Iritzia: Errusiar mendiak euskal larreetan

Iritzia: Errusiar mendiak euskal larreetan

Olatz Azpirotz Larzabal

Ez ditut, Ural mendiez gain, Errusian dauden mendiak ezagutzen. Hortaz, nire hitzek ez dituzte lurralde horretako mendi altu eta elurtuak egituratu eta marraztuko. Beste errusiar mendiak ekarri nahi ditut gurera; haurtzarotik edo lagun edo senideengatik ezagunagoak ditugunak, alegia. Egun, objektu guztiek dituzte forma zahar eta berri bana eta errusiar mendiak ez dira salbuespena: alde batetik, errusiar mendi klasikoak daude (tarte lerrozuzen ugari, kurba zenbait eta malda gutxikoak) eta twisterrak (bihurgune, muino, biraketa itxiko kurba ugari eta zati zuzen gutxi dituztenak).

Azkenaldian, zenbait twister errusiar mendi ikusi ditut gurean; aurretiaz ikus ezin daitezkeen kurbak, malda igo osteko bat-bateko amildegiak, eta denbora laburreko lasaitasun efimeroak. Dibertimenduaren aitzakiapean, ezagunak ditugun ibilbideen azaleratze bat, gurean alderdi askok izan baitituzte tarte zuzen luzeegiak. Zelenskik, Ukrainako presidenteak, Espainiako Gerra Zibilari buruz eginiko aipuak bat-bateko kurba eta maldak jarri ditu aurreko egunotan gerran eraildako euskaldunen errekonozimenduaren bidean. Malda noiz amaitzen den jakin ez eta komunikabide eta politikagile batzuen jarrerak ezarri zuen bat-bateko amildegi bat momentuz amaierarik ez duen ibilbidean. Behera. Norbaitek noiz frenoari emango zain. Lurra gertu. Gibela eztarrian. Aurpegiz. Apirilaren 14 eta 17ren etorrerak libratu ditu bagoiak istriputik, hainbat metroko lerrozuzena ezarriz ibilbidean; sinbolo bihurtutako egunek eragiten baitute askotan egonkortasun sentsazioa, ezustekorik gabe bideak eta presentziak aurrera jarraitzen dutelaren ikuspegia.

Horrela bihurtu baitituzte gure memoria gaiak errusiar mendi. Horrela eraiki baitituzte luzera ezezaguneko eta ibilbide zalantzazko dituzten errusiar mendi asko gurean. Horren arriskuaz jabetu behar garela uste dut, posible baita eta ez litzatekeelako lehenengo aldia izanen hamarkadetako aldarrikapen bati parean, espero ez zuen amildegi bat ezarri eta hortik jausi ostean, betiko isiltasun hutsal batean geratzea. Pentsamendu edo oroimenaren basoa ziztu bizian zeharkatzen duen katagorri bihurtua. Noizbait adarren bat apurtu eta krak entzuterakoan bertan dagoela jabetzen gara, baina epe laburrera itzaltzen den kontzientzia da. Besterik ez.

Gu memoria askoren parte gara; memoria indibiduala daukagu, baita harreman afektiboen memoria ere, ordea; komunitateari dagokion memoria da errail zuzen eta irmo gehien eskatzen dabilena eta behar dituena. Are gehiago hiru horiek bat egiten dutenean. Horregatik diot, agian, udaberriko hilabete honetako bi egunekin ez direla beharrezkoa den sendotzea eta bultzada ematen; askorentzat hilabete bateko kontua izatetik, udazkeneko kontua ere izatera igaro behar dela. Horrela agian, errusiar mendiaren ibilbidean aterabide bat sortu eta gure larre propioetan babesa eta lanketa eman diezaiokegu memoriari. Guri.