? Bada, jada ez dizuete meritutzat hartuko”.
Kanpaina amaitu eta gero, euskararen erabilera sustatzeko lanean segitu nahi dute Uharteko gazteek. Zenbait egitasmo lantzen ari dira; bertzeak bertze, irakurketa taldeak sortzea eta guraso erdaldunak dituzten D ereduko haurrak etxeko lanekin laguntzeko saioak egitea. Uharteko Udalarekin ere aritu nahi dute elkarlanean, eta kulturgintzaren esparrua jorratu.
Argazkia: Uharteko Gazteok Euskaraz.