Nafar Ateneoaren poesia saria irabazi du Lierni Azkargortak, ‘Iruntzian’ lanagatik. Ohi denez, elkarteak zehaztu zuen sariketako obrek oinarrian eduki beharreko gaia: aurten, ‘ama’. Askotariko ertzez idatzi du idazleak.
Uxue Rey Gorraiz
Ama hitza berdin irakurtzen da aurrekoz atzera eta atzekoz aurrera. Ordea, gaiari, ama izateari nondik begiratu, bada alderik. Horri dagokionez, dudarik ez du Lierni Azkargortak (Lazkao, Gipuzkoa, 1979). Amatasuna hizpide hartuta, Nafar Ateneoaren VI. Poesia Saria irabazi du berriki. Iruntzian lanagatik saritu dute.
Gaien ertzak errazago ikusten dira haien iruntzian begiratuta?
Bai, beste aldean zer dagoen begiratuz. Hain zuzen ere, nire intentzioa izan da amatasunaren beste alderdi bati heltzea, ertz guztiak erakustea, nire ikuspuntutik betiere. Estereotipo asko daude amatasunaren inguruan; denak dirudi polita, arrosa. Horren iruntzian zer dagoen nahi izan dut irudikatu. Gainera, ideia berari helduta, saiatu naiz ispilu joko bat erakusten, grafismoa baliatuta. Ispilu aurreko ama, eta ispilu atzeko ama. Ama eta ama. Sei hizki guztira, sei atal ditu poemak.
Aitortu duzu jadanik: zu zara ispilu aurrean jarri den ama hori. Nolakoa da zeure burua biluztea?
Gehiegi pentsatu gabe hasi nintzen idazten; horrela egiten dut normalean, askorik programatu gabe. Beste aukera bat izan daiteke beste leku batean jartzea, baina, niri behintzat, horrek askoz ahalegin handiagoa eskatzen dit. Horregatik, ni neu naiz ispilu aurreko ama. Dena den, esango nuke biluztea ez dela izan oso argia. Asko jokatu dut irudiekin.
Badirudi amatasunaren argi-itzalak erakusten ahalegindu zarela. Zergatik hautu hori?
Amatasuna bizitza bezalakoa da. Bizitzari buruz ari garenean, zera esateko ohitura dugu: “Zoriontsu izateko jaio gara”. Sare sozialez ari bagara, zer esanik ez. Beti nahi dugu irudikatu dena ondo doala, dena dela erraza. Amatasunean, berdin, eta gogorra ere bada. Dena den, baliteke horrek ere edertzea bidea, ikasten delako. Mendiarekin konpara liteke: aldapan gora egin gabe, ez da berdin sentitzen beheranzko maldaren arindua. Dena den, bakoitzak ahal bezala bizi du amatasuna.
Gorputzari idatzi diozu, nabarmen, deskribapen gordinez.
Atal bakoitzak ikuspegi bat lantzen du, eta bai, batzuetan indar handia du gorputzaren presentziak, emakumetasuna azaltzeko adibidez. Sexuaren erreferentzia zuzenak ere ikus daitezke.
Gozagarri zaizu bide hori?
Egia esan, sumatzen dut gaur egun lan asko ari direla egiten gorputzean arreta handia jarrita, baina ni ez naiz horren oso zalea; nire lanetarako, betiere. Gorputzean gelditzea baino, gehiago interesatzen zait barruranzko bidaia egitea. Bizi egiten gara, hil ere bai, eta, gorputza hemen gelditzen den bitartean, bizi izan ditugunak eta sentitutakoak dira irauten dutenak.
Masustak, soro ilargitua, liliak… Zure poesian ohikoa da naturaren elementuak ibiltzea. Zer onura aurkitzen duzu horietan?
Ez dut aurkitzen natura baino irudi errealagorik. Gainera, iruditzen zait jendeari ahaztu egin zaiola naturan bizi garen animaliak garela. Sinetsia nago hobe genukeela naturan gehiago bizi, abere modura. Erraietatik bizi, azken batean, eta ez hainbeste antolaturiko gizarte baten barruan.
Galderak idatzi dituzu atal bakoitzaren bukaeran. Zertarako?
Galdera iradokitzaileak dira. Hausnarketa egiteko deiak dira. Probokatzaileak, agian.
Galderak ez dira nolanahikoak: Ama izaten jakingo al dut oraindik? Edo: Ama ona izatea al da hori? Ematen du zer pentsatua.
Zerbaiten seinale dira. Zer zurrunak diren amatasunaren gaineko ideiak, eta nola estutzen gaituzten. Gizarte honek, gizarte matxista honek, gauza asko eskatzen dizkie emakumeei: ama izatea, ama ona izatea, langile ona izatea; dena. Presioa itogarria da, eta ez da berria, belaunaldiz belaunaldi dakargun zerbait baizik. Horrelakoetan, beti etortzen zaizkit burura gure amonak. Orain badago pentsaera horren kontrako iritzia azaltzen duen jendea, borroka bat. Lehen zailagoa zen.
Eta aita onak? Horiei buruz, zer?
Ez dut uste gizonek horrelako presiorik dutenik. Garrantzi bera ematen zaio gizon bat aita ona den ala ez ikusteari? Ez zait iruditzen; eskatzen zaiena ez da bera. Gainera, zer da ama ona izatea? Ez dago erantzun zuzenik, norbait pertsona ona den zehazteko bezala.
Gaurkotasun handiko beste auzi bati ere heldu diozu: Duina al da ama beranduegi izatea?
Bai. Pentsa zenbat eztabaida dauden horren inguruan, zenbat erantzun eraiki daitezkeen horri buruz. Zientziari esker, gero eta geroago izan zaitezke ama, eta galdera asko daude. Hausnarketa hori ere piztu nahi dut.
Pixkanaka, gero eta literatur lan gehiagok landu dute amatasunaren gaia begirada kritiko batez: Katixa Agirreren Amek ez dute eta Alaine Agirreren Karena adibide dira, esaterako. Gaia boladan dago? Zer iritzi duzu?
Bai, ikusten da lan asko ari dela egiten horren inguruan. Asko pozten naiz, baina kezkatzen nau gaia nolabait modan egoteak ez ote duen albo kalterik ekarriko, arinkeriaz tratatzea adibidez. Nahiago dut naturaltasunez tratatu. Ez naiz aritu mezu jakin bat zabaldu nahian, nire bizipenak eta galderak azaleratzen baizik.
Eripoemia da zure azken-aurreko lana. Gaixotasunari buruz mintzo zinen, hurbileko gai batez, erizaina baitzara. Kontrara, zer harreman duzu fikzioarekin?
Gaia gero eta hurbilagoa edo errealagoa izan, gero eta zuzenagoa izan harekiko begirada, orduan eta errazagoa zait horri buruz idaztea. Fikzioan ere eroso sentitzen naiz; kontua da iruditzen zaidala fikziorik fikzionatuenak ere asko duela idazlearengandik. Sor ditzakezu pertsonaiak, deskriba ditzakezu inoiz gertatu ez diren gauzak, baina beti azaltzen da idazlearen bizipen edo sentipenen arrastoren bat, edo asko. Emozioetatik idatzi ohi da.
Zuk ere horietatik idazten duzu?
Guztiz. Azkenaldian ez diot asko erreparatu nire idazteko erari, baina esango nuke baietz, hori dela nire modua. Pasionala edo.
Lan franko argitaratu duzu azken urteotan. Ase ezinezko gosea da zurea?
Egia esan, orain pena sentitzen dut pentsatzen dudanean nolatan izan naizen hainbeste urte ia ezer idatzi gabe. Unibertsitate garaian hasi nintzen ganoraz idazten, baina, gero, alboratu egin nuen. Zorionez, gaur egun esan dezaket geldialdi horrek ez zidala gogoa itzali. Esango nuke orain inoiz baino maitasun handiagoz ari naizela idazten, bizitzako une gogorrenetan arnasa eman didan zerbait delako. Hori horrela izanik, nola ez dut bada idazten jarraituko.