Amets Aranguren Arrieta
Jakinen duzuen bezala, inposaketaren herria da gurea. Horrela, boteprontoan, okurritzen zaizkidan batzuk: D eredua, zerrenda bakarraren afera, Euskaraldia eta gauza horiek guztiak. Azken egunotan beste modalitate bat izan dugu hemendik bueltaka: Korrika.
Bozina hotsek jakinarazi ziguten guri furgoneta Gazteluko plazan sartzear zela; Txapitelatik gora zetorren. Txaloak, oihuak, irribarre permanenteak, malkoren bat eta gorputz osoko ileak tente. Beroketak egiten batzuk bide ertzetan eta zapata eta jantzi egokiak eraman ez arren auzoan behintzat lasterka eginen zutenak. Lehenengo Korrika zuten haurren begiak ezin irekiago, A ereduko nire ikasle bi eta koloretako petoak nonahi.
Aurten, neguko apiril honetan tokatu zaio furgonetari 2.500 kilometro egitea. Furgonetari eta hura mugitzen dabilen talde osoari, ezinbesteko horiei. Goizaldean autoa bultzaka atera behar izan dute elur artetik Etxarrenetik abiatuta, berriz lapurtu dute lekukoa Irunberrin eta inoiz baino beranduagora arte egon ahal izan dira ikastolako haurrak esna, goizaldeko ordu bata eta erdi aldera pasatu baita megamaratoia haien herritik. Igo dute Jaurrietarrek herriko portua eta pantailan ikusi ditugu Euskal Herriko herririk garaienera heltzen: Abaurregainera, handik ere pasatu dira zoro zoragarriak. Hiru urteren ondotik, gogoz itzuli da Korrika; Zarrakaztelun muntatu zuten egitaraua ikustea besterik ez dago.
Riau riau-a entzun dugu furgonetako bozgorailuetatik Pamplonesako presidente berria den Nekane Solanak lekukoa eskuetan zeramala, bandako beste zenbait kidek inguratzen zutelarik. Eta Laso, Martija, Altuna eta Imazen pilotakada eta pilotakada artean aditu genituen inposaketaren aldeko “Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Ko-rri-ka!” edo “hemen gaude, euskararen alde!” bezalakoak.
Ernaik antolaturiko Zutik egunak ere kointziditu zuen aurten Korrikaren pasatzearekin Iruñean, eta azken urteetan pilatu diren gogoen eztanda ere sumatu zen hemen: elektrotxaranga, erromeria taldea, bi kontzertu, DJak eta ia jatetxe batean emanen liguketen bazkaria (postreko jogurtarekin batera limoizko edo fruitu gorrien siropea aukeran, ea non ikusten duzuen hori).
Korrikaren igarotzearen beroak urtu zituen Iruñeko kaleetan geratzen ziren elurrak. Nola da posible hamaika egun hauetan kilometro bat hain gutxi izatea? Nola da posible egunotan bereziki kirolari ez direnek (barkatu, garenok) lasterka beste egoera batean baino mila aldiz gehiago aguantatzeko indarra izatea?
Sarean irakurri dut hor nonbait eta klak egin dit buruak: zeinen normalizatuta dugun 11 egunez 2.500 kilometro egitearena, gelditu gabe, korrika eta furgoneta baten atzetik. Begiratu iezaiozue irudiari une batez, zoro zoragarriena egia da gero. Pentsa zein den maila, zoro horiek zuzenean hogeita lau orduz ikusteko aukera ere badugula. Keta, keta, keta, gora inposaketa (Keta, badaezpada)!