“Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua”

“Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua”

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, ‘Berridatz ditzagun jaiak’ lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Uxue Rey Gorraiz

“Nagoreren omenaldian ikusiko dugu elkar, ezta?”, egin dio galde lankide batek korridorean. Nagore Laffageri buruz ari da, eta ziztuan erantzun dio Eva Isturizek (Iruñea, 1965): “Bai, izan dadila hantxe, eta ez zerbait gertatu delako”. Isturiz Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria da. Zerbait hitza erabili du esaldian, baina sexu erasoez ari da, azkenaldian bereziki erne begiratzen baitio problema horri. Festak datozela eta, kanpaina bat aurkeztu dute: Berridatz ditzagun jaiak.

Festak berridatzi nahi dituzue. Zer ezabatzeko?

Festa hobeak behar ditugu. Berdintasuna gehiago bermatuko dutenak, errespetu handiagokoak, non emakumeak libreago izaten ahalko garen, nahi dugun espazio guztietan eroso egoteko. Horretarako, errotik ezabatu behar ditugu jarrera matxistak, muturrekoetatik hasita mikromatxismoetaraino. Izan ere, askorentzat antzematen zailagoak diren eraso horiek ere erdiz erdi eragozten digute festa giroan lasai ibiltzea. Hori guztia nahi dugu ezabatu. Lortuz gero, festa giroan den matxismoa zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta gehiago disfrutatuko dugu denok. Guzti-guztiok.

Oro har, jendeak aski ongi daki “mikromatxismoak” ikusten?

Esanen nuke gizartea oso laxoa dela oraindik ere haiekin, orokorrean. Dena dela, emakumeak, neska gazteak batez ere, askoz kontzienteagoak dira mikromatxismoei dagokienez. Gai dira horiek identifikatzeko, ez dituzte gustuko, eta ez dituzte permititzen. Egia esan, emakumeok askoz gehiago egin dugu aurrera gizonek baino. Ahaldundu gara, ikasi dugu, babes sareak sortu…

Eta gizonek?

Nabarmen kostatzen zaie eraso batzuk ikustea, eta, hain zuzen ere, oso inportantea litzateke horretan ikastea. Lagungarria litzateke, esaterako, kapazagoak liratekeelako gaizki jokatzen ari den beste gizonari aurre egiteko, eta hala ez liratekeelako konplize. Askotan hori baitira. Aditzen dituzte kantak, txisteak, Whatsappeko taldeetako mezuak, eta ez dute deus esaten. Kontrakoa: emakume bat kexatu, eta esajeratua dela esaten diote. Eraso horiek gelditzea ezinbestekoa da; bestela, gero…

Bestela, zer?

Lagun psikologo batek dioen bezala, inor ez da pasatzen 36 graduko sukarra izatetik 40 izatera; zuzenean, ez. Honekin, berdin. Mikromatxismoak eragozteak asko laguntzen du ondotik irits daitezkeenak ezabatzen.

Sexu erasoak are gehiago izan ohi dira festa giroan. Zergatik?

Batzuetan, nahasi egiten ditugu sintoma eta kausa. Kausa matxismoa da, patriarkatua; sintoma, emakumeen kontrako indarkeria. Festa giroan, egunerokotik ihes egiten dugu nolabait, eta horrek, zenbaitetan, ekartzen du normalean kontrolaturik dauden egoerak beste modu batean azaleratzea. Gauza bat argi dago: ez da festetan bakarrik gertatzen.

Kanpainan, zuzenean heldu diozue beldurraren gaiari, etxera bueltako bidean emakume askok izan ohi duten izuari.

Nire ustez, beti dator ongi lelo feminista hau gogora ekartzea: Etxerako bueltan ez dut ausarta izan nahi, libre baizik; hori da kontua. Berdin da arriskua erreala den edo ez, kontua da pertzibitua dela eta sentitzen den izu horrek mugatu egiten duela norbere askatasuna. Gizonen kasuan, norbaitek eraso eginen dizulako beldur hori oso urrutikoa da.

Mito asko dago erasoen inguruan. Batek dio erasoak kalexka ilunetan gertatzen direla, eta bortizkeria beti dela handia. Halakoak eraitsi beharra dago?

Bai. Emakumeen kontrako indarkeria oso auzi konplexua da, eta sinplifikatzeko joera izaten dugu. Batzuetan, esaten da kale jakin batzuetatik ez pasatzea dela soluzioa, ez mozkortzea, ez izatea ez-dakit-zein jokabide. Eta biktimaren gain jartzen dugu ardura. Horregatik dira sexu erasoak gutxien salatzen diren delituak. Biktimak bere buruari egotzi ohi dio gertatutakoaren errua.

Horrek berriz biktimizatzea dakar?

Bai, norberak hala egiten duelako, eta inguruak ere hori adierazten diolako. Hori suntsitzailea da, eta emakume guztien iruditerian du eragina.

Azken bi urteetan ez da sanferminik ospatu Iruñean, eta festa gosea nabarmena da. Kezka duzue horrek ez ote duen jokabide matxista gehiago ekarriko?

Bai, oso kezkatuta gaude. Sanferminetan guztia da neurriz kanpokoa, berez, eta, gainera, zenbait sektorek zabaldu duten mezua da hemen denetarik egin daitekeela, bederatzi egunez ez dagoela legerik. Hori aintzat hartuta, eta jakinik jende askok barrena arintzea bilatuko duela hemen, bada kezkatzeko arrazoirik. Halere, gehiago beldurtuko ninduke ikusteak problemaren neurria txikiagotu nahian gabiltzala. Arazoaren larritasunaren kontziente gara, eta horregatik ditugu, besteak beste, hainbeste neurri eta protokolo.

Nolakoa da protokoloa egun?

Festak tokian tokiko udalen eskumena dira, eta, beraz, baita horietarako prestaturiko protokoloak ere. Gero eta gehiagok dituzte halakoak. Guk, institutuko kideek, gida bat prestatu genuen orain dela zenbait urte, eta guztiek dute eskura, nahi izanez gero oinarri modura erabiltzeko edo dituzten baliabideen arabera moldatzeko. Lehentasuna biktima da beti.

Iaz 218 salaketa jarri ziren sexu erasoei loturik Nafarroan. Kasu horien %46an, biktimak adingabeak ziren.

Batetik, uste dut horretan ikusteko handia duela neska gazteek gehiago salatzen dutela. Horri buruzko ikerketa bat ondu genuen, eta argi ikusi genuen, adibidez, 50 urtetik gorakoek askoz gutxiagotan egiten dutela salaketa jartzeko urratsa. Bestalde, garbi izan behar dugu indarkeria matxista biktimaren ezaugarria zernahi izanda ere azaleratzen dela. Bestalde, adingabeen datu horrek harridura eragiten die askori.

Zergatik?

Batzuek uste dute gazteek dagoeneko gainditua behar luketela arazo hori, haien artean ez dela halakorik gertatzen, eta hori ez da egia. Matxismoa nonahi dago.

Ana Carmona eta Juana Ramirez kriminologoek Nafarroan 2018-2020 artean salatutako sexu erasoak ikertu dituzte. Erasotzaileen %76k lehendik ere ezagutzen zuten biktima.

Pandemian oso argi gelditu zen: indarkeria etxe barrenean dago sarritan. Emakume askok bere erasotzaileekin konfinatu behar izan zuten. Matxismoa etengabe dago gure inguruan, baina badirudi nahiago izaten dela erasotzailea norbanako jakin batekin identifikatu, ardura ez dadin izan kolektiboa. Oker gabiltza.