Egoerak okerrera egin du

NUPeko irakasle Cristina Garcia Vivarrek segida eman dio pandemiak erizainen osasun mentalean izan duen eragina aztertzeko iaz hasitako ikerketari: seigarren olatuak oinarrizko arretan ari direnei egin die kalte.

Edurne Elizondo

Orain okerrago gaude”. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle eta erizain Cristina Garcia Vivarrek pandemiak erizainen osasun mentalean izan duen eragina aztertu zuen iaz; abenduan zabaldu zituen datu nagusiak, eta agerian utzi zuten errealitatea: profesional horien %68k onartu zuten osasun krisiak beren buruko osasunari kalte egin ziola. “Orain okerrago gaude”, erran zioten hainbat erizainek Garcia Vivarri, datu horien berri eman eta gero. Seigarren olatuak eragin du egoerak okerrera egitea. NUPeko irakasleak segida eman dio iaz hasitako ikerketari, ondorioz, eta datuek, berriz ere, erizainek errandakoa berretsi dute: orain, profesionalen %83k diote pandemiak beren osasun mentalari kalte egin diola. Okerrago daude.

Nafarroa ez da salbuespen bat. “Nazioarteko zenbait ikerketak erakutsi dute erizainei bereziki eragin diela pandemiak”. Garcia Vivarrek erizainen lanaren ezaugarriekin lotu du datu hori: “Harreman zuzena eta jarraitua dute gaixoekin eta haien familiekin”. Bertzerik ere bada: “Lan baldintza kaskarrak dituzte anitzek; erizainena, gainera, sektore erabat feminizatu bat da, eta horrek ere badu eragina: ikusgaitasun txikiagoa dute, eta aukera gehiago osasun mentaleko arazoak izateko”.

Garcia Vivarrek zuzendutako lantaldeak 2021eko apirilean jaso zituen pandemiaren eraginari buruzko lehendabiziko datuak. Inkesta bat egin zuten Nafarroako Erizainen Elkargoko kideen artean, bai eta elkarrizketa sakonak ere, haietako hainbatekin. Datuek agerian utzi zuten pandemiaren lehendabiziko olatuek zahar etxeetan eta ospitaleetan ari diren erizainei eragin ziela, batez ere. Ospitaleetan, COVID unitateetan eta zainketa intentsiboetako unitateetan lan egiten dutenek sumatu zuten osasun krisiaren eragina, bereziki.

Lanbidea uzteko prest

Seigarren olatua pasatu eta gero, erizain anitzek errandakoa aintzat hartzea erabaki zuen Garcia Vivarrek: inkesta bat bidali zien elkargoan izena emanda diren profesionalei, berriz ere. Bigarren aldi horretan, halere, galdera berri bat erantsi zuen NUPeko irakasleak: “Jakin nahi genuen zenbatek pentsatu zuten lanbidea uztea pandemiaren ondorioz”, azaldu du.

Datu guztiak jasota, ondorioa nabarmena da: herrialdeko erizainen ia erdiek —%46,5ek, zehazki— utziko lukete lanbide hori aukera izanez gero. Garcia Vivarrek berretsi du faktore anitzek eragiten dutela erizainen egoeran, baina garbi du pandemiak arrasto sakona utzi diela profesionalei. Antsietateak eta depresioak jo ditu erizainak, batez ere, ikerketak agerian utzi duenez. Insomnioa ere badute anitzek, bai eta trauma osteko shocka ere. “Arduraren zama handia izan da guztientzat, eta anitzek nabarmendu dute, adibidez, errudun sentitu direla gaixoak bakarrik hil zaizkielako”.

Seigarren olatuak oinarrizko arretan ari diren erizainei eragin die, batik bat. Izan ere, txertoei esker, gaitzaren larritasunak behera egin du azken olatuan, eta ospitaleetan baino lan karga handiagoa izan dute oinarrizko arretako zentroetan. “Hori da lehen lerroa”, berretsi du Cristina Garcia Vivarrek.

Datuak eskuan izanik, “neurriak hartzeko ordua” dela uste du NUPeko irakasleak. Oinarrizko arretan eta egoitza soziosanitarioetan inbertitu behar dela uste du, batez ere. Urrats bat harago egin du, eta erdigunean jarri nahi izan du praktika aurreratuko erizainen beharra. “Bertze zenbait herritan badira, eta emaitzak hagitz onak dira, formakuntza berezia eta talde bat gidatzeko gaitasuna dutelako”, erran du Garcia Vivarrek.

Nafarroako Erizainen Elkargoko presidente Isabel Iturriozek ere inbertsioa eskatu du. “Erizain gehiago behar ditugu”. Garcia Vivar elkargoarekin elkarlanean aritu da ikerketaren prozesu osoan. “Kezka badugu, noski; finean, elkargoko zuzendaritzan garen guztiok lanean ari gara erizain gisa, eta zuzenean sufritu dugu pandemia gure lanpostuetan”, aipatu du Iturriozek.

Aitortzaren beharra

Nekea, antsietatea eta atsedenerako aukerarik ematen ez duten lan baldintza eskasak. Hori guztia ekarri du Iturriozek hizpidera. “Pandemia hasi eta gero, nola edo hala egin dugu aurrera erizainok; bertze erremediorik ez genuen, baina egoerak, azkenean, gainezka egin du”. Seigarren olatuan gertatu dena nabarmendu du erizainen elkargoko arduradunak: “Erizainoi gainerako sektoreei bezala eragin digu COVID-19ak, eta anitzek gaixo agiria hartu behar izan dute; horrek ekarri du lanean ari zirenen kargak nabarmen gora egitea”.

Erizainak behar direla berretsi du Iturriozek, eta behar dela, gainera, erizain horien gaitasunak zehaztea eta kontuan hartzea. “Irakaskuntzaren arloan lortu dugu gure lanbideak merezi zuen aitortza; espezialitatea egiteko aukera dugu, masterrak eta doktoretza egitekoa ere bai, baina kontratuak egiterakoan Nafarroako Gobernuak ez ditu gaitasun horien araberako lanpostuak eskaintzen”.

Gizartearen aitortza ekarri du pandemiak, neurri handi batean; hori uste dute Cristina Garcia Vivarrek eta Isabel Iturriozek. “Orain ikusten gaituzte”, erran du azken horrek. Pandemiaren hasieran zaintzaren garrantzia nabarmendu zela erantsi du Garcia Vivarrek, eta herritarren txaloak ekarri ditu gogora. “Erizainek garbi dute ez direla heroiak; beren lana egiten dute, eta lan hori baldintza onetan egiteko eskubidea dute”.

Txaloen garaia atzean gelditu zen, eta Garcia Vivarrek ezagutarazi du, hain zuzen, osasungintzaren arloko profesionalen aurkako erasoek gora egin dutela. “Sistema oraindik ez da lehengoratu; herritar anitz etsita dago osasun etxera jo eta komunikatzeko aukerarik ez duelako; horrek ekarri du, bertzeak bertze, erasoek gora egitea”.

Giro horrek ere badu eraginik profesionalen osasun mentalean. Garcia Vivarren datuak jaso eta gero, lehen neurria jarri du martxan Nafarroako Erizainen Elkargoak: laguntza psikologikoa eskainiko die nahi dutenei. Iturriozek ezagutarazi du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko arduradunekin ere harremanetan direla. “Udaberrian erizain gehiago kontratatuko dituzte”. Ontzat jo du, baina garbi utzi du adabakiak baino gehiago behar direla.

Datuak

5.700

ZENBAT ERIZAIN DAUDEN NAFARROAKO ELKARGOAN Nafarroan 5.700 erizain daude erizainen elkargoan izena emanda. Guztiei bidali zieten pandemiaren eragina aztertzeko inkesta, eta 840k erantzun zuten.

%88

ZENBAT ERIZAINEK ALDATUKO LUKETEN LANA Pandemiak erizainen osasun mentalean izan duen eragina aztertzeko azken ikerketak agerian utzi du haietako %88k lan egiteko tokia aldatuko luketela, ahalko balute.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.