Zorraren zirkuituan, ziztu bizian

Zorraren zirkuituan, ziztu bizian

Nafarroako Gobernuak Los Arcosko zirkuitua saldu nahi du. Enpresa pribatu batek bultzatu zuen, 2006an, baina orduko lehendakari Miguel Sanzek parte hartzea erabaki zuen. 70 milioi euro publiko gastatu dituzte.

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuko lehendakari ohi Miguel Sanzek haitzuloaren irudia baliatu zuen, 2009. urtean, Los Arcosko zirkuituaren bideragarritasuna zalantzan jarri zutenei aurre egiteko. Herrialdearen garapenarekin lotu zuen azpiegitura hori, eta, ondorioz, babestu nahi ez zutenei “haitzuloetan bizi nahi” izatea egotzi zien. 2010etik, Nafarroako Gobernuak 70 milioi euro baino gehiago gastatu ditu zirkuitua kudeatzeko. Nafarroako Gobernuak salgai jarri du orain.

“Dirua xahutzeko lan faraoniko bat da, UPNren estilokoa; txostenik, plangintzarik eta justifikaziorik gabe egin dute”. Horixe salatu zuen EH Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek, otsailean, Nafarroako Parlamentuan Los Arcosko zirkuituari buruz egindako saioan.

Saio horretan, hain zuzen, Kontuen Ganberako presidente Asun Olaetxeak azpiegituraren inguruan egindako txostena aurkeztu zuen. Olaetxeak ezagutarazi zuen zirkuituak 60 milioi euro jaso dituela, 2010etik, diru publikotik; urtean milioi bat euro inguruko egiturazko defizita duela; eta Los Arcosko azpiegituraren inguruko operazio osoak eragin dituen interesak kontuan hartuta 70 milioi euro inguru gastatu dituela administrazioak. Parlamentuan, talde guztiek salatu zuten Los Arcosko zirkuituan dirua “xahutu” izana, Navarra Sumak izan ezik.

Enpresari mesede

Kontuen Ganberak egindako txostenak erdigunean jarri zituen Los Arcosko zirkuituari buruzko datuak. Baina hori baino gehiago egin zuen, ondorioztatu baitzuen Nafarroako Gobernuak mesede egin ziola zirkuitua bultzatu eta eraiki zuen enpresari. Txostenak zekarrenez, hain zuzen, enpresak udalerriz gaindiko eragina duen planaren araberako prezioan baino merkeago eskuratu zuen zirkuitua egiteko lurra, bertzeak bertze.

Vianako Construcciones Samaniego enpresak sustatu zuen Los Arcosko zirkuitua. 2006an eman zuten proiektuaren berri: asmoa zen ekimen pribatuko egitasmo bat izatea. Sei milioi euroko aurrekontua zehaztu zuten hasiera hartan, eta uste zuten 2008ko udazkenean lehendabiziko lasterketak egiteko moduan izanen zirela.

Hasieratik gelditu zen agerian asmo horiek errealitatetik urrun zirela. 2007ko apirilean, Nafarroako Gobernuaren SPRIN enpresa publikoa sartu zen proiektuan, kapitalaren %45ekin. Azpiegiturak 58 hektarea izan behar zituen hasieran, baina 74 hektareako zirkuitua egin zuten azkenean, eta hasierako aurrekontua 20 milioi eurora igo zen, garai hartan. Gastuak gora egindako bidearen hasiera baino ez zen izan.

Zirkuitua 2010. urteko ekainaren 19an inauguratu zuten, eta Los Arcosen egon ziren ekitaldi hartan orduko Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz, orduko Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari Alvaro Miranda —Itoizko urtegiaren eta Nafarroako ubidearen sustatzaile nagusietako bat izan zen, Herri Lan kontseilari zenean— eta Nafarroako Parlamentuko orduko presidente Elena Torres, bertzeak bertze.

Zirkuitua inauguratu zutenerako, SPRINen esku zen kapitalaren %95. 2009rako, 40 milioi eurokoa zen aurrekontua. 2010ean inauguratu eta handik gutxira, lehen txosten bat argitaratu zuen Kontuen Ganberak, eta agerian utzi zuen gastua 60 milioi euro baino gehiagokoa zela. Zirkuituak 2,6 milioi euroren galerak izan zituen lehen urtean.

Nafarroako Gobernuak Los Arcos Motorsport enpresa pribatuaren esku utzi zuen zirkuituaren kudeaketa, 2014ko otsailean. Enpresa horrek izan du azpiegitura horren ardura, 2019ra arte. Urte hartako uztailean bost urterako berritu zuen kontratua, baina handik gutxira atzera egin zuen. Nafarroako Gobernuaren NICDO arduratu da, ondorioz, orain arte. Salgai jarri dute orain Los Arcosko zirkuitua. Nork erosi zain da Miguel Sanzen proiektu kutuna.