“Emakume erbesteratuak dira: ez hemengoak, ez hangoak”

“Emakume erbesteratuak dira: ez hemengoak, ez hangoak”

Helena Bengoetxearen dokumental berriak 36ko gerratik ihesi erbestera joan ziren lau andreren bizitzak ditu ardatz; ‘Matrioskas: niñas de la guerra’ izena du. Iruñean eman zuten iragan astean.

Uxue Rey Gorraiz

Espero ez direnen xarma berezia dela berretsi zaio Helena Bengoetxea zinemagileari (Iruñea, 1967). Zazpi bat urteko lanaren emaitza da haren azken dokumentala: Matrioskas: niñas de la guerra. “Mirari bat da”, definitu du filma Bengoetxeak. Gerrak irekitako pitzaduretan loratutako aukerak uzten ditu bistan lanak. Iruñean eman zuten joan den astean.

Teresa, Alicia, Araceli eta Julia dira filmaren protagonistak. “Gerraren neskak”. Zergatik?

Gaur egun oso adinekoak diren eta orain dela ia-ia 90 urte gerratetik ihesi Sobietar Batasunera ihes egin behar izan zuten lau emakumezko dira. Neska horiek gaur egungo Errusia eta Ukraina aldera joan ziren, eta, 30 bat urte geroago, berriz, Kubara, boluntarioki, hango iraultzan laguntzeko nahiarekin.

Sozialismoaren barrenak ezagutarazteko asmorik ere bada?

Lauren atzean sumatzen da ideologia jakin bat, eta atzean afera historikoa dago, baina niri gehien interesatzen zaidana da beste gauza bat: emakume izateari lotua dena, hain zuzen ere. Hau da, interesatzen zait azaltzea nola bi gerrate pasatuta ere, gosetuta, senitartekoengandik urrun egonda, eta, beraz, biktima bezala ikustea bultzatuko luketen gauza horiek guztiak izanik ere, ez diren hori.

Biktima baino gehiago, zer dira?

Egoera behartu horrek aukerak zabaldu zizkien gauza handiak egiteko. Finean, andre horiek sekulako zortea izan zuten gauza askotarako, garai horietan, oro har, oso zaila zelako deus egitea. Francoren 40 urteko diktaduran, bereziki. Hemen ez zuten deus egiterik izango. Munduari begiratzeko prisma ere zabaldu zitzaien.

Zer ikuskera lukete hemen gelditu izan balira?

Pentsa emakumeek zer heziketa jasoko zuten hemen. Diktaduran, emakumeak umeen modukoak ziren; ezin zuten deus egin senarraren edo aitaren baimenik gabe. Erbestean ez zuten hori sufritu.

Filma berez da atzera begirako bat. Protagonistei nolakoa izan zaie oroitzak freskatu beharra?

Nire nahia ez zen testigantzen bitartez antzinako garaia kontatzea, baizik eta haiek azaltzea gaur egun nola gogoratzen duten ordukoa, eta, batez ere, bizitakoek zer eragin duten oraingoan, nola baldintzatu duten ondotik hartutako erabaki bakoitza. Era berean, zer iritzi duten amatasunari buruz, harremanei buruz…

Filma deskribatzerik bai?

Memoriari buruzko pelikula bat da, eta kontuan hartu behar da memoria eraikuntza bat baizik ez dela; inoiz ez da oraina, ez du deus ukigarririk, eta beti dago gordin, memoria ariketa egiten duzun aldiro eraikitzen baituzu errealitatea. Kasu honetan, eraikuntza askoz nabarmenagoa da.

Zergatik?

Memorian, identitateak garrantzi handia du, eta hori ere eraikuntza bat da. Adibidez, euskal herritar batentzat baliteke errazagoa izatea jakitea nor den, zer den, zer harreman duen berearekin. Berriz, emakume horiek erbesteratuak dira; ez dira hemengoak, hangoak ere ez. Zenbaitetan, non kokatu ere ez dakitela dabiltza. Ariketa are bereziagoa da.

Matrioxken irudia erabili duzu filmean; metafora modura?

Bai: bata bestearen barruan, azala azalaren gainean. Emakume horiek horrelakoak dira, tipula baten modukoak. Bizitza batzuk bizitza bakarraren barruan.

Zer iritzi dute bizitakoei buruz?

Gizonezkoen antzera, emakumeek maiuskulaz idatzitako historiaren parte izan ziren, baina hori ez da agertzen liburuetan. Bistan gelditzen da haiek ere ez diotela horri inportantziarik ematen. Haientzat, historia hor dago, eta hau pentsatuko dute: “Ni ere han izan nintzen”; baina nekez onartzen dute rol aktiboa zutela.

Lan prozesuaren zer fase iruditu zaizu aberasgarriena?

Dudarik gabe, halako emakumeak ezagutzea. Hain gertu sentitzea. Hori ez da egun batetik bestera lortzen, eta oso polita da.

Eta zer izan da zailena?

Hainbat gauza okertu zaizkigu, ezin nuke bata edo bestea aipatu. Gauza bat aurreikusi, eta kontrakoa gertatzen zen gero. Okerrena, halere, pandemia izan da.

Zer traba ekarri du izurriteak?

Buelta eman diogu filmari, gidoia guztiz birmoldatu. Askotan gertatzen da: hasieran bat idazten duzu, beste bat grabaketarako, beste bat gero… Normala da, pertsonaiak pertsonak direlako, eta ez aktoreak. Kontua da gurean kokapena ere asko aldatu zela, adibidez. Hasieran, asmoa zen Kuban grabatutakoak izatea pisu handien. Hori aldatu egin dugu, eta aurreikusia genuenaren %45 grabatu da. Film hau mirari bat da.

Zapore gozoa utzi duen miraria?

Pozik gaude, gure helburua lortu dugulako: emakume hauek ezagutaraztea. Teresaren hitzak datozkit gogora: “Hainbat urtez izan gara isilik. Bazen garaia guk zerbait kontatzeko. Datozen belaunaldiei begira batez ere”.

Datuek agerian uzten dutenez, zuzendari emakume gehiago izaten da dokumentaletan, fikzioan baino. Zergatik ote?

Lan egiteko modua oso hierarkikoa da. Horrelakoetan, pertsona batek hartu behar izaten du lema. Kontua da: zergatik gizonak? Eta zergatik gehiago fikzioan? Uste dut indar ekonomikoak ikustekoa duela. Dokumentaletan, etekinak izateko aukerak txikiagoak dira, eta, aukerak txikiak izanik, andreek errazago dugu sarbidea.