Iritzia: Kontaketa mutuak

Iritzia: Kontaketa mutuak

Olatz Azpirotz Larzabal

Hasierak askotan zailak izan daitezkeenez, aurreko egunean Eider Rodriguezen azken eleberrian (Eraikuntzarako materiala, 2022) irakurritakoa ekarriko dut: “Isiltasuna antzeztu behar dut hitzek zentzuren bat izan dezaten eta, hala ere, isiltasun sinesgarrienak ez du zentzua segurtatzen. Agian dena da hizkuntza arazo bat. Hasieratik”.

Esaldi hauekin identifikatuta sentitzeaz gain, behin eta berriz, etengabe suertatzen den jokabidea dela iruditu zitzaidan, haurtzarotik era inkontziente zein kontzientean guztiok egiten baitugu. Horregatik esan daiteke, isiltasuna sortzea, modu itxian edo arinean eraikitzea, jarraian, gorpuztea eta azkenik, aurrera eramatea beti dela gure defentsa mekanismo edo babesteko mekanismoen katalogoko aukeretako bat; bizitza antzaldatzeko modu bat, alegia. Agian, aukera errazenetako bat ere bada, segur aski kanpo-baldintza zehatz eta konplexurik behar ez duelako, baina ez, isiltasunak ez dio beti interpreteari onurarik egiten. Halere, oro har, kontzientzia zein oroimena egituratzen duten bizipenak ezkutatzeko aukera bikaina da askotan isiltasuna.

Nahiz eta haurtzaroan inguruko isiltasunaz jabetu, azken egunotan orainaldira ekarri dizkit oroimenak elkarrizketa eten horiek, bat-bateko isiltasun mingotsak, eta nahiz eta ni faktore bat ez izan, ezusteko begirada mingarriak. Itzulera horren jatorria Nafarroako oroimen historikoak eta gu horren parte garen heinean, nafarrok izan dugun Josefina Lambertoren heriotza izan da; hamarkadetan zehar, gerra zibileko basakeriak salatu eta bere familiakideen errekonozimenduaren ibilbide gogorraren lekukoa izandakoa. Lizarra, Erriberri, Iruñe, Zangoza eta Tuterako merindadeek galdutako ahotsari urruka jarraitzen dute. Denborak eta bizitzek aurrera jarraitzen duten heinean, gutxitzen baina irmo mantentzen den isildutakoaren ahotsa izandakoa.

Akaso, askok, Josefina Lamberto zuten gerra zibileko lekukotasunen artean ahots ezagunena, eta kasu batzuetan, ez euren interes falta edo nagikeriagatik, baizik eta betidanik, nahiz bokal eta kontsonanteen artikulazioa sorrarazten saiatu, inguruan isiltasuna jaso dutelako, segur aski, isiltasuna kontaketa egiteko baliabide gisa aukeratua izan delako; hori ere guztiz zilegi da. Ordea, nahiz eta keinu fisikoak ikusi eta aintzat hartu, nahiz eta segundo batean mihiak ezpainak hezetu, begi kliska azkarren bat identifikatu edo masailezur estutze bat ikusi, inoiz ez dugu isiltasun horrek kontatzen diguna egiazki jakin. Denborarekin posible da ezustean entzun, ikusi edo topatutako pistaren bat aurkitzea eta interpretazioak oinarria hartzea, edo ez. Agian, ez ditugu inoiz gure hiztegi propiotik hitz zein tonu egokiak aukeratu eta, agian bai, isiltasun honetan, hizkuntza arazo bat daukagu.

Halere, denborak ez du barkatzen, eta gerra zibileko belaunaldiak murrizten doaz, haietako gehienek duten garrantzia jakin gabe, soberan ezagutzen dugun isiltasun batean bildurik. Agian, garrantzia ezagutaraztea izan daiteke isiltasun ekitaldia eten eta komunikazioa erraztu dezakeena.