Gaur izanen da lehenengoa, eta maiatzeko ostiraletan gainerakoak. Bigarren Euskal Liga irabazi dute, eta taldea sendotzea dute asmo.
Edurne Elizondo
Denboraldia oraindik ez da amaitu, baina errugbiko Bigarren Euskal Ligak badu irabazlea: Baztango Menditarrak taldea nagusitu da. Biharkoa eta maiatzaren 7koa izanen dira azken jardunaldiak. Taldeak, noski, “ontzat” eman du emaitza, baina kideek oraindik ez dute erabaki hurrengo denboraldian zer egin; Lehen Ligan aritzeko eskubidea irabazi dute, baina maila horretan jokatzeko talde behar bezain sendoa izanen ote duten ez dakite oraindik. “Ekainean erabakiko dugu”, erran du taldeko jokalari Fermin Larraldek.
Taldea indartzeko asmoz, hain zuzen, eta jende berria erakartzeko, errugbia ezagutzeko saioak eginen dituzte Lekarozko zelaian; gaurkoa izanen da lehena, eta maiatzeko ostiraletan eginen dituzte gainerakoak. 20:00etan hasiko dira guztiak.
Aurtengo sasoian hamar gazte inguruk egin dute bat taldearekin; denboraldiaren amaierara, halere, lesioek jota ailegatu da Baztango Menditarrak errugbi taldea, ia hamar jokalari baitaude min hartuta. Zelaian hamabost jokalari aritzen dira, baina eserlekuan 23 egon daitezke. Kopuru horretara nekez ailegatu dira baztandarrak azken partidetan. “30-35 jokalari behar dira ongi egoteko; gu, orain, 25 inguru gara”, azaldu du Larraldek. Lehen Mailan aritzeko “bermeak” nahi dituzte, eta horregatik deitu dituzte herrialde osoko gazteak errugbia ezagutzeko beren saioetara.
“Nafarroan pilota eta futbola dira nagusi, baina guk uste dugu errugbiak ere baduela anitz emateko. Arauak, postuak, jokaldiak eta bertze jorratuko ditugu”, erran du Larraldek. Talde izaera bertze edozein kiroletan baino nabarmenagoa dela aipatu du, bertzeak bertze: “Bat ez da deus bertzeak gabe; nork bere tokia du zelaian, eta denen lana da garrantzitsua ongi aritzeko”. Larraldek erantsi du errespetuaren gisako balioek “pisu handia” dutela errugbiaren esparruan, eta bereziki lantzen dela kluben arteko harremana. “Hirugarren denbora dugu horretarako, harremana estutzeko. Zelaian gertatzen dena zelaian gelditzen da”.
Belaunaldi ezberdinak
Errugbia zer den ezagutu nahi duen edozeinek parte hartzen ahal du Baztango errugbi taldeak prestatu dituen saioetan: adingabeek, helduek, jokalari ohiek. “Herrialde osoko jendea etor dadila nahi dugu, orain ere herri bateko eta bertzeko jokalariak baikara taldean”, erran du Larraldek. Herri eta belaunaldi ezberdinetako jokalariek egiten dute bat errugbi taldean, eta denen arteko harremana “hagitz aberasgarria” dela nabarmendu du Larraldek.
Neskak ere aritzen dira errugbian Baztanen, baina hamalau urte betetzen dituztenean, federazioak lehiaketarako zehaztutako arauen ondorioz, emakumezkoen talde bat bilatu behar dute jokatu ahal izateko. “Gizonen taldea osatzeko ere lanak baditugu, are zailagoa da emakumeentzat”, aipatu du Baztango errugbi jokalariak.
Harrobiak duen garrantzia nabarmendu du Fermin Larraldek, bertzalde, eta lantzeko asmoz, hain zuzen, errugbi eskola dute Baztanen. “Herri kirolekin uztartzen dugu errugbia, haur eta gazte gehiago erakartzeko; bi jardueren arteko harremana bada, gainera”.
Eskola dute harrobia lantzeko; eta talde izaera sendotzeko, berriz, auzolana. Lekarozko igerileku zaharreko aldagelak erabiltzen dituzte errugbi taldeko jokalariek, eta auzolanean ari dira moldatzen. “Hori ere bada taldea batzeko modu bat”.
Liga amaitu eta gero, ekainean Sitgesen (Herrialde Katalanak) izanen dira Baztango errugbi taldeko kideak, lehiaketa batean parte hartzen. Hil horren bukaeran, berriz, erabakiko dute hurrengo denboraldian zer egin. “Lehen edo Bigarren Ligan ariko gara, batez ere, dugun jokalari kopuruaren arabera. Inportanteena da taldea sendotzea”. Lekarozko gaurko eta maiatzeko saioek zer emanen duten ikusi beharko dute taldeko kideek, erabaki baino lehen, hain zuzen. Herritarrak animatu dituzte parte hartzera eta errugbia ezagutzera.