Amets Aranguren Arrieta
Azken klasea 15 urteko (A ereduko) ikasleekin hizkuntz eskolako azterketa egin aurretik. Ahozko probarako ereduak errepasatu ondotik, haiekin hitz egin nahi izan dut klaseko gaiek eskaintzen digutenetik pixka bat harago.
Landu ditugun azken hiru azterketa ereduek euskaltegia, mendia eta sagardotegia izan dituzte mintzagai. Askotan sentitu izan dut haiei erakusten ari nintzaien gure munduaren zatitxo hori niretzat ere arrotza zela. Edo, arrotza baino gehiago, ez nire egunerokoaren parte, eta are gutxiago euskararen mundutik at dagoen inori erakutsiko niokeena. Ez hori bakarrik behintzat.
Azken eredu horren gainean ari ginela, galdetu diet: “Zuek zer irudi duzue euskaldunez? Eta euskararen munduaz, oro har?”. Irribarre egin du E-k. “Egia da heltzen zaigunarekin eraikitzen dugun mundu hori ez dugula gero kalean ikusten”, esan du. “Harriak jasotzearena, adibidez”.
Beste aire bat arnasteko, burua gure burbuilatik pixka bat atera eta etxeko izkinaren bueltan dugun bizilaguna da E, eta gu gara irudi hori osatzeko materiala ematen diogunak, gurea da burbuilara hurbiltzeko luzatzen zaion besoa.
Bi mezu idatzi dit E-k iluntzean. “Amets, ideia hauek bidali nahi dizkizut lehen proposatu diguzunaren harira”.
“Agian, ni Iruñean bizi naizenez eta Iruñea Euskal Herritik hurbil dagoenez [bai, berarendako Euskal Herria EAE da, hori beste egun baterako meloia…], ez zait inoiz gurearen oso diferentea iruditu, askotan joaten naizelako eta beste edozein probintzia bezalakoa delako. […] Ezin dena da telebistan ikusten duguna errealitatearekin lotu, zeren eta, adibidez, euskaldun guztiak ez dira baserrietan bizi. Nik badakit ez dela horrela askotan joaten naizelako, baina Andaluzian biziko banintz, agian bai”.
Galdera birbideratu nahian erantzun diot orduan: “Eta nola uste duzu hurbil litekeela zu bezalako jendea euskararen mundura, kontuan izanda euskara Nafarroako kontua ere badela?”
Eta bota du: “Nire ustez, Espainiako historia ikasteaz gain, Nafarroako eta Euskal Herriko (EAE) historia ere emanen bagenu, konturatuko ginateke euskara beti egon dela hemen. Horrek kuriositatea eraginen lioke askori, ikasteko gogoa ere bai. Musikarekin eta zinemarekin ere sustatuko nuke. Go!azen bezalako beste telesailik balego nerabeendako, horrek eraginen luke telebistan ere euskara gehiago entzutea”.
Ikuspegiak ikuspegi, nor arduratzen da bizilagun hauek guztiak burbuilara hurbiltzeaz? Nor eta nola? Iruñean euskarara hurbiltzea ezin da ingelesera hurbiltzearen pareko izan, eta, esparru batzuetan, bada. Bitartean, guk zer egiten degu? Alkar jo. Zer egingo degu? Alkar hil. Hori ez…
Aitak gutxitan izaten du arrazoia (badakizue, hil ezazu aita eta gauza horiek denak), baina zubien eraikuntzari dagokionez, ados harekin. Zubiak eraiki nahi dituztenek badakite beste aldeko inor pasa litekeela bere aldera. Zubiak eraisten dituztenak, aldiz, beldur dira ez ote den inor haien ertzetik besteenera pasatuko. Oraingoz, ematen du ezetz, neguaren gordinean ez dela zubirik.