Iritzia: Gutxiago falta da

Iritzia: Gutxiago falta da

Lohizune Amatria

Gauza ulergaitzak gertatzen dira hiri honetan”. Enrique Maia Iruñeko alkatearen hitzak dira. Sanferminen inguruan jaso dituen kritiken egileak hartu, eta banan-banan izendatu zituen, duela astebete, esan eta egin edo ez esan eta ez egin dituztenak gaitzesteko. Dena ulertezina, antza.

Festen ondotik, orban bakarra nabarmendu zuen Maiak: Curia kaleko istiluak. Zehatzago, haren hizkuntzan: “Curia kaleko eraso faxista”. Kazetariak erantzuleen bila jar gintezen nahi zuen: “Nork sortu du giro hau, eta zertarako? Kausa-efektu eragin garbia dago”. Iradokiz hasi zen, baina laster bete zuen errudunen lehenengo hutsunea: “Harritzen dira atzean ezker abertzalea dagoela esaten dudanean, baina nik ez ditut entzun erasoa gaitzesten. Esan dezatela, esan dezatela basakeria bat izan zela”. Jakin nahiko nuke ezker abertzaleko nor aditu nahiko lukeen alkateak. Udal talde guztiek arbuiatu dute gertatutakoa, baita ezker abertzalea barnebiltzen duen EH Bilduk ere. Baina hori ez da irakurtzerik izan Nafarroako egunkari guztietan. “Gauza ulergaitzak gertatzen dira hiri honetan”.

Ez dute medio denek jaso, halaber, prozesioa egin bitartean poliziak izandako jarduna agerian uzten duen bideoa. Maiak ez du aztertzeko moduko ezer sumatu; horregatik, ulertezina egin zitzaion kazetari batek gaiaz egindako galdera: “Ikerketa bat ireki nik?”. Erabaki du dagoeneko: polizien ukabilkadak onargarriak dira. Afera ez zuen hor utzi: “Menturaz izanen zen, agian, baina bideoa argitaratu duen medioa festak berotzen aritu da”. Beste errudun bat zerrendara.

Hirugarrena: mugimendu feminista. Bai, Curia kaleko istiluengatik. Feministek planto egin zioten eskuineko hirukoari erasoen aurkako politika aldatu nahi zutela atzeman zutenean, eta, antza, bat zor zien alkateak. “Istiluen ondorioz, emakumezko zinegotzi bat lurrera jausi zen. Eta non dago mugimendu feminista?”. Tamalez, erakundeek egin beharko lituzketenak egiten, besteak beste. “Gauza ulergaitzak gertatzen dira hiri honetan”.

Baina Maiak ez zuen halakorik nabarmendu. Hamazazpi eraso sexista izan dira sanferminetan, eta alkatearentzat horren aurrean poliziak izan dira salbatzaileak: “Erasoek nahigabetzen gaituzte, baina horietatik hamahiru identifikatu eta atxilotu zituzten”. Zergatik nahigabetzen ote duten jakin nahiko nuke; susmoa dut hiriaren irudiak kezkatzen duela gehiago. “Irudi ikusgarria eman dugu”, azpimarratu zuen festen arrakastaz mintzo.

Gazteluko plazako giroaren aldaketa izan da alderdirik positiboenetako bat agintariarentzat: “Ohorezko matrikulazkoa izan da”. Oposizioak eta Peñen Federazioak kritikatu dute plazan gertatutakoa, baina alkateak ez die jaramonik eginen. Politikarien salaketak “gehiegizkoak” izan direlako eta federazioa “EH Bilduren esku dagoelako”. Egunero 30.000 lagun inguru bildu dira bertan, eta zakar asko pilatu bada ere, errepikatzeko moduko esperientzia da Maiarentzat. “Tabernariek esan didate asko saldu dutela”. Argi dago nor zokoratu eta nor aupatu nahi duen. Maiatzera begira, nor duen etsai eta nor helburu. Ez da dena hain ulergaitza hiri honetan.