“Legeak leiho batzuk irekitzen ditu, baina ate nagusiak itxi”

“Legeak leiho batzuk irekitzen ditu, baina ate nagusiak itxi”

Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzea adostu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak. Amaia Kowaschek aitortu du albistea ona dela, baina argitu du «galdera asko» daudela airean.

Uxue Rey Gorraiz

EH Bilduk zenbait zuzenketa aurkeztu dizkio Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege Proiektuari, Kongresuan, trukean hari bide emanen diola hitzemanda. Ezkabako gotorlekua eta Donostiako La Cumbre memoria gune izendatzea adostu du Espainiako Gobernuarekin. Ezkabari buruzko ikerketa sakon batean murgildua izan da Amaia Kowasch (Iruñea, 1990), eta zalantzati utzi du albisteak.

Ezkabako gotorlekua memoria gune bilakatuko dutelako notiziak erreakzio ugari ekarri ditu. Zer eragin dizu zuri?

Ezkabako gotorlekua estatuan mintzagai izatea, aipatze hutsa, berez da inportantea. Gotorlekua ezaguna da, baina ez behar bezainbeste. Orain, batzuek esango dute: “Ezkaba? Zer da hori?”. Ongi dago, eta, horregatik, onartzen dut albisteak poza sortzen duela hasieran. Problema da, besteak beste, EH Bilduk lege proiektuari aurkeztutako zuzenketen berri dugula bakarrik, baina askoz gehiago ez dakigula. Datorren astean zer gertatuko den ez dakigu.

Mesfidati zaudete?

Ez. Hori baino gehiago, kontua da ez dakigula Moncloak zer esango duen. Kongresuaren baiezkoa behar da, eta lege proiektuak urtebeteko epea du.

Praktikan, zer dakar gotorlekua memoria gune izendatzeak?

Izendapenak ez du gure esku utziko gotorlekuaren jabetza. Horretan ez da izango aldaketarik: jabetza Madrilena izango da. Berdin zait Defentsa Ministerioarena den eta, beraz, militarren menpe egonen den, edo Barne Ministerioarena den eta Espainiako Poliziak izango duen haren gaineko kontrola. Printzipioz, akordioak dio, agian, elkarlanean arituko direla inguruko udalerriekin, baina Madrilek izango du botererik handiena. La Cumbreren kasua diferentea da: Donostiako Udalak hartuko du jabetza.

Ezin dira bi lorpenak berdin ospatu, hortaz?

Ez. Memoria leku bat izango da, baina guk ez dugu erabakiko nolakoa izango den. Aintzat hartuko dituzte elkarteen iritziak? Nork kudeatuko du zer? Nolakoa izango da gunea? Galdera asko dira erantzun gabe.

EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak esan du aurrera begira “itxaropenerako aukera leiho bat” zabaltzen duela legeak.

Lege proiektuak elementu positibo asko ditu, eta egia da leiho batzuk irekitzen dituela, baina ate nagusiak itxi egiten ditu.

Zein dira ate horiek?

Egia, justizia eta erreparazioa. Gotorlekua memoria gune bilakatzea? Primeran, baina legean ez dago ez egiarako, ez justiziarako, ez erreparaziorako bermerik.

Zer falta da egiaren esparruan?

Adibidez, ez da deus agertzen biktimarioei buruz. Biktimen zerrendak baditugu, baina, memoria osatu nahi badugu, jakin beharko dugu zer rol jokatu zuen bakoitzak. Adibidez, Elizak. Gainera, egiarako bidean, ezinbestekoa da Sekretu Ofizialen Legea atzera botatzea.

Lasaren eta Zabalaren senideen babesa jaso du La Cumbre memoria gune bihurtzeko erabakiak. Guardia Zibilak han torturatu zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Zer diote Ezkaban izandakoen senideek? Ukendu zaie?

Senide guztientzat da garrantzitsua. Pentsa, 2022an gaude, eta militar bat ari da bisitak gidatzen; zerrenda bat baliatzen du horretarako, eta sartzeko protokoloak oso zorrotzak dira. Ezagutzen ditudan familia batzuek oraindik ez dute lortu sartzea. Gainera, tokia behar bezala uzteko, oso utzia baitago aspaldi, dirua ere behar da, eta lan asko.

Eta badago borondaterik?

Nolakoa den da kontua. Elkarteak adituta, edo bakarrik Nafarroako Gobernuak eta Madrilek adostuta? Horrek ematen du beldurra. Izan ere, soilik instituzioek egiten badute, legearekin bezala gertatuko da: memoria gune partziala izango da, ez osoa.

Legearen aplikazioaren epemuga 1983ko amaierara arte luzatzea adostu dute.

Ikusi nuenean EH Bilduk epemuga hori izan zedila eskatu zuela, zalantza bat piztu zitzaidan: zergatik 1983ra arte? Orduantxe sortu zen GAL; zergatik moztu justu orduan? Urte horretan gelditzeak kanpoan utziko lituzke hark eginikoak. Ez litzateke neurri ona. Halere, Moncloak erantzuna dio eske horri: 1978ra arte luzatzea onartu dute; handik aurrera eta 1983ra arte, salbuespen batzuetan aplikatuko dute soilik. Ikusteko dago hori zer den.

Sareak ehotzen lana argitaratu zenuen 2017an, Ezkaban laguntza sareetan aritu ziren emakumeetan jarrita arreta. Zergatik?

Nire amona sare horietan ibili zen, 1934an hasita; etxean beti entzuten nituen hari buruzkoak, eta, gero, omenaldietara joatean, ohartzen nintzen horietan aditzen nuena ez zela gauza bera. Ikusarazi nahi nuen bistara maskulinoa zirudien mundu hori ez zela berez horrelakoa. Han zeuden emakumeak, militantzian eta klandestinitatean.

Inoiz memoria zentro bat balitz Ezkaban, zer leku behar lukete istoriook?

Nik Nafarroaren memoria gune bihurtuko nuke Ezkaba. Leku handia da, eta aproposa. Jakina, historiak transbertsalki egon behar luke jasota, genero ikuspegiari dagokionez ere bai. Emakumeak beti egon gara; kontua da guk egindakoei ez zaiela horrelako garrantzirik eman. Nik beti diot: neurri berean dira indartsu frontean eta arma eskuetan dagoen gizona eta haraino bazkaria daramakion emakumea. Batak bestearekin egiten du borrokan.