Xabier Zubieta, Xabier Saralegi eta Luis Mari Pikabea mendizaleak omenduko dituzte bihar, Frantziako Pirinioetan. Mendi horretan zendu ziren hirurak, 2007ko urtarrilean.
Itsaso Jauregi
Ahanzturaren aurka borrokatzea: hori da Berako Agerra eta Manttale taldeek, bi urtean behin, Taillon mendian (Pirinio Garaiak) antolatzen duten omenaldiaren helburu nagusia. Taldeok bihar eginen dute Frantziako Pirinioetako mendian antolatutako ibilaldia, 2007an han zendu ziren Berako eta Lesakako hiru mendizaleak gogoratzeko eta mendizaletasuna sustatzeko asmoz. Koronabirusaren ondorioz, txangoa urte batez atzeratu da, baina, azkenik, familiak eta lagunek oroipenez betetako mendia igoko dute.
Iñaki Pikabeak anaia Luis Mari galdu zuen istripu baten ondorioz mendi esanguratsu horretan. Harekin batera hil ziren Xabier Zubieta beratarra eta Xabier Saralegi lesakarra ere, 2007ko urtarrila garai ilun bilakatuz. Astebete lehenago, Lesakako Unai Etxapare zendu zen Anayet mendian (Huesca, Espainia); Zubietak, Pikabeak eta Saralegik zoritxarreko erreskatean parte hartu zuten. Iñaki Pikabeak ez du doluaren kontrako bataila galdu nahi, eta mendiarekiko maitasunari eutsi diola dio: “Betirako zaletasun dugu familian”.
Aurten bai
Memoria giltzaperatu da hiru urtez. Koronabirusaren ondorioz, iaz ezin izan zen txangoa antolatu, nahiz eta dena prest eduki. Aurten, azkenik, memoria aske ibiliko da Taillon mendian. “Aurten Taillonera bai, ezta?”; hori da Pikabeak etengabe entzun duen esaldia: “Jendeak eskatu du omenaldia egitea; gogotsu daude”.
Jardunaldiaren ideia oso modu “naturalean” sortu zela dio beratarrak, askorik pentsatu gabe. Mendizaletasuna euskarritzat duen familian, naturan omenaldi ” txikitxoa” egiteko asmoa zegoela azaldu du Pikabeak, baina ez zuen espero tradizio bilakatuko zenik:” Lehenengo urtean omenaldia ongi atera zen, eta familiakoak etorri ziren. Denei giroa gustatu zitzaien, eta, harrezkero, erabaki genuen urtero egin beharrean bi urtean behin egitea”.
Beti bezala, Berako Agerra eta Manttale taldeek bi mailako irteerak prestatu dituzte, edozein mailatako mendizaleak gonbidatzeko asmoz.
Biderik eramangarriena egingo duen taldea Gavarnie herritik irtengo da; lau orduko ibilbidea egingo du, 600 metroko desnibelarekin. Zailena, berriz, Col de Tentesetik aterako da Taillonerantz, eta sei ordu beharko dituzte 1.200 metroko desnibela egiteko.
Ondoren, bi martxetako partaideak Bujaruelon (Huesca, Espainia) elkartuko dira, mendizaleen omenez egindako monolitoan. Doluak eta mendizaletasunak bat egiten duten ekinaldi horretan hildako mendizaleen bizitza oroituko dute, familia eta lagunen artean. “Betikoak bilduko gara, 50-60 lagun elkartuko gara giro alaian; bazkari ederra egingo dugu, eta denak ilusioz beteta itzuliko gara”, adierazi du Iñaki Pikabeak.
Poliki-poliki mendiak zauria itxi du. Taillon edo Punta Beltza izena jasotzen duen mendiak beste esanahi bat lortu du: memoriaren sinbolo bilakatu da, han zendu zirenen istorioaren ikur, hain zuzen ere.
Erantzunen bila
Hala ere, Iñaki Pikabeak oraindik zauri txiki bat dauka irekita. Izan ere, haren helburu nagusia Taillon mendiko ipar pareta eskalatzea da; anaiak istripua izan zuen lekura igotzea, hain zuzen ere. Gailur bat igotzeak sortzen duen “ezinbesteko” beharra azpimarratu du, eta ipar pareta da Pikabeak beharrezkotzat hartzen duen tontorra: “Ipar pareta igotzeak ez dit beldurrik ematen. Uste dut ipar pareta igotzen badut, beste azalpen bat-edo aurkituko dudala. Agian, berdin-berdin jaitsiko naiz, baina horixe da: erantzunen bila joateko nahia dut”, kontatu du.
Punta Beltzan ezkutatzen diren erantzunen bila abiatuko da Iñaki Pikabea larunbatean, familia eta lagunez inguratuta, Luis Mari Pikabea eta Taillonen zendutako beste mendizaleak gogoan izanik eta hainbeste maite zuten naturaz gozatuz.