Iritzia: Nafar karneta

Iritzia: Nafar karneta

Amets Aranguren Arrieta

Sant Esteve de Palautorderako ezkilek ez dute Bartzelonako ereserkia jotzen ordu jakin batzuetan, bizilagun batek gainetik txistuka entonatzen duen bitartean. Inguruko festibaletako edalontziak sanferminetakoak baino txikiagoak dira (bai, EHZn zeudenen tamaina berekoak), eta arraroa da oso ogia tomateak laguntzen ez duenetan.

Hipika eta hipika artean dagoen Can Bonamic masiako helbidea erdi katalanez eta erdi gazteleraz dagoen arren, lore banatzaileak, kostatuta bada ere, asmatu du heltzen, eta jaso egin dut nire urtebetetze opari ederra, etxetik 519 kilometrora. Lluís Llach uste nuen baino zaharragoa da bizitza errealean, eta eltxo aaaaasko dago penintsularen parte horretan.

Bizilagun guztiek sarbidea duten etxeko eraikinaren goiko aldeko terrazan afaltzea ez da guretako bezain planazoa Bartzelonako biztanleendako, nahiz eta —kasu, turista komentarioa dator— bertatik Kataluniako Antzoki Nazionala edo Sagrada Familia ikusi, eta ia ilargi beteak gaua argitu. Hiri horretan iturriko ura oso azkar pasatzen da eztarritik urdailera, azkarregi.

Mediterraneoa utzi gabe, baina pixka bat urrutiago, Kretako Loutro herriko harriek ez dut uste hemengoekin ezberdintasun handi-handirik izanen dutenik, baina nire turista maila souvenir dendetara sartzeko modukoa ez denez (eskerrak), pare bat ekarri dut (motxilan lekua soberan izanen banu bezala), segur aski bi urteren buruan ikusi eta pentsatzeko: eta hauek… nongoak ziren?

Irlan, oro har, nahi bezala gidatzen dute. Ausartuko nintzateke esatera biztanle gehienek duela hilabete batzuk (kostatuta) gainditu nuen gidabaimeneko azterketa teorikoa (hemengoa) ez luketela gaindituko, zeren eta, nik ikasi nuenaren arabera, ezin da autobideko bazterbidetik zirkulatu eta ezin zaio auto bat kontrako norabidean datorrela ikusita aurreko autoa aurreratzeari ekin.

Ia jende guztiak daki ingelesez, eta ahuntzak nonahi ibiltzen dira, arroketan zein zuhaitzetan igota, grabitateari egiten dioten trufa agerian utziz. Haien esneaz eginiko gazta eta jogurtak daude leku guztietan. Jogurt greziarrak, baina benetakoak, murtxikatzen ahal den dentsitate maila horretakoak, badakizue?

?? ??????????, ¹??????? (kontua, faborez) eskatuta, angurri zati handi bat dator pagatu beharrekoaren zenbatekoaren aurretik, postrea dohainik. Euskaldunok gisakoak omen gara, jatorrak, atseginak… baina mamia 6€-edo, ezta? Ez galdetu zergatik, baina eulirik ez dago apenas. Hori bai, txitxarrek duten kanturako potentzia edozein joterorenaren gainetik dago, eta alde handiz.

Espainiako hiriburuan izan da azken geldialdia, eta han bezala ez dut uste beste inon galdu dutenik lotsa hainbeste usoek. Edonork nahiko luke hauek eurengan duten segurtasun maila bera izan.

Aspaldi ez nuela hainbeste egun pasatzen etxetik kanpo, eta ikusten beste batzuk baino zer -ago garen edo zer ez hain. Ikasten da eta gustura egoten da, baina etxean bezala, inon ez.

P.D.: Hau dena ez da peloteoa izan nafar karneta itzul diezadazuen; sanferminak ez beste ia guztia maite dut lur honetan, benetan.