Bihotzaren hondoan

Castillo Suarez

(idazlea, eta Iñigo Aritza ikastolako ikasle ohia)

Haritzak hazten diren lekuan bizi gara

Haritzak hazten diren lekuan bizi gara.

Lur hauetan erakutsi diogu elkarri

idazten, zenbatzen, amets egiten eta maitatzen.

Auzoa zaintzen.

Bizitza nola joan den ikus daiteke

[hariztiaren bazterretatik.

Maiz kendu behar izan ditugu

[sasiak eta adar hautsiak.

Maiz konpondu behar izan

[ditugu hesola eroriak.

Baina gaur belar ona ekartzen

[digu burutara oroimenak.

Eta biharko eguna ere baso heze eta adartsu batean

[zabalduko dugu.

Arbolen azaletan idatzi ez

[direnak esan beharko bagenitu,

bulkada eder batek egin gaituela garen bezalakoak

[ esango genuke.

Gure haurtzaroa paraje honetara lotuta dagoela.

Gure maitatzeko eta borrokatzeko modua.

Gure hizkuntza.

Ikusi ditugu

ezpaldutako arbolak,

soilguneak,

lehorteak,

adaburu kaltetuak,

elur-erauntsiak,

txarrantxazko hesiak,

baina inoiz ez dugu galdu

garen bezalakoak egin gaituen lurra.

Heldu den neguari aurre egiteko behar dugun

[adorea.

Baina bakarrik ez gara ezer.

Bakarrik dagoen zuhaitzak errazago botatzen du

[haizeteak.

Bakarrik egindakoa ez da beste inoren

[bihotz-gogoetan geratzen.

Lurretik zerurantz doazen zuhaitz zabalak

Zeruari begiratzen diogu.

Lurretik zerurantz doazen zuhaitz zabalei.

Haien enborren korapiloek erakusten digute

ez diogula inoiz haizerik eman etsiari.

Aurrera joan gara,

baita bazter galarazietatik ere.

Erortzen diren hostoak

zuhaitzen azpian geratzen dira.

Sustraiek behar dituzte,

euria behar duten bezala.

Guk ere ez dugu askorik behar:

ametsak eraikitzeko toki bat,

lagunekin jolasteko babesleku bat,

hizkuntzak ikasi eta irakasteko etxe bat.

Arbolen barrenetik doa izerdia.

Hari esker dira landareak hostozabalak.

Guk ere geratzen ez den zerbait daramagu barrenean.

Oroitzapen sorta bat,

eta, aldi berean,

etorkizunerako bihozkada bat.

Zuhaitz baten taupada eta irmotasuna.

Dei dezagun euria

Landa ditzagun zuhaitz berriak.

Ikas ditzagun hitz ezezagunak.

Ireki ditzagun kamio zabalagoak

Dei dezagun euria.

Euritan berdatzen dira zuhaitz zaharrak.

Euritan hazten dira iralekuak.

Euritan hartzen dute sustraiek sakonera.

Euritan abailtzen dira adarrak.

Euritan ernetzen dira haziak.

Pozezko malkoak,

eta, tarteka,

galerek ekarritakoak.

Euria lainoetara bueltatzen da,

baina inoiz ez da berdina.

Hostaila ere aldatu egiten da urtaro bakoitzean.

Guk, ordea, ezin diogu utzi garen hori izateari.

Ezin dugu lan egin bihotza jarri gabe.

Zerrendatu nahi ditugu bihotz-zabal egiten gaituztenak:

denbora, lana, zaintza, arreta…

maitasuna, finean.

Txori bat agertu zaigu bat-batean.

Basoaren hizkuntzan ari zaigu.

Txoriek ez dituzte zuhaitz eroriak maite.

Nahiago dituzte adar sendoak eta altuak.

Horregatik erabaki du gurean geratzea.

Haziek jaiotzeko duten kemenaz

Urtero,

loreak hildakoan,

haziak sortzen dira.

Lurra jotzen dute,

babesean ernamuintzen dira,

adarren azpian,

koskatutako enborren arrimuan,

belar moztuaren gainean,

goizeko ihintzaren hezetasunean.

Etengabe berritzen da natura.

Eraldatze amaigabe baten lekukoak gara.

Haziek jaiotzeko duten kemenaz

iraun dugu urtez urte;

eraldatu gara,

busti gara,

loratu gara.

Haziek bizigaia daramate isilean.

Guk ikastola daramagu bihotzaren hondoan.