Ezohiko solasaldia

Ezohiko solasaldia

Foro Sozialak Txelui Moreno (HB), Patxi Zabaleta (Aralar), Mertxe Sanchez (PSN) eta Santiago Cervera (UPN eta PP) politikariak elkartu ditu asteon Iruñean, mahai inguru batean.

Edurne Elizondo

Zikloak Ustekabean topo izena du, baina Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak gonbidatuta bat egin dute Txelui Morenok (Burlatako Herri Batasunako zinegotzi izandakoa), Patxi Zabaletak (Aralarreko parlamentari ohia), Mertxe Sanchezek (PSNko Atarrabiako zinegotzi izandakoa) eta Santiago Cerverak (UPNko eta PPko parlamentari ohia). Mahai inguru batean aritu dira asteon, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Ondoan nor izanen zuten jakinda onartu dute parte hartzea, eta elkarrekin “gustura” aritu direla nabarmendu dute laurek, mahai ingurua amaitu denean. Ordu eta erdi inguruko solasaldian, atzera bota dute begirada, eta azaldu dute erakundeetan egon zireneko garaian ere, ezberdintasunen gainetik, behin baino gehiagotan “topo egin” zutela.

Patxi Zabaletak eta Santiago Cerverak, adibidez, Iruñeko zinegotzi gisa bat egin zuten. Udal politikan Cervera baino lehen hasi zen Zabaleta, eta 1979-1983ko legegintzaldiko pasadizo bat oroitu du alderdien arteko harremana azaltzeko: “UPN, UCD, PSOE, EAJ eta HB ginen udaletxean. Jesus Mari Andion eta Iñaki Beorlegi HBko zinegotzien autoei eraso egin zieten, eta udaletxeko zinegotzi guztien babesa jaso zuten”.

Zabaletak azaldu du bertze anitzetan ez zela egon horrelako batasunik, baina HBko bi zinegotzi horiek jasotako babesaren gisako adibideek izan dezaketen balioa aldarrikatu du. Zabaletak uste du Nafarroako gizartean ez dela hausturarik gertatu, eta garbi du bake sozialaren auzian “sakontzeko” gako nagusietako bat dela indarkeria guztien biktima guztiak aitortzea.

Cerverak Iruñeko Udaletik Nafarroako Gobernura jauzi egin zuen, UPNrekin. Alderdi hori utzi, eta Madrilen PPko diputatu izan zen gero. Iruñeko herriko etxean pasatu zuen denboraz, talde guztiek elkarrekin batzordeetan egindako lana oroitu du bereziki: “Elkarrekin aritu ginen ekiten udal erakunde batean; Madrilen, adibidez, batzuek ez zuten ulertzen HBko jendearekin mahai berean egotea, eta elkarrekin lan egitea”.

ETAren indarkeria

Bizikidetza hori “apurtu” egiten zen atentatu bat gertatzen zenean. Cerverak erdigunean jarri du ETAren indarkeriaren auzia, eta Merche Sanchezek tira egin dio hari horri. PSNko zinegotzi izan zen Atarrabian, hamasei urtez, 1999tik. ETAren mehatxuen ondorioz, bizkartzainekin ibili behar izan zuen urte luzez, eta erran du esperientzia hori “hagitz gogorra” izan zela: “Pertsona gisa, desagertu egin nintzen”. Herriko etxean egindako lanak merezi izan zuela uste du, baina karrikan anitzetan egin zizkioten irainek “ilundu” egin dituzte zinegotzi ohiaren oroitzapenak: “Faxista nintzela erraten zidaten batzuek; bertze batzuek, berriz, nire kontra egiten zuten haurra ikastolara eramateagatik”.

Atarrabian aritu zen Sanchez politikan, eta Txelui Moreno zinegotzi izan zen ondoko herrian, Burlatan. 2009an Bateragune auziagatik atxilotu zutenekoa gogoratu, eta nabarmendu du udaletxeko talde guztietako ordezkariak bere lantokitik pasatu zirela berri eske. Errespetua jo du zinegotzien arteko babes hori azaltzeko giltzarritzat: “Ezberdin pentsatzen dutenak beti errespetatu ditut; errespetua didanari errespetua diot, eta, errespetua baldin bada, elkarrizketarako aukera ere bai”.

Egungo egoeraz, “bi errealitate ezberdin” daudela uste du ezker abertzaleko kide Morenok: “Bat da hedabideek markatzen digutena: boterearen menpe daude, eta agintzen dietena erraten dute. Bertzea da karrikako errealitatea: hor errespetu handiagoa dago. Hedabideetan benetakoa ez den gatazka giroa saltzen dute, eta horrek sumina eragiten du”.

Kontakizunaren auziak “garrantzi handia” duela nabarmendu du Morenok, eta oraindik ere kontakizun ofizialak alde bateko biktimak jartzen dituela erdigunean, eta “bertzeak baztertu”. Uste du azken urteotan urratsak egin direla Madrilen eta Nafarroan, baina oraindik badela lana egiteko. “Oraindik ez dugu nahi dugun guztia errateko askatasuna”.

Bilera

Cerverarekin bertze mahai batean egon zenekoa oroitu du Morenok Iruñean; PPko diputatu ohiak ere gogoan du. “Rajoy gobernuan sartu zenean, [Espainiako] Kongresuko Mahaian nintzen, eta Txeluirekin [Moreno] eta bertze pertsona batekin bilera egiteko aukera proposatu zidaten. Egin genuen, Iruñea ez den hiri batean. Gogoan dut nirea ez zen auto bat erabili nuela, eta sakelakoa etxean utzi nuela”.

Kontakizunaren auziarekin lotu du Cerverak berak pasadizo hori, eta bat egin du mahaiko bertze kideekin: garbi dute kontakizun anitz daudela, eta denei eman behar zaiela behar duten tokia. Etorkizunari dagokionez, badute zer erran: “Dogmatismoen” aurka agertu da Cervera; Mertxe Sanchezek elkarrizketa behar dela berretsi du, eta Morenok, berriz, “demokratizazio prozesuan sakontzera” deitu du. Zabaletak berriz ere aipatu du biktima guztiak kontuan hartzeko beharra: “Ezinbertzekoa da indarkeria guztiek eragindako biktima guztiak aitortzea”.