Nafarroako Gobernuak hasi du suteen aurkako udako kanpaina

Nafarroako Gobernuak hasi du suteen aurkako udako kanpaina

150 suhiltzaile laguntzaile kontratatu dituzte ohiko lantaldea indartzeko. Denera 550 suhiltzaile eta 120 basozain ariko dira lanean, urrira arte.

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak martxan jarri du suteen kontrako udako kanpaina: 150 suhiltzaile laguntzaile kontratatu ditu ohiko lantaldea indartzeko udako hilabeteotan. Denera, beraz, 550 suhiltzaile ariko dira lanean, urriaren 4ra bitarte. Baliabideek ere gora egin dute, ohiko bi helikopteroez gain beste bat ere izanen baitute suhiltzaileek datozen sei hilabeteotan.

Udako kanpainarako trebatutako suhiltzaileekin eta ohiko lantaldea osatzen dutenekin batera —laurehun—, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko 120 basozainek ere parte hartuko dute suteen kontrako lanetan. Denera, zazpiehun pertsona inguruko lantaldea osatzen dute.

Udako kanpainan, batez ere, Iruñetik beherako eremuei so izanen dira herrialdeko suhiltzaileak. Nekazarien lanak eragiten duena da kontuan hartu behar duten arrisku nagusia. Erdialdean eta Erriberan laborea biltzeko garaia dute, eta jarduera horrek eragiten ditu su gehienak. Nekazariek makinak erabiltzen dituzte uzta biltzeko; lurra lehorra dago, eta makinak sor dezakeen txinparta bakar bat nahikoa da sua pizteko. Udako beroak eta hezetasunik ezak ez dute laguntzen, eta, hego haizea badabil, litekeena da arazo handiak izatea.

Uzta biltzeko makina batek eragin zuen iazko Eguarasko barrutiko sutea, hain zuzen. Sute horrek 517 hektareari eragin zien; horietatik 332, naturagunekoak. Horrez gain, Bardeako hamalau hektarea kiskali zituen suak.

45 suhiltzaile gehiago

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute suhiltzaile izateko oposizioan parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda: 787 pertsona ariko dira lehian, 45 postu betetzeko.

Hautagaiek ekainaren 25ean eginen dute oposizioko test moduko lehendabiziko azterketa, Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian. Proba fisikoa izanen da bigarrena; lehen azterketa hori gainditzen dutenen arteko 120 onenak ariko dira horretan.