Ados pilotak Plazaz Plaza udako torneoa antolatu du, bigarrenez

Ados pilotak Plazaz Plaza udako torneoa antolatu du, bigarrenez

Igandean abiatu zen txapelketa; hamasei pilotari ariko dira, bi multzotan banatuta. Hemeretzi herritan jokatuko dute, eta Etxauriko frontoian eginen dute finala, datorren irailaren 24an.

 

Edurne Elizondo

Ados pilotak Plazaz Plaza udako torneoa antolatu du, bigarrenez. Joan den igandean abiatu zen, Villabuenan (Araba), eta datorren irailaren 24an jokatuko dute finala, Etxaurin. Antolatzaileek herri horretan egin dute txapelketaren aurkezpena. Torneoa “indarrez” datorrela nabarmendu dute: hamasei pilotari ariko dira, Euskal Herriko hemeretzi herritan. Nafarroan izanen dira gehienak: Etxauriko finalarekin batera, partidak izanen dira Garesen, Mendigorrian, Latasan, Leitzan, Areson, Zubietan, Biurrunen, Etxalekun, Obanosen, Tirapun eta Irurtzunen.

Iazko maiatzean sortu zen Ados, eskuzko pilotari emakumezkoen lehen klub profesionala. Urtebeteko bidean hamaika txapelketa eta partida jokatu dituzte kideek. Emakume pilotarien jarduera profesionalizatzeko asmoz ari dira, eta lortu dute urratsak egitea. Plazaz Plaza torneoan ariko diren pilotariek, adibidez, lan kontratua izanen dute, eta kotizatuko dute. Ados pilota klubeko arduradunek lortu dute urte osoko egutegi bat osatzea, eta, ondorioz, lehen urtean lortutakoarekin “kontent” dira.

Denak elkarren kontra

Igandean abiatutako Plazaz Plaza txapelketan hamasei pilotari ariko dira, bi multzotan banatuta. Bikoteka ariko dira, baina banaka jasoko dituzte puntuak. Izan ere, bikoteak aldatuz joanen dira lehiaketan, eta, ondorioz, aurrelari eta atzelari guztiak ariko dira elkarren kontra.

Partida bat irabazten duten pilotariek puntu bat lortuko dute, eta aldeko eta kontrako tantoak ere hartuko dituzte kontuan. Multzo bakoitzeko, puntu gehien lortzen duten bi aurrelariak eta bi atzelariak sailkatuko dira finalerdiak jokatzeko.

Oñatin (Gipuzkoa) eta Dulantzin (Araba) eginen dituzte finalerdiak, eta finala, berriz, irailaren 24an jokatuko dute, Etxauriko frontoian.

Parte hartzaileak

A taldea. Andrea Aldaregia Etxeberria, Irantzu Etxebeste Iantzi, Goiuri Zabaleta Rodrigez, Maddalen Etxegarai Zelaia, Oihana Orbegozo Iraeta, Olatz Ruiz de Larramendi Lopez, Irati Zabala Urriza eta Iera Agirre Iturriaga.

B taldea. Eneritz Arrieta Iturzaeta, Ainhoa Ruiz de Infante Kortazar, Maddi Barrocal Santos, Naroa Elizalde Etxekolonea, Maite Ruiz de Larramendi Mujika, Ane Mendiburu Etxenike, Naroa Agirre Azpeitia eta Uxue Oses Egaña.

Lehiaketa

Ligaxka. Igandean hasi, eta irailaren 11n amaituko da. Bikoteak aldatuz joanen dira, eta denak ariko dira denen kontra.

Finalerdiak. Oñatin (Gipuzkoa) jokatuko dute lehenengoa, irailaren 16an; bigarrena Dulantzin (Araba) izanen da, irailaren 18an.

Finala. Etxaurin jokatuko dute finala, datorren irailaren 24an.

 

«Jokatu eta babesleak bilatu; lan handia da, baina gustura ari gara»

Maite Ruiz de Larramendi

Pilotaria, Ados klubeko kidea.

E.Elizondo

Maite Ruiz de Larramendi (Eulate, 1973) eta Iera Agirre (Leitza, 1987) dira Ados eskuzko pilotari emakumezkoen lehen klub profesionala bultzatu dutenak. Iazko maiatzean jarri ziren martxan, eta urtebeteko bidean egindako lanak merezi izan duela nabarmendu du Ruiz de Larramendik.

Lan handiko urtea izan da?

Bai, guk egin behar dugulako dena. Entrenatu, jokatu, sare sozialak kudeatu, babesleak bilatu, kontratuak eta proiektu berriak itxi. Lan handia da, baina gustura egin dugu

Bertze inork egiten ez zuelako erabaki zenuten ardura hori hartzea. Merezi izan du?

Bai, zalantzarik gabe, egindako lanak jaso duelako bere saria. Urte osoa eman dugu frontoian; Plazaz Plaza torneoaren lehen aldiarekin jarri ginen martxan, eta uda osoa eman genuen jokatzen; Eusko Label bikotekako txapelketan aritu ginen gero; hamasei ginen lehen mailan eta bertze zortzi oinarrizko mailan. Erronka Malerreka txapelketan hamabi aritu ginen, eta sanferminetako torneoa egin dugu Plazaz Plaza berriz hasi aurretik. Pilotari anitz mugitzen ari gara.

Zenbat zarete klubean?

Klubean hamar, baina bertze sei pilotari gonbidatu ditugu. Beraz, bagara talde eder bat, eta adin guztietakoak. Goiuri Zabaleta da gazteena, 13 urte ditu. Sekulako maila erakusten ari da frontoian. Nik 48 ditut, eta Plazaz Plaza torneoa elkarrekin aritzeko aukera polita izanen da. Biok eman beharko dugu onena.

Helburua da Goiuri Zabaletaren belaunaldiak ez izatea zuek bidean aurkitu dituzuen oztopoak?

Hala da. Profesional bilakatzeko bidean urratsak egiten segitu nahi dugu, atzetik datozenek izan ez ditzaten guk gainditu behar izan ditugun zailtasunak. Duela berrogei urte hasi nintzen ni; berrogei urte, eta egun bakar bat ere kotizatu gabe, orain arte. Guk nahi dugu emakume gazteek pilota utzi behar ez izatea, gure garaiko anitzi gertatzen zitzaien bezala.

Babestu nahi dituzue pilotariak?

Bai, pilotan aritu ahal izateko gutxieneko baldintza batzuk beteta. Kontratuak egiten ari gara, asegurua badugu, entrenamendu zehatzak. Pilotaria dago erdigunean.

Plazaz Plaza martxan jarri duzue, bigarrenez. Zer asmo?

Torneoak uda osoa hartuko du, eta kontent gaude, hemeretzi herritan ariko garelako. Torneo polita izanen dela uste dut.

Nolako harrera egin dizuete bertze eragileek?

Hagitz ona. Enpresen eta udalen babesa jaso dugu. Proiektua aurkezten dugunean, harrera hagitz ona da.