“Agertoki bat ere bada laborategi bat; piezak, esperimentu txikiak”

“Agertoki bat ere bada laborategi bat; piezak, esperimentu txikiak”

Dantza ikuskizun berri bat taularatu du joan den astean Led Silhouette konpainiak: ‘Los perros’. Bi dantzari oholtza gainean; Martxel Rodriguez horietako bat. Maitasuna, fideltasuna eta denbora giltzarri dira obran.

Uxue Rey Gorraiz

Emozio zurrunbiloa ez zaio ustekabean ailegatu Martxel Rodriguez dantzariari (Lesaka, 1990). Lehendik ere bazuen susmoa hala gertatuko zela, eta asmatu du, bete-betean: Led Silhouette konpainiaren eskutik, Los perros ikuskizuna estreinatu zuten joan den igandean, Lesakan. Biharamunean zen kazetariarekin solastatzekoa, eta hari aurreratu gisara zen Rodriguez: “Aje emozionalak jota”. Apirilaren 29an Iruñean taularatuko dute obra; 30ean, Altsasun; maiatzaren 7an, Lizarran, eta 8an, Tafallan.

Ohikoa duzu emanaldien ondoko ajea? Zer bihotzaldi duzu?

Bai, gehien-gehienetan gertatzen da, eta, dantzatu ez ezik kudeaketari loturiko lan guztia ere zuk egin behar duzunean, are nabarmenagoa da. Lesakakoa hagitz berezia izan da, eta, gainera, estreinaldiek badute berezitasun bat, publikoak lehenbiziko aldiz ikusten duelako emanaldia. Halere, gainontzekoetan ere gertatzen da. Hori dute arte biziek edo arte eszenikoek: momentuan gertatzen den zerbait direla. Atze-oihala irekitzean, dena ematen duzu, eta, ixten denean, hustualdia sentitzen da barrenean.

Zer kontatzen da Los perros-en?

Ez da istorio lineal bat kontatzen. Horren ordez, plastizitate handiko irudien segida bat planteatzen da. Bi pertsonaia gara, bizitzako hiru hagitz fase desberdinetan: umetan, geure adinean eta zahartzaroan. Baina ordena ez da kronologikoa, alderantzizkoa baizik, agure bezala hasten baikara. Gaiari dagokionez, denbora, bikote harremanak, fideltasuna, maitasuna…; horiek lantzen dira.

Izenburuari jarraikiz, zerbaiti zaunka egitea da asmoa?

Bai. Izan ere, bizi izan ditugun eta bizitzen ari garen krisien aurrean, errealitateari zaunka egitea da gure belaunaldiak bizirauteko duen modu bat. Horregatik erabili dugu zakurren iruditeria, baita gorputz aldetik ere. Bi alde konbinatzeko bide ematen du: zakurrek badute laztanak egiteko joera, baita beren nagusiekiko fideltasun handia ere. Aldi berean, zerbaiten aurka defendatu beharra badute, egiten dute zaunka.

Oier Zuñigak idatzitako testu bat ere baliatzen duzue emanaldian, baita off-eko ahotsean ere. Zertan aberasten du lana?

Oso baliagarria da publikoarentzat. Egia esan, ez zaigu gustatzen dena egina ematea; nahiago izaten dugu publikoak bere buruan bukatzea piezak, nork bere hausnarketekin. Baina, aldi berean, egia da dantza batzuk hagitz abstraktu gelditzen direla. Horregatik, eta nahiz eta ez zaigun gustatzen ulertu dutez dut ulertu dikotomian sartzea, uste dut euskarriak lagundu dezakeela pieza hurbilago sentitzen, familiarrago.

Marcos Morau koreografoarekin egin duzue lan. Zer moduz?

Marcos lagun-mina dugu, gauza asko partekatzen ditugu berarekin, konfiantza handia dugu, eta maisu bat da guretzat. Gainera, koreografia eta gorputz mugimenduak lantzeko duen teknika hagitz bisuala eta berezia da, eta ongi ematen du gure gorputzekin. Hitz ederrak baizik ez ditugu harentzat.

Nolako estiloa da berea, bada?

Mugimendu aldetik, singularra da oso; hagitz mugimendu zehatzak dira, tonizitate muskular handikoak. Disoziatuak ere bai.

Dantza garaikidean murgildua zara. Ordea, beste estilo batzuetan aritu zinen aurrena.

Euskal dantzekin eta balletarekin hasi nintzen. Unibertsitatean nintzela deskubritu nuen dantza garaikidea, lagun bati esker. Orduantxe jakin nuen zerbait lantzekotan dantza garaikidea izanen zela, hori izanen zela nire ogibidea. Halere, balleta DNAn dut, eta dantza garaikiderako aprobetxatu nahi dut hori.

Fisika ikasitakoa zara. Egiten duzu loturarik fisikaren eta dantzaren artean? Biak dira fisiko.

Bitxia da. A priori, badirudi bi munduek ez dutela zerikusirik. Gero, ordea, asko harritu ninduen ohartzeak baietz, badutela ikustekorik: harrigarria da fisikarekin loturiko zenbat kontzeptu zientifiko erabiltzen diren dantza profesionalean. Nola solastatzen den pisuari buruz, grabitateari buruz, nola aipatzen diren uhinak… Azken finean, agertoki bat ere bada laborategi bat; piezak esperimentu txikiak dira, emaitzak dituzte, eta, gero, emaitza horiek dira publikoari erakusten zaizkionak, nolabait.

2016an sortu zenuten Led Silhouette konpainia. Zer moduzkoa izan da orain arteko bidea?

Beti dugu sentsazioa kasik hasi berriak garela, baina ari dira urteak pasatzen, eta, ohartutakoan, ikusten duzu probatzen hasi zen hori jadanik bihurtu dela funtzionatzen duen konpainia bat. Ahalik eta gehien lan egiten saiatzen gara, gauzak ahalik duinena eta ongiena egiten. Halere, ezin da ahantzi hagitz sektore prekarizatu batean bizi garela. Neurri batean, Nafarroan gauza asko ditugu gure alde. Halere, ez da erraza. Eskerrak ez garela hasten lanean zenbat ordu sartzen ditugun kalkulatzen. Hala eginen bagenu, agian ez ginateke honetan ariko [barrezka].

Sarritan entzunen zenuten galdera: zergatik kokatu konpainiaren egoitza Lesakan?

2016an, proiektuarekin esperimentatzen hasi ginenean, Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian [Herrialde Katalanak] izaten ginen askotan. Baina, 2019an, konpainia formalki eratzea erabaki genuenean, Lesakara etortzea erabaki genuen. Iruditzen zait periferiatik sortzeak abantaila pila bat dituela, eta oso koherentea dela hemen aritzea. Gainera, gurean, proiektuetan aritzen den lantalde osoa etortzen da herrira: kideek hemen egiten dute egonaldia. Esan daiteke sorkuntzarako oasi bat dela guretzat.