“Mugen itxierak arras murriztu ditu gure arteko trukaketak”

“Mugen itxierak arras murriztu ditu gure arteko trukaketak”

Nafarroaren Eguna ospatuko dute bihar Baigorrin, pandemiagatik bi urtez bertan behera gelditu eta gero. Jendea «elkartzeko gogoz» dela erran du Maider Luro Basaizea elkarteko lehendakariak.

Edurne Elizondo

“Zuti gitezen berriz denak!”. Basaizea elkarteko lehendakari Maider Lurok (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1997) bere egin du bihar Baigorrin ospatuko duten Nafarroaren Egunerako hautatu duten leloa —Zuti gitezen berriz—. Besta gaztetu nahi dutela nabarmendu du.

Bi urtez bertan behera utzi eta gero, Nafarroaren Eguna ospatuko duzue bihar. Gogorrak izan dira azken bi urteok?

Bai. 2020an, dena prest genuen, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Ezin genuen deus presentziala antolatu, eta, ondorioz, egin genuen zuzeneko bat Kanalduderekin. Ontsa funtzionatu zuen; iaz gauzak lasaitu ziren, baina COVID ziurtagiria zegoen, eta ezin da horrelako egun bat antolatu horrelako murrizketekin, eta ez genuen deus egin. Aurten, azkenean, berriz ere aske gara, eta pandemiak bake pixka bat eman digu. Aurten, beraz, antolatu dugu, eta eginen da!

Aurten ere huts egin behar izateko beldurrez zineten?

Iazko abenduan hasi ziren erraten ziurtagiria kenduko zutela, eta maskara ez zela gehiago derrigorrezkoa izanen kanpoko ekitaldietan. Beraz, hasi ginen antolatzen. Ohi baino beranduago, ez baikenekien zer gertatuko zen. Azkenean, dena kendu dute, murrizketa guztiak, eta aurrera egin dugu.

Pandemiak nola eragin dio Basaizearen jarduerari?

Kulturak sekulako zanpaldia bildu du pandemiarekin. Dena gelditu da, eta gu ere, kultur ekitaldien antolatzaile gisa, gelditu gara deus egiteko aukera gabe. Sobera zaila zen zinez deus antolatzea. Egin ditugu gauzak kanpoan, bertso saioak antolatu ditugu, eta hilabete guztietako merkatua egitea lortu dugu, baina Basaizeak ere zailtasunak izan ditu pandemiagatik. Kulturak izan ditu zailtasunak, eta euskal kulturak, batez ere. Baina atxiki dugu, eta ahal bezain fite antolatu dugu berriz kulturaldi polit bat.

Mugen itxiera ekarri du pandemiak ere; nola eragin die bi aldeetako herritarren harremanari?

Horrek arras murriztu ditu gure arteko trukaketak. Zinez lotsagarria zen. Pandemia garaian bagenituen hemen Baigorrin militarrak karrikan. Frantziako Estatutik etortzen zen informazioa zen Izpegiko mugaren zaintzeko zela. Zer zaintza mota da hori? Ez zuten pandemia zaintzen; gizartea eta biztanleak zaintzen zituzten. Sekulako errepresioa sentitu dugu berriz, eta ez zen batere goxoa. Guretzat arras naturala da trago bat hartzera Erratzura joatea, adibidez, eta ezin genuen hori egin. Irudi zuen kontrabandistak ginela!

Muga inoiz baino nabarmenagoa izan da pandemian?

Bai, arras. Biziki gogorra zen. Gainera, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez genituen neurri berak, eta zaila zen Hego Euskal Herriko musikariak etorraraztea ere, adibidez, paperak behar zirelako.

Arazoak arazo, Zuti gitezen berriz lelopean hemen da Nafarroaren Eguna berriz. Sumatzen duzue gogo berezirik herrian?

Bai, arras. Aurtengo leloa ere horretarako hautatu dugu: zuti gitezen berriz denak! Zuti gitezen gu, kulturaren arloko dinamiketan garenak, bai eta herritar guztiak ere! Bada dinamika bat berriz partitzeko dena normal. Jendeak badu beharra eta gogoa elkartzeko, harremanak egiteko normalki, besarkatzeko [kar, kar, kar]. Erraten digute denek: “Azkenean, berriz!”.

Azkenean, berriz, Nafarroaren Eguna.

Bai; azkenean, berriz, dena; azkenean, berriz, goizeko ekitaldia; azkenean, berriz, dantza ikusgarriak izatea; berriz Euskal Herri osoko jiganteak ikustea; azkenean, berriz, bazkaria; azkenean, berriz, gaueko kontzertuak; eta, azkenean, berriz, giro hori, euskaraz pasatzea egun oso bat.

Aurten, gainera, larunbata izanen da; jende gehiago espero duzue?

Pentsatzen dugu jende gehiago etortzen ahal dela, baina ez da gure hautua larunbatean egitea. Nafarroaren Eguna hilabeteko azken igandean izaten da, baina, Frantziako presidentea bozkatzeko hauteskundeak zirenez, ezin genuen egin. Mugitu behar izan dugu data, eta pentsatu dugu aurten parada zela entseatzeko, eta larunbatean egiteko.

Autobusak ere antolatu dituzue, lehen aldiz.

Bai. Kanpin denda jartzeko tokia izanen da, eta autobusak ere, herri ezberdinetatik. Gauza berri batzuk antolatu ditugu, larunbata izanda. Autobusa iruditzen zaigu hobeki ekologiaren eta ekonomiaren aldetik, eta seguruagoa ere bada.

Nafarroaren Eguna ezagutzen ez dutenak erakartzea da asmoa?

Uste dugu jende berria etorrarazteko modu bat izan daitekeela. Nafarroaren Eguna gaztetu nahi dugu, eta nahi dugu gure balioak gazte horiengana arribatzea.

Zeintzuk dira balio horiek?

Guk mahai gainean jarri nahi dugu euskal kultura bizi bat behar dugula; iruditzen zait kultura ahazten dela politikari leku gehiago emanez. Gazteak inplikatzen dira talde politikoetan, eta, azken finean, kultura galtzen da. Ez du gehiago inork kantatzen, edo dantza taldeetan parte hartzen.

Kantua, dantza…; horiek ez dute lotura politikarekin?

Kultura egitea politika egitea da. Kulturaren bidez politika egiten dugu. Nafarroaren Eguna elkar ezagutzeko toki bat da, eta hortik elkarrekin proiektuak sortzekoa.

Argazkia: Guillaume Fauveau.