Iritzia: ‘Dramatxoak’

Iritzia: ‘Dramatxoak’

Lohizune Amatria

Egokitasun osoz dramatxo izendatu zituen Ane Eslava kazetariak, duela bi urte, sanferminen inguruan iruindarrek dituzten kezkak, festak iristear direnean. Sanferminik ez zela izanen izan zen dramatxoa, 2020an; aurten, ospatuko direla, kartela hori edo bestea dela, Guns N’ Roses edo Rosalia etorriko direla.

Enrique Maiak trebeziaz erabili du sanferminen gaia hiritarrek beste alde batera begiratu genezan. Haren adierazpen xenofoboekin, Labriteko zaldainarekin, Sarasaterekin, udal baliabideen erabilerekin gutxiago kezkatu gara. Bitartean, isilean eta bulegoen barruan landu dituzte aurtengo sanferminak baldintzatuko dituzten erabakirik nagusienak.

Indarkeria Sexistaren Aurkako plataforma kalera atera, eta hitz egin duelako ezagutu dugu horietako bat. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean estrategia aldatu nahi du Navarra Sumak, eta emakumeen aurkako indarkeriaren aholkularitza taldearen egitekoa kamustuz saiatu da. Abenduan hasi ziren jaien gainean lanean, komunikazio kanpaina eta protokoloa lantzen; baina udala mugimendu feministaren indarra apaltzen ahalegindu da: “Protesta noiz eta nola egin dezakegun erabaki nahi du UPNk”. Noski, mugimendu feministak planto egin du. “Ez dugu onartuko”. Erasoen gaineko protokoloak Emakumearen Udal Kontseiluaren eta hiritarren berrespena du, eta hori errespetatzeko eskatu diote udal gobernuari, baita oposiziotik ere.

Erasoen berri emateak hiriaren irudia zikintzen duela iradoki du Navarra Sumak. Hortxe erabakiaren zioa. Sustatu nahi duten jai zuri-gorri hori zikintzen duen egiturazko indarkeriari, ordea, ezkutatuz ez zaio aurre eginen. Feminismoak erakutsi digu izendatzen ez dena ez dela existitzen; hau errealitate bat da. “Gure bizitzak daude jokoan”.

Afera ez da hor amaitu. Ostegun batean proposamena zena, handik bost egunera, onartutako eta publiko egindako komunikazio kanpaina bat zen. Aske, ni beti aske. Iruña, eraso sexisten aurka konprometituta leloa eta esku gorriak erabiliko dituzte aurten sanferminetan. 2014tik, udala eta mugimendu feminista elkarlanean aritu dira, baina hau bere kabuz egin du Navarra Sumak.

Feministek egoeraren berri eman zuten egun berean iritsi zitzaigun udal gobernuaren bigarren erabakia. Ez da txosnarik izango Baratxurien plazan, udalak 24 salmenta postu jarriko baititu bertan. Oharra ez da sorpresa bat izan. Enrique Maia alkateak 2019an aitortu zuen haren aburuz Herri Sanferminen jarduera “erabat neurririk gabekoa” dela eta Runa parkea leku egokiagoa dela horretarako. Ezinen zaio esan ez dionik tokirik egin herrigintzari, eta horretan zentratuko du seguru haren defentsa. Baina ezinen du hark ukatu, halaber, bazterrak erdigunera ekartzeko ahalegina egiten ari garen honetan, bazterrak baztertzeko politika darabilela etengabe.

Oraingoan ez da Maia izan sanferminak eztabaida publikora ekarri dituena, baina ukitu dituen honetan, espero dut -txo atzizkia -tzar bilakatuko dugula, hauek badirelako kezkatzekoak.