“Sorgintzat zeuzkaten asko ziren alargunak; ez da kasualitatea”

“Sorgintzat zeuzkaten asko ziren alargunak; ez da kasualitatea”

XVI. eta XVII. mendeetako andre alargunei buruzko tesi bat egin du Amaia Nausia Pimoulierrek. Ertz asko aztertu ditu: lutoa, bizirik irautea, generoa eta epaia. Liburu batean jaso ditu orain ondorioak: ‘Ni casadas ni sepultadas’.

Uxue Rey Gorraiz

Bizitza erdia egin du Amaia Nausia Pimoulier historialariak (Iruñea, 1982) alargunen inguruan ikertzen. Tesi bat ondu du urteetan bildutakoekin, eta, hura oinarri, liburua argitaratu du orain Txalapartarekin: Ni casadas ni sepultadas. Las viudas: una historia de resistencia femenina (Ez ezkonduak, ez lurperatuak. Alargunak: erresistentzia femeninoaren historia bat).

Lauzpabost mende atzera egin, eta “etxeko jauna hil da” aditu. Senarra hil zaion andreari zer datorkio hurrena gainera?

Alde emozionalari dagokionez, batzuetan, ezkontza motaren arabera, akaso etor zitekeen mina edo bakardadea, baina ikuspegi materialetik, eta berdin klase baxu zein altuetan, alarguntzeak pobretzea ekartzen zuen. Are, XVI. mendean, lan munduan sexuaren araberako banaketa gero eta gehiago nabarmentzen ari zenean, senarrak etxera eramaten zuen dirua funtsezkoa zen, eta, beraz, haren heriotza kolpe latza zen emaztearentzat.

Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko garaia izan duzu aztergai, sistema kapitalistaren garapen garai betea.

Estatu modernoaren eraikuntzak eragin handia izan zuen herritarren bizimoduan. Boterea zentralizatu nahia zegoen, eta horrek zuzenean baldintzatu zituen emakumeak eta bazterretan gelditzen ziren guztiak. Doktrinamendua gogorrago bihurtu zen, eta, familiaren instituzioa ardatz harturik, diziplinatu egin ziren emakumeen jokabideak; bai eremu pribatuan, bai publikoan. Ulertzen zen familia bakoitza estatu txiki bat dela. Halakoetan, ziurtatu nahi izaten da kide bakoitzak oso garbi izatea bere rola zein den. Krisialdi betean, emakumeei esanen zaie zaintza eta amatasuna direla haien betebeharrak. Nahikoa dutela etxean gelditzea: zaintzen eta ama izaten, gizonaren mendeko.

Eta alargunek, beraz, zer?

Esaten da emakumeok ezin ditugula pasioak kontrolatu, eta, beraz, beharrezkoa dela gizon baten agindupean egotea. Aintzat harturik alargunek ez dutela gizonik ondoan, arriskutsuak dira sistemarentzat. Batik bat, askeago eta autonomoago ere badirelako senarraren heriotzaren ondotik. Garaian kezka sortzen zuten. “Zer eginen dute emakume horiek?”. Horregatik, kontrola bortitzagoa zen haien kontra.

Kezka horretatik abiatua da, hain zuzen, izenburua osatzeko oinarri gisa hartu duzun aipua: “Ezkondua ala lurperatua”.

Alargunei esaten zitzaien —gazteei, batez ere—: “Ezkondu berriz, ala hil”. Ordea, hainbat alargunek uko egin zioten horri, esanez ezetz, ez zirela berriz ezkonduko eta bizitzen segituko zutela. Ezezko hori, bakardade hori, berez zen sistemaren kontrako iraultza edo erresistentzia. Batzuek nahi gabe-edo egiten zuten, ez da zertan erromantizatu, baina, edonola ere, baziren erresistentzia.

Izan ere, alargun izaerak andre horiek jomugan jarri arren, senarra hiltzeak ez al zekarren kate batzuk haustea ere?

Bai, eta harrotasun sentimendua ere egoten zen batzuetan, eta errespetu eskea. Batzuetan, esaten zen alargunek berriz ezkondu nahi ez izatea ez zela izaten senarraren memoriaren ohoreagatik, baizik eta nahiago zutelako bakarrik egon, bakarrik bizi. Materialki, gainera, ematen zien boterea.

Zein ziren abantaila materialak?

Besteak beste, Nafarroan, emakumeek gaitasuna zeukaten senarraren ondarea kudeatzeko, alargun mantentzen ziren bitartean, eta alargun onak baziren.

Zer zen alargun ona izatea?

Sexurik ez izatea, oso hiztuna ez izatea, etxean gelditzea, mezatara joatea, sorgina ez izatea… Gainera, begirada eta interes asko ziren inguruan, beste oinordekoek oztopotzat baitzituzten.

Alargunen kontrako bortizkeria lotua zegoen adinkeriarekin?

Anbibalentzia zegoen. Batetik, gazteak zirenei dudarik egin gabe esaten zitzaien hobe zutela berriz ezkondu; bizirik irauteko estrategia bat ere bazen hori. Gainera, errazago zuten senar bat aurkitzea baldin eta gazte baziren eta seme alabarik ez bazuten. Gizon bati ez litzaioke hori gertatuko.

Eta zaharragoak zirenei, zer?

Adineko emakumeekiko ikuspegia oso ezkorra zen, eta da. Historikoki, askotan irudikatu izan dira, artean adibidez, itsustasun eta gorrotoaren sinbolo bezala. Eta, are gehiago, adineko alargun horiek erabakitzen bazuten berriz ezkontzea, esaten zen bizio kontua zela, edo deabruaren pertsuasioa zegoela atzean. Bestalde, sorginkeria egozten zieten %70-90 emakumeak ziren, eta asko ziren alargunak; ez da kasualitatea.

Senarra hil ondoko doluan, zer exijitzen zitzaion alargunari?

Negar gehiegi egiten bazuten, gaizki ikusia zegoen, histerikotzat hartuak zirelako, edo kristau txartzat. Berriz, hotzegi azaltzen baziren, malko nahikorik isurtzen ez bazen, esanen zieten ez zituztela senarrak aski maite, eta susmopean izanen ziren, hura hil izana leporatzeraino batzuetan.

Orainera etorrita, ondoan autoritate maskulinorik gabe bizi diren andreak arriskutsuak dira sistemaren begietara?

Heteropatriarkatuaren arauak apurtzen dituzten guztiak hartzen dira arriskutsutzat. Alargunak, bakarrik bizitzea erabaki dutenak, bollerak, transexualak…

Lanaren aurkezpen franko egin dituzu, eta alargunak izan dira horietan. Zer diote haiek?

Momentu askotan itogarria zaie hainbeste arau zeudela ikustea, alargunen bizitza hain zela irteerarik gabekoa eta epaiz betea. Bestetik, berriz, erresistentzia ereduak ikusi dituzte garai hartako alargunetan, eta, beraz, esperantza ere bai.