Bor-bor Bortzirietako euskaltzaleen mugimendua aurkeztu dute Lesakan

Bor-bor Bortzirietako euskaltzaleen mugimendua aurkeztu dute Lesakan

Eragile sortu berriak helburu hartu du euskararen erabilera sustatzea Bortzirietako herrietan. Herritarak ahalduntzeko ere lan egin nahi dute.

Ainhoa Larretxea

“Bor-bor sortu dugu, Bortzirietako euskaltzaleen mugimendua, gure herrietan euskara sendoago aditzeko, esparru berrietara zabaltzeko, geuretik aritzeko, indarrak biltzeko. Mugimendua osatu nahi dugu, bor-bor paratu gure herriak. Elkarrekin ari, batera ekin”. Halaxe aurkeztu zuten Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua larunbatean, uztailaren 2an, Lesakan egindako jende aitzineko ekitaldian.

Urtebeteko lan isilaren ondotik sortu da euskararen aldeko Bortzirietako elkarte berria. Iazko udaberrian plazaratu zuten Bortzirietan euskalgintza artikulatzeko modu berri baten beharra. Ordura bitarte, herriz herriko euskara batzordeek egiten zuten dinamizazio lana. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eredu hori agortua zela uste zuen, ordea, eta jardunaldi batzuk eta hausnarketa prozesu bat paratu zituen abian, bertze lekuetako esperientziak ikusi eta Bortzirietan zer egin zitekeen aztertzeko.

Jardunaldi horiek eman zuten beren fruitua, bertan eratu baitzen Bor-borren ernamuina izanen zen lantaldea. Geroztik, urtebetez Bortzirietako euskaltzale talde bat aritu da etorkizuneko Bortzirietako euskalgintza artikulatuko zuen mugimendu edo talde bat sortzeko prozesuan lanean, eta bertatik jaio da Bor-bor, zeina orain aurkeztu baitute.

Larunbatean 12:00etan paratua zuten hitzordua, eta ordurako jendez betetzen hasi zen Lesakako plaza. Euskaratik eta euskaraz, elkarrekin eta batera leloa zuen elastiko urdina soinean batzuk, Elkarrekin ari, batera ekin leloa zuen pegatina gorria soinean bertzeak, txistulari eta trikitilariekin eman zioten hasiera ekitaldiari.

Maite Bidartek egin zituen aurkezle lanak, eta Ritxi Abril eta Juanen Saralegi arduratu ziren azken urteetako errepasoa egiteaz, umorez. Horiekin batera, Bortzirietako zenbait dantzarik hartu zuten parte ekitaldian, eta baita hiru belaunaldi eta herritako bertsolariek ere: Arantzako Kattin Madariaga, Berako Julen Zelaieta eta Lesakako Manolo Arozena.

“Elkarrekin eta batera”

Arantzako Mentxu Peña eta Etxalarko Beñat Iratzoki euskaltzaleak arduratu ziren elkartearen sorrera mezua irakurtzeaz. “Euskara dantzan paratu nahi dugu. Mugimenduan. Futbolean edo pilotan jostetan. Rapean eta bertsotan. Pantailan eta paperean. Mugimenduan. Bor-borrean”.

Bor-bor zertarako sortu den ere azaldu zuten: “Orain arte euskalgintzak egin duenetik ikasi eta bide berriak urratzeko. Bortzirietako herritarren arteko indarrak bildu, metatu, pilatu, jauzi bat emateko. Herritarren, zuen guztion, gu guztion kemena bildu nahi dugu, barreneko sentimendu gartsua atera, euskararen alde paratu”.

Bide hori dena “elkarrekin eta batera” egiteko beharra nabarmendu zuten: “Elkarlanean eta elkarrekin aritu nahi dugu. Euskara gure karriketan aditzeko, eta gure etxeetara, lantokietara, ostatuetara eta eskolara sartzeko. Zernahi lanetan aritzeko. Nonahi mugitzeko”.

Mezua irakurri ondotik, Bortzirietako bortz herrietako dantzariek aurkezpen egunerako espresuki sortutako agur berezia dantzatu zuten, eta Bortzirietako Bertso Eskolako kideen abesti batekin bukatu zen Lesakako ekitaldia.

Unai Ruiz beratarrak egindako murala erakutsi zuten orduan. Mural hori izanen da, hain zuzen ere, Bortzirietako bortz herriak lotuko dituena, udan batetik bertzera eramanen baitute taldearen aurkezpenak egiteko. Irailetik aitzinera abiatuko da, berriz, elkartearen jardun iraunkorra, Bortzirietan euskara eta euskararen aldeko aldarria borborrean paratzeko.