“Ez dut ez zirriborrorik egiten, ez emaitza aurrez imajinatzen”

“Ez dut ez zirriborrorik egiten, ez emaitza aurrez imajinatzen”

Ingalaterran zelarik faltan sumatutakotik, artelanak sortu ditu Aitziber Iragik. Lehenbiziko erakusketa ondu du horiek bilduta: ‘Nomadak’. Irurtzungo Pikuxar Euskal Etxean da ikusgai, maiatzaren bukaerara arte.

Uxue Rey Gorraiz

Obrak norentzat sortuak diren galdetuz gero, dudarik egin gabe erantzuteko gai da Aitziber Iragi artista (Irurtzun, 1982). “Niretzat dira”, dio, alai. Arte Ederrak eta moda ikasketak egindakoa da Iragi, urteetako ibilbidea du atzean, baina orain zabaldu du erakusketa bat estreinako aldiz. Nomadak jarri dio izenburu, eta atzerrian zelarik sentitutako herrimina izan du inspirazio iturri, Itziar Matxainen argazkiak helduleku. Erakusketa sorterrian da ikusgai, hilaren bukaera arte: Irurtzunen, Pikuxar Euskal Etxean.

Lehenbiziko aldiz aurkeztu dituzu zure lanak erakusketa batean. Zer-nolako sentipenak ekarri dizkizu horiek bistararazteak?

Zaila da deskribatzen. Nire lanak oso pertsonalak dira, eta, egia esan, erakusketa batean aurkeztea proposatu zidatenean ez nekien zer erantzun ere. Pentsatuko nuela esan nien. Gero, animatu egin nintzen, baina damutu eta atzera egin nuen ondotik; azkenean, berriz baietz. Beldurra ematen zidan hain barrenetik ateratako gauzak erakusteak. Erditu egiten zara, eta ez nekien prest egongo ote nintzen kritika negatiboak kudeatzeko. Horrek frenatu nau beti. Pentsa: orain gutxi arte nire izena ez zegoen inon adierazia erakusketan.

Badakizu zehazki zerk eragina den esposiziorako beldur hori?

Uste dut izaera kontua dela, baina bakarrik honekin gertatzen zait. Are gehiago, esango nuke beste gauza batzuetarako nahiko lotsagabea naizela. Artearekin, berriz, sentimendu kontrajarriak ditut. Lan pila bat ditut eginak, karpetak eta karpetak gainezka, baina niretzat gorde izan ditut. Halere, orain oso pozik nago izandako harrera ikusita.

Zer kontatzen duzu erakusketan? Bada mezu jakinik?

Londresen bizi nintzela egindako lanak dira. Esan liteke proiektu handiago baten tarteko pauso bat direla, zati bat. Han nintzela, herrimin handia sentitu nuen; handik tiraka bururatu zitzaidan obrak sortzeko ideia. Pozik nengoen Londresen, pozik nengoen nahi nuena ikasten ari nintzelako, baina sorterriaren falta sumatzen nuen. Londresek gauza asko ditu, baina ez du hemengo natura, hemengo mendiak han ez daude, eta falta horretan aurkitu nuen inspirazioa, baita sentitzen nuen ezjakintasunean ere. Ez nekien zehazki non egon nahi nuen, zer egin, non nahiko nukeen bukatu. Lan hauetan daude nire ideiak, itxaropenak eta zalantzak.

Urteetako ibilbidea duzu egina orain arte. Estiloari so, bat egiten du aurretik eginikoarekin?

Nolabaiteko jauzia dagoela esango nuke. Nik askotariko teknikak nahasten ditut, gehien gustatzen zaidana esperimentazioa delako, prozesua. Gauza desberdinak probatzen saiatzen naiz. Batik bat horregatik, alde handi samarra dago aurretik egindakoekin.

Grabatua, akuarela, tintak, argazkiak, tenperak…; zein da horiekin guztiekin aritzeko gakoa?

Nire lan egiteko modua egiten uztean oinarritzen da. Ez dut aurretik ezer planifikatzen. Ez dut, adibidez, zirriborrorik egiten, ezta atera behar duena imajinatzen ere. Jolasten eta gozatzen saiatzen naiz. Bide hori segituta, batzuetan ateratzen dira gustuko ditudan gauzak, eta, berriz, beste batzuetan gauzek ez dute funtzionatzen. Halere, zirriborrorik ez izateak ez du esan nahi atzean saiakerarik ez dagoela: lan asko bidean gelditzen dira.

Nola jakiten da obra bat bukatua dagoela? Bada seinalerik?

Ez dago, ez. Ez da erraza izaten jakitea noiz gelditu. Batzuetan, sentitzen duzu zerbait gehitzeak lana hobetuko duela, eta gero konturatzen zara ezetz. Nik normalean zera egiten dut: gutxi gorabeherako zerbait lortutakoan, denbora pasatzen utzi.

Obrak beratzen uzten dituzu, beraz.

Bai, eta tarteka begiratu egiten ditut. Izan ere, lanak begien bistara uzten ditut, beste edozein gauza egiten ari naizen bitartean ikusi ahal izateko. Orduan ikusten dut obrak zerbait behar duen hutsuneren batean, duenarekin nahikoa duen edo ez.

Tarte horretan, aski zaizu zure begiradarekin, edo eskertzen duzu beste begi batzuen laguntza izatea?

Normalean, ez ditut nire lanak jendaurrean erakusten. Ni pozik egonda, orduan eman ditzaket amaitutzat. Badakit aberasgarria litzatekeela beste batzuen iritzia aditzea ere, lau begik bik baino gehiago ikusten baitute, baina nik nahiago dut niretzat gorde.

Itziar Matxain argazkilariaren irudiak dira zure lanen abiapuntu. Nola egin duzu lan horiekin?

Itziar lagun mina dut, eta proiektu gehiagotan ere egin izan dugu lan elkarrekin. Londrestik deitu nion, eta eskatu nion behar nuena. Irurtzun inguruko mendietako irudiak: adarrak, harriak, hostoak… Asko ezagutzen dugu elkar, eta, halakoetan, aise jakiten duzu beste pertsona zer ari zaizun eskatzen. Ederki egin dugu lan.

Musikan, artisten arteko kolaborazioak oso ohikoak izaten dira. Zure ustez, berdin behar luke arte plastikoetan ere?

Niri asko gustatzen zaizkit diziplinartekoak. Nahastea, probak egitea. Uste dut ondorio oso aberasgarriak ateratzen direla.

Hain zuzen, pinturan ez beste diziplina batean ere baduzu eskarmentua: modan. Horrekin loturiko proiekturik bai eskuetan?

Egia esan, nahiko utzia daukat. Moda ikasi nuen, egin ditut hainbat gauza, baina kontraesan asko sentitzen ditut. Modaren munduak atzean dituen balio asko ez datoz bat nire izaerarekin; ez nago ados sustatzen dituen estereotipo eta ideia askorekin. Nik modatik gustuko dudana sorkuntza prozesua da, arte plastikoetan bezala. Formekin, ehundurekin, koloreekin esperimentatzea. Alde artistikoa, alegia, eta horretan aukera gutxi daude. Halere, ez dut baztertzen josketa eta arte plastikoa uztartuta zerbait egitea. Hor bai sentituko nintzatekeela eroso.

Nomadatzat duzu zeure burua?

Ez dakit nomada naizen. Izatekotan, esango nuke pentsamenduen nomada naizela. Bilbon bizi izan nintzen 11 urtez, Txileko Santiagon gero, Londresen ere bai. Sentitzen dut aldaketarako eta eboluziorako gogoa, bai: leku batetik bestera horren bila mugitzeko irrika.

Inspirazioaren bilaketak ahalegin kontzientea behar du izan?

Niri dagokidanez, bi modutara gerta daiteke. Une jakin batean ustekabean etortzen ahal zaizu ideia bikain bat. Beste batzuetan, berriz, bidea guztiz desberdina izaten da. Gai jakin baten inguruan ikertzen hasi, eta zure obra izan daiteke ateratako ondorioen sintesi bisuala. Inspirazioa bat-batean sentitu edo bila joan, batak ez du bestea baztertzen.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.