Zurgaiak, Basarteak, Gure Sustraiak erakundeak eta Nafarroako Unibertsitateak Bibos 6.0 proiektua garatu dute. Basoan murgiltzeak ongizateari on egiten diola ondorioztatu dute.
Edurne Elizondo
Basoan murgiltzeak on egiten dio gizakien osasunari. Horixe nabarmendu dute Bibos 6.0 proiektu pilotua garatu duten erakundeek. Zurgaia, Basartea, Gure Sustraiak erakundea eta Nafarroako Unibertsitatea aritu dira elkarlanean, bi urtez. Olloko basoak hautatu dituzte hamabi saioko programa bat garatzeko, desgaitasun intelektuala duten 45 pertsonarekin. Emaitzak ezagutarazi berri dituzte: zuhaitzek berez gizakien sistema immunitarioari on egiten dioten zenbait substantzia badituztela nabarmendu dute, batetik; bertzetik, basoak tresna eraginkor bat direla estresari aurre egiteko.
Japoniatik datorren jarduera bat da Bibos proiektuak ardatz duena; shinrin yoku erraten diote japonieraz: basoan murgiltzea bost zentzumenekin. Hori egin dute Olloko zuhaitzen artean: “Talde txikiak osatu eta, gidari batek zuzenduta, bost zentzumenekin murgildu dira parte hartzaileak basoko giroan”, azaldu du Basarteako Nati Gomezek.
Europan eta Amerikan ere bai
Bibos 6.0 proiektua aitzindari da Euskal Herrian, baina Japoniatik at, Europako bertze herri batzuetan ere aspaldi hasi ziren basoetan murgiltzeko programak garatzen; Eskozian eta Irlandan, bertzeak bertze. Europatik at ere —Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan, adibidez—, medikuek estresari aurre egiteko botika gisa egin dezakete baso murgiltze baten errezeta: hau da, gaixoek doan jaso dezakete natur parke batean sartzeko txartela, medikuak hala aginduta.
“Ez da gauza berri bat. Hemen ere jende anitz joaten da mendira eta gozatzen du basoan, baina harago joan nahi izan dugu, eta datuak jaso”, erran du Nafarroako Unibertsitateko irakasle Ana Villarroyak. Bibos 6.0 proiektuko azterketak egin ditu, basoek osasunean izan dezaketen eragina bi arlotan jorratuz: batetik, parametro fisiologikoak izan ditu kontuan, eta tentsioa eta bihotzeko koherentzia aztertu ditu; eta, bertzetik, basoan murgiltzeko saioen aurretik eta gero egindako galdetegien bidez, parametro
psikologikoak landu ditu.
Villarroyak egindako azterketak agerian utzi du, oro har, estresari aurre egiteko hagitz tresna eraginkorra izan daitekeela basoan murgiltzea. Nabarmendu du parte hartzaileen tentsioak behera egin duela, eta gora egin duela, berriz, bihotzeko koherentziak. Azken parametro hori neurtzen ere aitzindari izan dira Bibos 6.0 proiektuko kideak. Zehazki, bihotzaren taupaden arteko denborarekin dago lotuta bihotzeko koherentzia. “Taupaden arteko denbora ez da inoiz bera, baina estres egoera batean gerta daiteke hagitz irregularra izatea, eta lasai gaudenean, berriz, antzekoa”, kontatu du Villarroyak. Ollon egindako proiektuko emaitzen arabera, basoan murgiltzeak eragin du parte hartzaileen bihotz taupaden arteko denbora erregularrago bilakatzea. “Hau da, gora egin du bihotzeko koherentziak”.
Proiektuko arduradunek bideo batean jaso dituzte parte hartzaileen iritziak. Gure Sustraiak erakundeak artatzen ditu guztiak, Ollon. Bideoan nabarmendu dute hobera egin dutela, lasaiago daudela. “Basoan murgiltzea denontzat da tresna baliagarri bat gure estresa kudeatzen ikasteko”, berretsi du Ana Villarroyak.
Jarduera “bateragarria”
Basoan murgiltzeko programaren helburua da baliatzen duen ingurua ahalik eta gutxien ukitzea. “Parte hartzaileren baten beharretara egokitzeko baino ez dugu esku hartu; gurpil aulki baten bidea errazteko, adibidez”, azaldu du Nati Gomezek, eta erantsi du basoan murgiltzeko jarduera “guztiz bateragarria” dela aurretik dauden erabilerekin.
Proiektua bultzatu duten erakundeek Nafarroako Gobernuaren babesa jaso dute, bertzeak bertze. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilari Itziar Gomezen hitzetan, hain zuzen, Bibos 6.0 izenekoaren gisako proiektuak “diru iturri bat” izan daitezke basoetako jabeentzat eta herrientzat, eta lagun dezakete “enplegu kualifikatua” sortzen.
Jarduera non garatu ez da arazo bat, datuei so eginez: Nafarroan, 450.000 hektarea baso dago, herrialdearen %64, alegia.