Lohizune Amatria
Kezkaz jaso nituen Marine Le Pen Frantziako presidentetzarako eskuin muturreko hautagaiak bigarren itzulirako kanpainan eskualdeko hizkuntzen irakaskuntzari buruz Ouest France egunkariari esandakoak. Hizkuntzak frantziarren ondasunaren parte direla adierazi zuen, baina frantsesa dela errepublikaren hizkuntza: “Irakasteak ez du arazorik sortzen, baldin eta eskolaz kanpo egiten bada, edo elkarteetan. Baina ez ikastetxean, hor oinarrizko ezagutzak irakatsi behar direlako”.
“Euskara oinarrizko ezagutzatzat ez duen presidente bat izateko zorian izan dira ipar euskal herritarrak”, pentsatu nuen igandean. Datozen bost urteetan, gure hainbatek izanen dituzten bizi baldintzak ezarriko ditu Emmanuel Macronen garaipenak. Eskuin muturraren gorakadarekin eta mehatxuarekin arduratuta, bi aukeretatik bigarren okerrenak irabazi duela pentsatu dut, hasieran. Ez da, ordea, hain sinplea; testuingurua falta zaigu askotan irakurketak egiterakoan. Niri bederen, bai, kasu honetan.
Macronek Facebooken iaz idatzitako beste hitz hauekin oroitu naiz, orduan: “Frantziako hizkuntzak altxor nazionala dira”. Kristalezko kutxa batean, segurtasunez ongi inguratuta inork gutxik ukitu ez dezan, ongi gordetzen dira altxorrak museoetan. Horrela “babestu” du Macronek euskara, eta horrela egiten jarraituko du, pentsatzekoa denez.
Lizeoaren bukaera ezartzen duen Baxoa azterketa maiatzean izanen da. Ikasketak amaitu ondoren eginen den Brebeta proba, berriz, hilabete bat beranduago eginen dute Seaskako ikasleek. Bi kasuetan, frantsesez. Frantziako Gobernuak haurren hizkuntz eskubideen kontra egin du, eta ikasle, irakasle eta gurasoek desobedientziarako bidea hartu zuten hezkuntza ikuskaritzaren hiru egoitza okupatuz. Eskaerei ezezko eman die errektoreak.
Azterketak ezin euskaraz egin; gainera, euskarazko murgiltze eredua erabat mugaturik utzi dute. Frantziako Konstituzioak ezartzen du errepublikaren hizkuntza frantsesa dela, eta Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua “irakaskuntza publikoaren kasuan” konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen, maiatzean. Seaskaren barruan eta sare pribatu katolikoan, bai; ez, ordea, sare publikoan. Ba al dago ezberdintasunik Le Penen hitzen eta orain arteko politiken artean?
Nafarroa Beheretik sei kilometrora jarraitu dut hauteskundeen bigarren itzulia. Barañaindarren eta uhartearren artean dagoenaren baino distantzia laburrago batera; tamalez, gertatu dena nire sentitzeko muga izan den arroztasun eta ezjakintasun puntu batetik, aitortu behar dizuet. Pirinioetako bi aldeak beti izan dira loturik, baina azken bi urteek bateko zein besteko kultura hegemonikoaren gailentzea eragin dute; itxialdiek – etxekoa eta mugena – lankidetza eta harremanak zaildu dituzte. Testuinguru horretan joanen gara bihar Baigorrira, berriz zutitzera deitu gaitu-eta Basaizeak, kristalezko kutxatik ateratzera euskara eta herria.