Ohiturak aldatzeko, lehen esaldia euskaraz

Ohiturak aldatzeko, lehen esaldia euskaraz

Uharteko Gazteok Euskaraz sortu dute zenbait herritarrek, euskararen erabilera sustatzeko. Ikerketa soziolinguistikoa egin dute herrian: gazteen %66k badakite euskaraz, baina %2,8k baino ez dute erabiltzen.

E. Elizondo

Korrika joan den larunbatean pasatu zen Uhartetik, eta, egun berean, herri horretako Uharteko Gazteok Euskaraz taldean bat egin duten bizilagunek Lehen esaldia euskaraz kanpaina jarri zuten martxan. Hilaren 17ra bitarte, lehen esaldia euskaraz egitera deitu dituzte kolektiboko kideek herriko gazte guztiak, gaztelaniaren aldeko joera aldatu, eta beren arteko harremanak euskaraz gara ditzaten.

Kanpaina ez dute hutsetik sortu. Uharteko gazte talde batek erdigunean jarri du azken hilabeteotan euskararen erabilerari buruz duen kezka, eta zenbait urrats egin ditu, erabilera horrek gora egin dezan. Joan abenduaren 3an, manifestu bat argitaratu zuten, euskararen aurkako erasoak salatu, eta hizkuntza horren alde egiteko. Harago jo nahi dute, halere: “Euskararen alde egin bainoago, euskaraz egitera deitu nahi dugu jendea; bereziki, gazteak”, azaldu du Uharteko Gazteok Euskaraz taldeko Iker Mendibe Castillok.

Ikerketa soziolinguistikoa egin dute Uharteko gazteek, eta mahai gainean jarri dituzte datuak. Mendibe Castillok onartu du “txarrak” direla; izan ere, Uharteko gazteen %66k badakite euskaraz, baina gazteon %2,8k baino ez dute euskaraz hitz egiten. 15 eta 29 arteko herritarren ingurukoak dira datu horiek. Herrian, adin tarte horretako 857 gazte daude, eta haietako 277ri buruzko informazioa jaso dute Uharteko Gazteok Euskaraz taldeko kideek beren ikerketa egiteko.

Martxan jarri duten kanpainaren bidez, “gazteon hizkuntza ohiturak aldatu” nahi dituzte, Mendibe Castillok nabarmendu duenez. Lehen astea pasatu eta gero, kanpainaren eragina sumatzen hasi dela erantsi du: “Gazte gehiago entzuten dut herrian euskaraz, eta niri ere gehiagok egiten didate. Lehen esaldia euskaraz egiten bada, bigarrena ere euskaraz egitea errazagoa da”.

Euskaraz bizi

“Ez dugu hizkuntzari buruzko ikuspegi erromantiko bat nahi: euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, eta horren alde egiteko beharra”, nabarmendu du Mendibe Castillok. Horretarako, bertzeak bertze, herriko gazteen artean landu dute Nafarroako Gobernuak egindako merezimenduen dekretu berria. “Garbi esan diegu: B2 maila duzue? Bada, jada ez dizuete meritutzat hartuko”.

Kanpaina amaitu eta gero, euskararen erabilera sustatzeko lanean segitu nahi dute Uharteko gazteek. Zenbait egitasmo lantzen ari dira; bertzeak bertze, irakurketa taldeak sortzea eta guraso erdaldunak dituzten D ereduko haurrak etxeko lanekin laguntzeko saioak egitea. Uharteko Udalarekin ere aritu nahi dute elkarlanean, eta kulturgintzaren esparrua jorratu.

Argazkia: Uharteko Gazteok Euskaraz.