Berako boluntario talde bat Gondendiagako benta moldatzen ari da, auzolanean, apirilaren bukaeratik. Lanak bukatzean, asmoa da benta herritar guztiek erabiltzeko moduko gune bilakatzea eta irekita uztea.
Ainhoa Larretxea Agirre
Gondendiagako benta, Benta Beltza, edo Heydiren etxetxoa. Izen anitz eta historia aberatsa ditu Sara (Lapurdi) eta Bera arteko mugan dagoen txabolak. Larhun mendiaren magalean dago beratarrek hainbertze maite duten txoko hori, Lizuniagatik ordu erdi bat eskasera. Denda edo benta izan zen aspaldi batean, baina, hura itxi zuten, eta urteak eman ditu abandonaturik, azkenean ia behera erori den arte. Orain, Berako herritar talde baten borondatez eta udalak finantzaturik, auzolanean moldatzeari ekin diote. Apirilaren 23an egin zuten lehen saioa, eta helburua uztaila bukaerarako bukatzea da, benta herritarrek erabiltzeko moduan uzteko.
“Lagun batzuk solasean hasi ginen, pena zela horrela egotea; zerbait egin behar genuela erran genuen, eta ikertzen hasi ginen benta norena ote den. Udalarena dela ikustean, haiekin harremanetan paratu ginen”, azaldu du Mikel Jaurenak, auzolana sustatu duen beratarrak. Udalak gogo onez hartu zuen proiektua, eta hala abiarazi dute auzolana. “Eraberritzea nola egin azaltzeko proiektua eta aurrekontua prestatu genituen. Anitz gustatu zitzaien alkateari eta arkitektoari, eta martxan hasi ginen”, erran du Jaurenak.
Izan ere, jabetza publikokoa da Gondendiagako benta, eta Aitor Elexpuru Berako alkateak gogo onez hartu du herritar taldeak martxan paraturiko ekinaldia: “Guri izugarri ongi iruditzen zaigu horrelako proiektu bat auzolanean egitea, horrek dakarren guztiarekin. Herria egiten ari gara”. Gainera, auzolanean egindako lanek balio erantsia dutela nabarmendu du: “Auzolanean egindako gauzak hobeki baloratzen dira, zaintzeko, eta bertze balio bat dute”.
Elexpuruk oroitu duenez, azken urteetan behin eta berriz errepikatutako gaia zen benta konpontzearena, nahiz eta azkenean aurten egin: “Iaz egiteko asmoa genuen, diru sail bat ere gordea zen, baina azkenean ez genuen egin”. Aurten, ordea, egitea erabaki dute, herritarrek hala eskatuta. Horretarako, gainera, Lizuniagatik Gondendiagako bentara arteko errepidea moldatu zuten lehenengo, eta ondotik hasi zituzten benta konpontzeko lanak, apiril bukaeran.
Larunbatero aritzen dira lanean, eta hamar-hamabi bat lagun elkartzen dira aldiro, “uste baino gutxiago”, Jaurenaren hitzetan. Harekin batera, zaharberritze lanak egiten ohituta dauden bertze bi lagun aritzen dira koordinazio lanetan, eta gainontzekoak, berriz, haien arrimuan lanean. Egun, pareten konponketa bukatzen ari dira, eta hurrengo urratsa lurra hormigoitzea, inguruan itxiturak egitea eta ur saneamendua egitea izanen dela azaldu du Jaurenak. Gainera, lanak egin bitartean, bitan zatitu dute txabola: alde batean, ohatzeak eginen dituzte, mendizaleentzako babesgune bat izan dadin; horrekin batera, beheko sua ere eginen dute.
Herritar denentzat irekia
Behin lanak bukatuta, hurrengo erronka heldu da: lekua zertarako erabiliko den adostea. Elexpuruk nabarmendu duenez, oraindik guztiz zehazteko badago ere, asmoa da herritar denek erabiltzeko moduan uztea. “Printzipioz, irekia egonen da, eta babesleku bat izanen da mendizaleentzat, edo baita otordu bat egin edo lasai egon nahi duenarentzat ere”, azaldu du. Iritzi berekoa da Jaurena ere: “Jendeak naturaz gozatzeko gune bat izatea nahi genuke, herritarrentzat irekia egonen dena lasai egoteko edo otordu bat egiteko”.
Irekia izatea nabarmendu dute biek. Edozein modutan, Jaurenak azaldu duenez, litekeena da gaizki erabiliz gero eta baldintza txarretan utziz gero itxi behar izatea, eta txandakako sistema bat edo giltza bat paratu behar izatea. Hori da eragotzi nahi dutena, hain zuzen.
Bada oraindik lana egiteko, eta, beraz, auzolanean parte hartu nahi duen orori gonbidapena egin dio Jaurenak: ” Larunbatero elkartzen gara, 08:00etan Lixoia ostatuan; hor kafea hartu, eta bentara joaten gara. Bada lana egiteko, eta nahi duena ongi etorria izanen da”.