Iritzia: Badatoz

Iritzia: Badatoz

Amets Aranguren Arrieta

Atzerako kontua egiten duen etxepeko erlojuak zifra bakarreko zenbakia markatzen du falta diren egunen lekuan. Bi urteko geldialdiaren ondotik, bueltan dira sanferminak Iruñean ere.

Atzerako kontuaren erlojuari egiten zaizkion argazkien kantitatea azken egunotan biderkatzen ari bada ere, aspaldi soma daiteke sanfermin usaina hiriko Alde Zaharreko kaleetan. Agian, motz geratuko naiz azken hilabetean etxepetik hamar bat txaranga pasatu direla esaten badut. Hamar txaranga eta hogei taldetxo zuriz eta gorriz jantzirik Estafetan gora eta behera (honek auzolotsa ematen dit).

Zezen plazatik metro batzuetara bizi naizen arren, ez dut batere atxikimendurik hor barruan pasatzen denarekiko, ezta interesik ere. Eta nik bezala, ez dakit zenbatek. Bai, bizi daitezke sanferminak lasai asko zezen bakar bat ere ikusi gabe. Hori bai, etxeko balkoitik entzierroa ikusteko txandak antolatzeaz ez naiz libratu.

Ciudad sin ley izanen da aurten berriz ere Iruñea bederatzi egunez, kanpoko jende askorendako baina baita bertako batzuendako ere. Eta gogorarazi beharko zaizkie zenbait gauza: portaletan ez da pixa egiten, jendeari ez zaio kalimotxo garrafa bat burutik behera bota diotela sentitzea gustatzen edo utzi emakumezkoak bakean. Badakizue, ulertzen zailak diren gauza horiek.

Lehengusu txikienak lehen aldiz ikusiko ditu Iruñeko erraldoiak, eta flipatuko du, inoiz ikusi dituen erraldoiak baino handiagoak direlako. Ezagutuko ditu Patata, Barbas, Coletas, Caravinagre, Napoleon eta Verrugas. Eta alkateari igual eskua eman ahal izanen dio, begiak eta ahoa ezin gehiago irekita.

Gazte batzuek ezagutuko dituzte Herriko Tabernako arratsalde elektrotxarangizatuak, eta ez dute hortik mugitu nahiko. Konturatuko dira joan nahi duten leku guztietara joateko denborarik ez dagoela. Are gutxiago bi kale zeharkatzeko 40 minutu behar dituztela ikusten dutenean. Aurtengo egitarau herrikoiari (berriz) oztopoak besterik jarri ez dizkionari kariñoa hartzen hasiko zaizkie, Gazteluko Plazako giroa ikusi artean.

Beste batzuk desiratzen daude urteroko dinamikara itzultzeko. Desiratzen daude Jarauta 69 goizez noiz aterako den jakin eta Kuria kalean moskobita eta marianitoa eskuetan Iruñeko txarangarik mitikoenaren soinupean egoteko. Horiek dira uztailaren 6an urduri altxatu (arropa zuria bezperatik prest izanik) eta irribarrea billabesaren entzierroa bukatu arte mantentzen dutenak.

Plan lasaiagoa maite dutenak su festak ikustera joanen dira, eta bideoan grabatuko dituzte batzuk. Haien bizitzan sekula berriro ikusiko ez dituzten bideo horietakoak. Agian, oraindik ez dut asmatu festak bizitzeko moduarekin, eta horregatik ez naiz sanferminzalea (beraz, ez hain iruindarra, bai, badakit), baina ingurukoak urduri ikusteak urduritzen nau ni ere, eta inbidia ematen dit batzuetan (batzuetan bakarrik) Sanferminekiko ilusio sentimendua hain errotua duen jendeak. Nik ere ikasi nahi dut jaiak gozatzen, baina ez aurten.