Josune Aznarezek erronkarieraren, zaraitzueraren eta aezkeraren hitz eta esamoldeak biltzen dituen hiztegi bat argitaratu du, horiek guztiak euskara batuan txertatzeko asmoz.
Itsaso Jauregi
Euskalkien pizkundea sustatu nahi du Josune Aznarez idazleak (Barañain, 1982); zenbait hamarkadatan galdu diren euskalkien aztarnei bizirik eutsi, hain zuzen ere. Horretarako, Oinarrizko hiztegia. Euskara batua-erronkariera-zaraitzuera-aezkera-gaztelania liburua argitaratu du. “Euskalki horien hitz batzuk nolakoak ziren jakitea eta poliki-poliki gure hiztegian txertatzea da asmoa. Nolabaiteko batasuna lortzea”, argitu du idazleak.
Irakasle erronkariarrari apirilean bururatu zitzaion hiztegi hori egiteko ideia, Bortuetako Euskalkien I. Foroan; Pirinioetan euskararen egoera zer-nolakoa den aztertzea zen foroaren xedea.
Hartan, euskalkien iraupenari buruz ikertzeko eta haiek babesteko beharra aldarrikatu zen: “Foroan ikusi nuen euskara ia desagertua zegoela hainbat eskualdetan, eta D ereduari esker itzuli zela. Orain, bultzada bat eman nahi diegu galtzen ari diren euskalkiei”, esan du Aznarezek.
Hortik aurrera, erronkarierako, zaraitzuerako eta aezkerako hitzak biltzen hasi, eta zerrenda bat osatu zuen.
‘Uskararen eleak’
Desagertutako euskalkiak hutsetik berpiztea “ezinezkoa” dela dio irakasleak, baina zehaztu du badagoela aukera gutxienez ezagunak diren esamoldeak egunerokoan txertatzeko: “Euskalkietako hitzak erabiltzen saiatu behar da, horrela lortuko baitugu kutsu hori ematea, desagertutako euskalkien zerbait mantentzea”.
Nahiz eta euskalki horietako batzuk desagertuak dauden, haien hondarrak iraunkorrak dira. Horren adibide da Aznarez irakasleak argitaratu zuen lehenengo liburua, Uskararen eleak izenekoa. Hartan, euskalkiak erronkariarren hizkeran duen eragina islatu zuen.
Idazleak euskalkiaren arrastoak antzeman zituen eremu horretako gaztelanian, eta helburu horrekin hasi zen hitzen jatorria eta etimologia aztertzen. Hala ere, ikerkuntza lana egiteko orduan zailtasunak izan zituen, euskalkia desagertuta baitago. Izan ere, euskalkian aritzeko gai zen azken pertsona, Fidela Bernat, 1991n hil zen.
Hala ere, irakasleak ikusi zuen galdutzat ematen zen euskalki hori herritarren hizkeran ezkutatuta zegoela: “Jende asko harritu zen gaztelera gisa erabiltzen zituen hitzak euskarazkoak direla jakitean”.
Gazteleran gordetako euskalkiaren aztarnak biltzea izan zen idazlearen asmoa; erronkarieraren testigantza bildumatzea, alegia. Euskalkia galtzea “pena” izan zela esan du Aznarezek, herrikoen nortasunaren atal “garrantzitsu” bat desagertu delako: “Erronkariera galdu genuen, baina gure ibarraren nortasunaren kutsua daukaten hitzak berreskura ditzakegu”.
Euskalkien pizkundea
Berreskurapen eta bilketa prozesu horren hurrengo pausoa da ekainean argitaratutako hiztegia. Liburuak erronkarierako, zaraitzuerako eta aezkerazko 308 hitz eta 38 esamolde biltzen ditu; euskara batuko ordaina eta gaztelerazko itzulpena ere ageri dira.
Gainera, hiztegia egituratzeko orduan, erabilgarritasunari eman zaio lehentasuna. Alfabetikoki antolatu ordez, Aznarez eguneroko gaietan oinarritu da hiztegia banatzeko. Denbora, natura eta etxea dira hamabi kapituluetako batzuk. Antolakuntza horren ondorioz hitzak “hobeto” gogoratuko direla uste du irakasleak.
Hitzak gogoan izatea, erabiltzea, berenganatzea. Poliki-poliki hiztegiko hitzak egunerokoan txertatzea da Josune Aznarezen asmoa, hiru euskalkien arrastoek euskara batuan lekuren bat lortzea. Lan handia dago oraindik egiteko, baina idazleak hutsune batzuk utzi ditu bere liburuan, irakurleek euskalkien hiztegia zabaldu dezaten.
Koldo Zuazok Burundako hiztegia aurkeztu du
Koldo Zuazo irakasleak (Eibar, Gipuzkoa, 1956) Burundako euskara aztertzea helburu duen hiztegia aurkeztu zuen atzo, Altsasun. 2018an hasitako proiektua da, eta Burundako lexikoa bildu du. Izan ere, 3.941 sarrera, 1.446 azpisarrera, 75 esamolde eta 46 esaera jasotzen ditu hiztegiak.
Burundako euskara aztertzeko ibilbidea 2010ean hasi zen, idazleak Sakanako euskara. Burundako euskara lana argitaratu zuenean. Hartan, Burundako euskara sakon aztertu eta sailkatu zuen, Nafarroatik, Arabatik eta Gipuzkoatik elikatzen den euskalkia ikertuta.
Hamabi urte geroago, Burundako euskaran gehiago sakondu du Zuazok, eta, horretarako, Urdiaingo euskaran oinarritu da, batez ere.
Hiztegi horretan, hitz bakoitza Urdiaingo ahozko hizkeran esaten den moduan agertzen da, euskara batuko baliokidea ondoan duela. Esaldiak ere badaude, hitz bakoitza nola erabiltzen den erakusteko, eta, gainera, gaztelerazko itzulpena ere bildu du hiztegian.