Iritzia: Beste jai eredu baten alde

Iritzia: Beste jai eredu baten alde

Bidatz Villanueva Etxague

Artista batek uko egin dio Iruñeko peña batean emanaldi bat eskaintzeari zezenketetara joatearekin ez dagoelako ados. Ez da eztabaida berria, duela hamarkada asko hasi baitzen zalantzan jartzen ekitaldi horren beharrezkotasun eta moral falta, baina duela urte gutxi batzuk debekatzen hasi ziren festetan animaliak erabiltzea, gizakiok ongi pasatzeko helburu bakarrarekin.

Ez da zentzuzkoa, ez etikoa zezena agonikoki hiltzea, poliki-poliki, toreroak sartutako ezpatek zutik mantentzea galarazi arte. Artearen izenean hori egiteak izaki bizidun horren sufrimenduak baino gehiago balio al du? Eta zer esanik ez zezen plazan sortzen den giroagatik eta festagatik doazenak, eta bizkarra ematen diotenak zezentokian gertatzen denari. Gizartean gertatzen diren injustizien metafora iruditzen zait, ezikusiarena egin norberaren onurarako. Jaia eta parranda egiteko hamaika modu daude, areago sanferminak bezalako jai batzuetan, tartean zezenketak bezalako ikuskizun gaitzesgarririk gabe.

Denbora kontua dela irizten dut halako jai ereduekin amaitzea. Ez dator bat egun aldarrikatzen diren oinarrizko balio etikoekin. Oraindik ospakizun askotan animaliak dibertimendurako modu krudelean erabiltzen diren arren, tradizioz hala izan delako, gizartearen noranzkoa eskubideetan aurrera egitea izan behar du, animalienak barne.

Euskal Herritik kanpo, sanfermin zalea zarela errateak eta solaskidearen gaitzespena sumatzeak barnea astintzen dizu pixka bat, hemendik kanpo zezenketekin eta entzierroarekin lotzen baitira, batik bat; jaia hori baino askoz gehiago da, ordea, ingurukoak batzeko gune bat, elkar ongi pasatzekoa, dantzatzekoa, aldarriak kaleratzekoa, baita memoria historikoaren leku ere.

Animalien aurkako indarkeriak esentzia hori guztia urratzen eta mezu arriskutsua jaurtitzen du gizartera: animaliekin edozer egin dezakegula, alegia. Txikia nintzela halabeharrez irentsi behar nuen gizontasunaren erakustaldi hura, jakinik hori ez zela egokia, baina buruari azaldu ezin zergatik: entzierroetara joan naiz, edo eraman naute, eta dibertimenduz ikusi nola bigantxek harrapatzen zuten hura edo bestea, mozkorrek nola heltzen zizkioten adarrak eta jendeak hura arbuiatu. Harrigarria da zenbat kontraesan sortzen diren plaza horren barruan: bigantxak nahi eran erabili, baina pasatu gabe.

Txikia nintzeneko irudi bat gelditu zait betiko iltzatua: herriko festatan bigantxa batek adarra hautsi eta odola zeriola izuturik zihoan alde batetik bestera, kale guztietan arrastoak utzita. Heldutan ikasi dugu askok horrek guztiak ez lukeela zilegi izan behar. Ziur naiz haurra nintzela animaliak modu horretan erabiltzeak eragiten dien sufrimenduaz hitz egin izan balidate, uko egin izanen niola ospakizun horietara joateari. Indarkeria modu bat da, eta urte luzez normalizatu dugu.

Garaia da peñek eta gizarteak animaliak ongi pasatzeko helburuarekin erabiltzearen aurkako jarrera irmo bat azaltzeko. Ez dago beharrik; hiritarren sektore baten nahiak gailentzea animalien sufrimenduari guztiz egoista da. Zezenketak tortura dira.

Argazkia: Aitor Garmendia-Tras Los Muros.