Prezioek gora egin dute azken hilabeteotan. Kontsumitzaileek gasolinaren eta argindarraren garestitzeari aurre egin behar izan diote, bai eta oinarrizko elikagaienari ere. Kontsumo prezioen indizea %9,4koa izan zen martxoan.
Edurne Elizondo
Noiz utziko diote igotzeari?”. Elikagaien prezioen inguruko kezka eta haserrea agertu ditu Casilda Narvaezek galdera horren bidez. Iruñeko Santo Domingoko azokan egin ohi du asteroko erosketa Narvaezek, eta han erran ditu hitzok. Azokan da, baina begira, postuetara anitz hurbildu gabe. “Ongi pentsatu behar da erosi aurretik”. Sei seme-alabaren ama da, eta garbi erran du ezin diela nahiko lukeen guztia eskaini.
Narvaez ez da Santo Domingoko postuei begira gelditu den bakarra; poltsa eskuan edo gurdiari bultza eginez, anitz dira erakusmahaien aurretik pasatzen diren herritarrak, hango eta hemengo prezioei so. Narvaez ez baita prezioen garestitzeagatik kezka agertu duen bakarra. Santo Domingoko azokako saltzaileentzat ere “nabarmena” da erosleen artean dagoen ezinegona. “Denak kexatzen dira”, kontatu du Maite Zabalzak. Izen bereko barazki eta fruta postuaren arduraduna da Zabalza, eta “ulertzen” du erosleen haserrea. Azaldu du egoerak saltzaileei ere eragiten diela. “Guk baratzea badugu Iruñean, baina neguan kanpotik ekarri behar ditugu barazkiak. Almeriatik [Espainia] ailegatzen dira Mercairuñara, eta han jasotzen ditugu guk. Garraiolarien grebaren egunetan, batez ere, nabarmen egin zuten prezioek gora guretzat, eta guk ere gureak igo behar izan genituen”, adierazi du saltzaileak.
Ogia eta olioa
Otsaileko KPI kontsumo prezioen indizea %7,5koa izan da Hego Euskal Herrian. OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak erran du %9,4koa izan dela martxokoa. “Horrela jarraituz gero, 2022an etxe bakoitzak 500 euro gehiago gastatuko ditu oinarrizko elikagaietan”, ohartarazi du OCUk.
Oinarrizko elikagaien artean dago ogia, eta prezioen bilakaeraren adibide bihurtu da, prezioak gora egin baitzuen 2021. urtea amaitu baino lehen. Iruñean ogia saltzen duten okindegi anitzen hornitzaile da Monbake etxea, eta abenduan %9 garestitu zuen ogiaren prezioa: oinarrizko barraren prezioa 1,10 eurotik 1,20 eurora igo zen.
Iruñetik kanpo ere sumatu da ogiaren prezioa garestitu dela. Beran, errate baterako, ogiak 0,95 euro balio zuen iaz, herriko okindegietako batean; 1,10era igo zen urtarrilean, eta, apirilean, 1,20 euroan da jada.
“Prezioek behin gora eginda, zaila izaten da berriz jaistea; hori ez da inoiz gertatzen”. Iruñeko Santo Domingoko bezero Gloria Ramosenak dira hitzak. Erretiroa hartu zuen duela zenbait urte, eta pentsio duina jasotzen duela dio. “Nik ez dut arazorik, baina, egoera zaurgarrian dagoen familia batentzat, izugarria da gertatzen ari dena: jende anitz ariko da gaizki pasatzen. Argindarra, berogailua, gasolina… denak egin du gora!”.
“Oinarrizko elikagaiak dira gero eta garestiago saltzen dituztenak”, erantsi du Ramosek. Olioarekin gertatu zaiona jarri du egoeraren adibide gisa: “Erosten dudan oliba olioa 1,20 euro garestitu da hamabost egunean!”. Preziorik merkeena bilatzeko denbora badu Ramosek, eta tarteka egiten du. “Toki batean gauza bat dago merkeago, eta bertze bat garestiago. Eta merkataritza gune handietara joateko autoa hartu behar baduzu, horrek ere garestitzen du erosketa”.
Ederki daki Casilda Narvaezek. Iruñean bizi, baina Zangozan egiten du lan hark. “Lehen, 50 euro behar nituen astean gasolinarako; orain, ehun behar ditut. [Espainiako] Gobernuaren laguntza hutsean gelditzen da gasolina zerbitzuguneek prezioa igotzen badute”, salatu du.
Administrazioak esku hartu beharko lukeela uste du Narvaezek, egungo egoerari aurre egiteko. “Prezioak nolabait erregulatu beharko lituzkete. Denak egiten du gora, gure soldatek izan ezik. Akaso, karrikara ateratzeko ordua dugu”.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.