“Inoiz iritsiko da euskal unibertsitate fisikoa, ziur”

“Inoiz iritsiko da euskal unibertsitate fisikoa, ziur”

UEU Udako Euskal Unibertsitateak 50 urte bete ditu. Ospatzeko ez ezik, atzera begiratzeko ere baliatu dute urteurrena kideek. Edurne Kochek dioenez, anitz erein dute; «jaso ere, asko».

Uxue Rey Gorraiz

UEU Udako Euskal Unibertsitatea ospakizun betean da azken astoetan, mende erdiko bizialdia motibo. Zenbait hiritan antolatu dituzte festak; joan den astean Iruñean izan ziren. Edurne Koch (Donostia, 1973) da UEUren Nafarroako arduraduna. Ahotsa ziztuan alaitzen zaio UEUk herrialdean izandako bilakaera hizpide duenean. “Ikasle kopurua lehen halako lau da”, argitu du, pozik.

Udako Euskal Unibertsitateak badu zer ospatu. Zer moduzkoa ari da izaten urtebetetze festa?

Oso polita ari da izaten. UEU festa asko antolatu ditugu, websail bat sortu dugu… Dugun ilusioa azpimarratuko nuke, baita ilusio hori gainerakoekin partekatzeko gogo handia ere. Gainera, jende asko ari da etortzen festetara.

Sumatzen duzue haien beroa?

Bai. 50 urtean uzta ikaragarria erein dugu, eta, horri esker, jaso ere asko jaso dugu aldi berean. Gainera, UEUren filosofiaren oinarrietako bat elkarlanean aritzea da. Hau ez da soilik UEUren urteurrena; euskalgintzan dabilen jende askorena ere bada, gure bidelagun izan diren guztiena.

Hain zuzen, Nafarroako bidelagunekin izan duzue festa berriki: iragan astean, Iruñeko Laban.

Ilusio berezia genuen horrekin, proiektua sortu berria delako, eta izan duen prozesuagatik. Jende gazte asko etorri zen festara, eta hori oso pozgarria da, adierazten duelako soka bat datorrela atzetik. Gazteria dator atzetik, gogotsu eta proiektuarekiko atxikimenduarekin.

Aski urrun da lehenbiziko ikastaroa: 1973ko abuztuaren 29an. Zenbat hazi da UEU ordutik?

Lagun kopuruari dagokionez, orduan ez zen hain jendetsua, baina imajinatu euskarak zer leku zeukan duela 50 urte eta zein duen orain. Edonola ere, hasierako pauso horiek oso inportanteak izan ziren, garai haietan buru-belarri ibili zirenen ilusioa eta lana, batez ere. Mirari bat izan zen ia, eta ordutik asko hazi gara, bai proiektuetan bai lantaldean, eta esparru gehiagotara zabaldu gara.

Izan ere, Udako Euskal Unibertsitatea jada ez da udakoa soilik.

Hori da. Jardunaldiez aparte, urtean zehar ere egiten ditugu gauzak, eta, bestalde, liburugintzan ere egiten dugu ekarpenik. Azken batean, euskaldun kopurua handitu ahala, eta horiek profesionalizatuz doazen heinean, beharrak ere aldatzen dira, eta egokitu beharra dago. Horretaz konturatu ginen orain dela hamabost bat urte, eta apustu sendoa egin genuen. Gaur egun, oso eskaintza zabala dugu udatik kanpo ere, udan dugunaren adinakoa edo are zabalagoa. Etenik gabeko formakuntza asko ditugu, aberatsak, eta prestakuntza espezializatuagoak ere bai; irakasle masterra, adibidez. UEU etengabe ari da hazten.

Eta noraino nahi zenukete hazi?

Gure ametsa izango litzateke euskal unibertsitate bat sortzea; hasieran fisikoki ez izan arren, behintzat Internet bidezkoa.

Zenbateraino da egingarria?

Dagoeneko izugarrizko lana egin da horretarako. Batzorde bat sortu zen orain dela urte batzuk, proposamena lantzeko. Kontua da hori ez dagoela gure esku: erabakia politikoa da. Online unibertsitatea sortzeko proiektua, berriz, bideragarriagoa ikusten dugu. Dena den, fisikoa ere iritsiko da inoiz, ziur; esperantza dugu.

Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea da UEUren ardatzetako bat. Lortu da harreman sendoak izatea?

Guk zera esaten dugu beti: kultur elkartea gara, gure izaera juridikoa hori da, baina, aldi berean, zubi lana egiten dugu EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin. Elkarlanean aritzen gara liburugintzarako, euskarazko ikastaroak sortzeko…

Hein handi batean UEUk eginiko lanari esker, EHUn gradu gehienak ikas daitezke euskaraz. NUPen, ezin esan halakorik.

Euskarari buruzko azken diagnosian azaldutako datuaren arabera, ikasleen %28 dira euskal hiztunak. Unibertsitateak badaki hori, eta, pixkanaka, hasi dira gradu batzuetako ikasgai batzuk euskaraz ematen. Eskea hor dago, gazteena, eta erantzun beharko zaio. Agian, aldaketa ez da iritsiko goitik, baina ikasleek ekarriko dute, beharra gero eta agerikoagoa izango baita. Guk gure esku dagoen dena emango dugu.

Zer eskain dezakezue egun?

Gradu ofizialik ezin dugu eskaini, baina ikastaro laburrak bai, pilula modukoak. Horiei dagokienez, inportantea iruditzen zait emandako pausoa aipatzea: NUPekin egindako elkarlanari esker, ikastaro horiek egiten dituzten ikasleek kredituak jaso ditzakete trukean. Orain dela pare bat urte lortu genuen hori; esanguratsua da.

Bost hamarkada hauetan eginiko lanak balio izan du zenbait aurreiritzi eraisteko. Adibidez: zientzia ezin dela euskaraz egin.

50 urte hauetan zerbait frogatu bada, hori frogatu da: goi mailako jakintza ere landu daitekeela euskaraz, talentu eta kalitate handiz.

Euskarazko ikerkuntza sasoiko dago? Ikerlari asko daude?

Oso kontent gaude; ikerlari gazteekin, batez ere. 2015ean Ikergazteren bigarren aldia egin zen, Iruñean, eta orduan konturatu ginen eta frogatu genuen euskarazko ikerketa egin daitekeela eta bultzatu beharra dagoela. Ikusi genuen gazte asko gogotsu daudela horretarako. Garbi ikusten dugu badagoela erreleboa hartuko duenik.

Nolakoa da aurtengo udako eskaintza?

Guztira 21 jardunaldi izango dira Euskal Herrian; hemen horietako bi, Iruñean: Katakraken, ekainaren 27an eta 28an. Elkarlanean eginak dira, gainera; Elhuyarrekin, eta Uemarekin eta Kontseiluarekin. Horretaz gain, badugu berezitasun bat: Nafarroako Gobernuarekin batera eskaintzen ditugun ikastaroetako batzuk udan ere eskaintzen ditugu.

Oro har, zer-nolako harrera du UEUk Nafarroan?

Ikusgaitasunean asko irabazi dugu, eta hobera ari gara. Ikasle kopuruari dagokionez, zenbatekoa laukoiztu egin da. Zenbait urtetan egoera oso gogorra izan da; batik bat, beste kolore batzuetako gobernuak izan ditugunean. Orain hitzarmenak ditugu gobernuarekin, eta hobera ari gara

Zein ikastaro motak erakarri ohi du jende gehien?

Azken bi urteetan, feminismoarekin lotutakoek izan dute arrakastarik handiena, argi eta garbi. Itxaron zerrendak sortu ohi dira.

Azken bi urteak aski zailak izanen ziren izurritea dela eta. Indarberritu zarete dagoeneko?

Egia esan, pandemia iritsi zenerako guk urte batzuk generamatzan online eredua erabiltzen, eta erraza izan zen egokitzea. Ez dugu sufritu. Halere, ikastaro batzuek nahi eta nahi ez izan behar dute aurrez aurrekoak, eta, beraz, bai; gogotsu gaude inolako mugarik gabe aritzeko aukerak izateko.