Beti Onak Ohorezko Mailan ariko da. Duela bederatzi urte Itxako desagertu zenetik, ez da izan herrialdeko ordezkaririk eskubaloiaren maila nagusian. Beti Onak-eko kapitain Olaia Luzuriaga eta Itxakoko kapitain ohi Andrea Barno lortutakoaz aritu dira.
Edurne Elizondo
Eskerrik asko!”. Olaia Luzuriagak irribarre zabal batekin erran ditu hitzok, Andrea Barnok zoriondu eta gero. “Orain oporrak?”, galdetu dio Itxakoko kapitain ohiak Beti Onak taldeko kapitain Olaia Luzuriagari. “Bai, bazen garaia! Luzea egin zaigu denboraldia!”.
Lizarran bat egin dute bi emakumeek. Eskubaloiaren oraina da Luzuriaga (Iruñea, 2001), eta Atarrabiako Gurpea Beti Onak taldearekin lortutakoa ospatzen ari da: Espainiako Ohorezko Mailan ariko dira hurrengo sasoian, maiatzean Arrecifen (Espainia) igotzea lortu eta gero. Andrea Barno (Lizarra, 1980), berriz, herrialdeko
eskubaloiaren urrezko iragan hurbilaren ikur da. 2012an utzi zuen pista, eta handik urtebetera desagertu zen taldea, arazo ekonomikoek itota. Lau aldiz irabazi zuen ABF Liga; hiru aldiz Espainiako Kopa, eta bitan Espainiako Superkopa; EHF kopa ere irabazi zuen Itxakok, 2009an; eta Europako txapeldunorde izan zen, Norvegiako Larviken aurka finala jokatuta, 2011ko maiatzean.
Ia dena lortu eta gero desagertu zen Lizarrako taldea, beraz. “Egitura guztia desagertu zen, bat-batean; egun batetik bertzera, deus ez. Garrantzitsua da urratsez urrats aurrera egitea, gogor lan egitea, eta asmo handiko helbururik ez zehaztea”. Barnoren hitzak adi entzun ditu Olaia Luzuriagak. Badaki jauzi handia izanen dela hurrengo denboraldian eginen dutena, baina uste du urrats sendoak egin dituztela orain arteko bidean, eta bide beretik segituko dutela aurrera, harrobiari balioa emanez. Ohorezko Mailan hasteko irrikan da, “ikasten eta hazten” segitzeko ilusioz.
2013ko argazki bat
Kapitaina eta kapitain ohia; jokalaria eta jokalari ohia; hori baino gehiago ere bai: “Andrea Barno eta Itxakoko gainerako jokalariak erreferente bat izan dira niretzat: gurasoek Lizarrara ekartzen ninduten, partidak ikustera. Haiengatik naiz ni eskubaloi jokalaria”, erran du Luzuriagak.
Bereziki, Andrea Barnorengatik. Luzuriagak 2013an egindako argazki bat eraman du Lizarrara, eta Itxakoko jokalari ohiari oparitu dio. Barno eta Luzuriaga ageri dira irudian. “Baina zenbat urte zenituen zuk hemen?
Eskerrik asko, hagitz opari polita da!”. Luzuriagak 12 urte zituen Atarrabian egindako argazki horretan. “Eskubaloiaren besta egin genuen, eta zu etorri zinen bisitan”, gogorarazi dio Beti Onak taldeko kapitainak Barnori.
Luzuriaga 11 urte zituenean hasi zen eskubaloian jokatzen. Anaitasunan egin zituen lehendabiziko urratsak, eta, handik, Atarrabiara joan zen; herri horretako taldean, Beti Onak-en, egin ditu azken lau urteak. Gogoan ditu gurasoekin Lizarrako kiroldegian ikusitako Itxakoren partidak, baina pena du adinagatik ez zituelako disfrutatu gaur eginen lukeen moduan. “Orduan ez nintzen pistan ziren jokalarien kalitateaz erabat ohartzen; ongi pasatzen nuen, baina, orain, beste modu batera disfrutatuko nituzke partidak”.
Atezaina da Luzuriaga, eta Silvia Navarro ere badu erreferente, Itxakoko atea zaindu baitzuen urte luzez. “Sekulako jokalaria da: 43 urte ditu, eta sasoi betean segitzen du”, nabarmendu du Beti Onak taldeko kapitainak.
Luzuriagari begiak pizten zaizkio Navarrori buruz ari denean; Barnoren ondoan ere sumatzen zaio Itxakoko kapitain ohia ezagutu izanak poz handia eragin diola. Barnorentzat ere, “hagitz polita” izan da Luzuriagarekin elkartu izana. Lizarrako jokalariak eskubaloiaren bertze garai bat ezagutu zuen, baina erreferenterik ez zuen falta izan. “Nire ahizpa [Blanca Barno] zen nire erreferente nagusia: ahizpa ikustera joaten nintzenean, bertze jokalari handi anitz ikusten nituen pistan”.
Barnok Europako txapelketen garaia ere oroitu du, eta lehiaketa horiei esker lehen mailako jokalariak aritu zirela Lizarrako pistan: “Gurea herri txiki bat da, eta sekulakoa izan da Europako jokalaririk onenak ikusteko aukera izatea. Gu ere joaten ginen haien entrenamenduak ikustera!”, erran du. Sumatzen du Itxakoren partiden inguruan herrian sortzen zen giroaren falta.
Luzuriaga eta Beti Onak taldeko gainerako jokalariak bilakatu dira orain herrialdeko eskubaloiaren harrobia osatzen ari diren jokalari gazteen erreferente. Atarrabian, Lizarran bezala, hurbilekoa da jokalarien eta herritarren arteko harremana, eta propiotzat hartu dute Beti Onak-ek lortutakoa. “Igotzeko faseko partidak ikusteko, pantaila handi bat jarri zuten herrian. Igotzea lortu eta gero, ehunka pertsonak egin ziguten harrera herrian: zoragarria izan zen, hagitz hunkigarria”.
Dena irabazi kasu egiteko
Beti Onak taldeko jokalariek gogor egin dute lan hurrengo sasoian Ohorezko Mailan egoteko. Partida guztiak irabazita iritsi ziren igotzeko fasera. Egindako bidean erakundeen eta hedabideen babesa sentitu dutela erran du Luzuriagak; erdigunean jarri du, halere, ñabardura bat: “Ematen du emakumeok dena irabazi behar dugula errepara diezaguten. Uste dut emakumeon kirolak egin dituela aurreranzko urratsak, baina lan handia dago oraindik egiteko”.
Irudipen bera du Barnok. “Behin erran zidaten txapel bat irabazi arte hedabideek ez zigutela kasurik eginen”, oroitu du. Larviken aurkako Txapeldunen Ligako finala ere aipatu du. Joaneko partida Norvegian jokatu zuten, eta itzulikoa, berriz, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. “Teledeportek ez zuen partida zuzenean eman”. Luzuriaga zur eta lur gelditu da: “Ezin dut sinetsi finala telebistan eman ez izana!”.
Eskubaloia eta ikasketak uztartzeko aukeraz ere mintzatu dira Barno eta Luzuriaga. Profesionalen moduan egiten dute lan, baina amateurren errealitatea bizi dute. Horrek erran nahi du irakasleekin “negoziatu” behar dituztela azterketen datak, probek partidaren batekin bat egiten badute. Emakume gazte anitzek kirola nahi baino lehenago uztea dakar egoera horrek: “Askoz ere ahalegin handiagoa egin behar dugu emaitza bera lortzeko”, nabarmendu dute Barnok eta Luzuriagak.
Beti Onak taldeko atezainak garbi du gurasoen babesa pizgarri izan duela orain arteko bidean, eta eskerrak eman dizkie: bertzeak bertze, alaba partida bat jokatzera eramateko harat eta honat egindako bidaiengatik. Arrecifen izan ziren Luzuriagaren gurasoak, eta haiekin ospatu ahal izan zuen Ohorezko Mailara igo izana, pistatik atera bezain pronto.
Luzuriagak atseden hartzea du orain lehentasun: aitortu du oraindik ez duela guztiz barneratu datorren sasoian Ohorezko Mailan ariko direla. “Inbidia diot zure oraingo garai honi: hagitz esperientzia polita da igotzea, eta urratsez urrats aurrera egitea”, erran dio Andrea Barnok. “Fitxa eginen dizugu, gurekin aritzeko!”, erantzun dio atezainak.
Itxakoko kapitainak kontatu dio anitz disfrutatu zuela pistan, baina ase egin zela, eta utzi zuenean bazuela bertze gauzak egiteko beharra eta gogoa. Eskubaloiak emandako txapelak ospatu eta disfrutatu ditu, baina ez dira horiek Itxakoren etapak utzitako oroitzapen nagusiak: “Bidaiak oroitzen ditut, gure arteko barreak, entrenamenduetako lehiak; garai txarrak ere bai, horrelakoak ere egon zirelako. Baina urte horietako sentsazioak ditut gogoan, batez ere. Disfrutatu egunerokoaz”, erran dio Luzuriagari.