Goraki esan ezinezko diren horietan arreta jarri, eta fikziozko hamar narrazioz osaturiko lan bat ondu du Izaskun Etxeberria Zufiaurrek, Pamiela argitaletxearekin: ‘Esaten ez den guztian’. Altsasun aurkeztuko du gaur.
Uxue Rey Gorraiz
Pamiela argitaletxearen gerizpean, Esaten ez den guztian ipuin bilduma idatzi du Izaskun Etxeberria Zufiaurrek (Altsasu, 1964). Sorterrian aurkeztuko du gaur lana, Altsasuko Iortia kulturgunean, 18:30ean. Liburuan bildutako narrazioetan, trenbideen eta errepideen errailek inguru bat urratzen dute; baita pertsonaien erraiak irekitzen ere. “Bidaia barnerakoa da”, aitortu du idazleak.
Zenbat kabitzen da esaten ez den horretan?
Gauza asko eta asko. Izan behartuta edo horrela erabakita, uste dut gauza asko gertatzen direla esan ezinezko. Liburuko narrazioetan, pertsonaia guztiek dute horrelakoren bat. Batzuen kasuan, inkomunikazioa da isiltzearen motiboa; beste batzuetan, kontua da pertsonak komunikatzeko edo hitz egiteko zailtasunak dituela giza harremanetan, besterik gabe. Beste batzuetan, lotsa, edo ametsak edo ilusioak kontatzeko beldurra. Zenbaitetan, ordea, isilpean gordetzen diren horiek ez dira norberak isilduak, baizik eta beste batek isilaraziak.
Adibide zehatzik aipatzerik bai?
Garaian garaiko testuinguruak ekarritako arrazoiak sumatzen dira, oro har. Urte batzuk oso zailak izan ziren zenbait gauzari buruz hitz egiteko, eta uste dut oraindik ere ari garela hori pairatzen. Ezintasuna dago gauzak gertatu bezala kontatzeko. Eta, giza harremanetan, bai lehen bai orain, nahiko isilak gara. Esaten da euskaldunok itxiak garela komunikatzeko; batzuetan, egia da.
Liburuko pertsonaiek isilduak ahots gora esaten dira gero?
Pertsonaia batzuek bai, beste batzuek ez. Halere, uste dut irakurleak antzemango duela zer den pertsonaiak isildua duena, narrazioan argi eta garbi esan ez arren.
Modu esplizituan baino, nahiago duzu hitz erdizka azaldu?
Narrazioaren edo pertsonaiaren arabera. Baina kasu batzuetan bai. Badago atzera-aurrera bat, istorioan badago pixkanaka askatzen den hari bat, eta gauzak berez ulertzen dira.
Joan-etorriak ardatz dituzu liburuan, bideak; irakurleari bidaia txartel bat oparitu diozu nolabait. Zer paraje klase ikusiko du leihatilatik?
Ia mende bete irauten duen bidaia bat dago liburuan. Tarte horren lehenbiziko hamarkadetan, trenbideak egiten du bidea, historikoki ere hala izan baitzen. Ondoren, trenak indarra galdu ahala, errepideak hartu zuen lekukoa, eta kamioiak hasi ziren trenen ordez. Kamioien orroek isildu zituzten trenen txistuak. Trenbideak, baita errepideak ere, inguru bat urratzen du, onerako eta txarrerako, eta, horrekin batera, zerbait ekarri eta eraman. Batetik zein bestetik irakurleak ikusiko duen paisaia alegiazko unibertso moduko bat da, Altsuondo herria.
Denboran ere bidaiatu duzu. XX. mendearen hasieran girotuak dira ipuin batzuk; beste batzuk, 2010aren bueltakoak. Nolatan?
Saltoak daude, baina nolabaiteko jarraipena dago beti, baita istorioetan ere. Pertsonaiek garaian garaikoak nola bizi dituzten ikusita sumatzen da hori, eta ez bakarrik gertakari historikoak aipatuta.
Nola, adibidez?
Sentimenduen eta zentzumenen bidez sumatzen denak asko kontatzen du. Pertsonaiak zer dastatzen duen, zer usaintzen, ukitzen, ikusten duen; hori azalduz asko laguntzen zaio irakurleari testuinguru bakoitzean murgiltzen.
Liburuak bi atal ditu: Ferrila eta Eserlekuak. Ipuinek noranzko jakin batean egiten dute bidea?
Kronologiaz gainera, norabidea barnerakoa da. Bideetan barneratu beharraz ere hitz egiten da, atzera begiratzeaz, eta, zergatik ez, aurrera begira jarri beharraz. Intimotasunera egiten da bidea; bigarren atalean, batez ere.
Narrazioetako protagonistetako askok zurea ez bezalako soslaiak dituzte. Nolakoa da beste gorputz batetik aritzea?
Ariketa polita izan da beste gorputz eta buru batzuetan murgiltzen ahalegintzea. Pentsatzea nola biziko zuen egoera bat, adibidez, bere ametsa sekula bete ez zuen gizon batek, nola erreakzionatuko duen dena utzia duen eta bizitzea edo hiltzea igual zaionak. Ariketa bat dago atzean, finean.
Mozorroak janzteko, ezinbestekoa da zure jantzia eranztea?
Bai. Baina inoiz ez erabat. Idatzitakoa beti egongo da loturik entzun duzunarekin, ezagutu duzunarekin, irakurri duzunarekin.
Aitonaren bi anaiaren izenak aipatu dituzu pasarte batean.
Oso kontzienteki egin dut, memoria historikoari begiratuta batez ere. Negua ematen zuen udazkeneko gau hartan narrazioan, altxamendua gertatu berri da, eta pertsonaia bat azaltzen da beste bat konbentzitu nahian ihes egin dezaten. Momentu batean, batek zera esaten du: “Non daude zure aldamenekoak, Eloy eta Isidro?”. Horiek nire aitonaren anaiak dira. Boluntario joan ziren, eta Loiolan erori, ustez. Besterik ez genuen jakin, orain arte.
Zer gertatu da orain, bada?
Liburua Donostian aurkeztu baino hiru egun lehenago jakin genuen Donostiako Polloe kanposantuko frankisten mausoleoan hamazazpi milizianoren gorpuzkiak daudela; horietako bat, Eloy Zufiaurrerena. Poza hartu dugu, Aranzadi elkarteari esker.
Aurretik ere argitaratuak zenituen zenbait narrazio, baina hau da bakarka plazaratutako lehenbiziko liburua. Horrela erditzeak beldur handiagoa ematen du?
Bai, ingurukoek animatu nautelako egin dut, haiei esker. Plazara ateratakoan, bertigoa sentitzen duzu. Orain, irakurleena da hitza.
Literatur kritikak idatzi izan dituzu. Prest beste aldean egoteko?
Kritikak direnak direla, baldin eta benetakoak badira, ongi etorriak. Hori ere bada ikasteko modu bat. Orain arte, polita izaten ari da.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.