Osasun garraioa “kinka larrian” dagoela salatu dute Erriberako SSGko langileek

CCOO sindikatuak Lan Ikuskaritzara jo du, eta administrazioari eskatu dio enpresa iker dezala. Anbulantzien egoera «txarra» dela erantsi dute.

E. Elizondo

Osasun garraioa “kinka larrian” dago Erriberan. Horixe salatu dute CCOO sindikatuko kideek. Jendaurrean azaldu dute zerbitzuak “gabeziak” dituela, eta SSG enpresa jo dute egoeraren arduradun. Gainera, Lan Ikuskaritzara jo dute, eta Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Lan Ministerioari eskatu diete iker dezatela zer gertatzen ari den. Sindikatuak uste du enpresak “iruzur” egiten diela nafarrei.

Gaur egun, bi enpresaren esku dago Nafarroako osasun garraioa: SSG da bat —Tutera eta Erronkari-Zangoza eremuetan ari da— eta bertzea Baztan Bidasoa —gainerako eskualdeetan—. Gobernuak bi etxe horiekin zuen kontratua amaitu da, berez, eta, ondorioz, administrazioaren aldetik, bidegabeko aberaste egoera batean daude: hau da, gobernuak merkatuaren egungo prezioen arabera ordaintzen du zerbitzua.

2017an, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 2018rako osasun garraio sistema osoa publikoa izanen zela. Asmoari eutsi dio administrazioak, baina ezin izan du gauzatu, oraingoz. Osasunbideko Zuzendariotzaordeak berretsi du garraioa kudeatuko duen enpresa publiko bat sortzea dela helburua, eta une honetan enpresa hori sortu aurreko kontsultak eta txostenak egiten ari dela Osasun Departamentua.

Hondatuta

CCOO sindikatuak ere babestu du zerbitzuak publikoa izan behar duela. SSGri buruz, CCOOko Tuterako ordezkariek garbi dute enpresak ez duela gobernutik jasotzen duen dirua “ongi” erabiltzen. “Langileak falta dira. Nafarroako Gobernuak hiru pertsona kontratatzeko baliabideak eman zizkion enpresari; kontua da, aurretik, enpresak bete gabe zituela bertze bi postu”, salatu dute.

Anbulantzien egoera “txarra” dela erantsi dute, eta anitzetan hondatzen direla. Halakoak gertatzen direnerako erreserban dituzten ibilgailuetako zenbait “hutsik” daudela salatu dute, gainera, eta, ondorioz, larrialdi bat gertatzen denean, ezin dituzte erabili.

SSG enpresak hamalau anbulantzia ditu zerbitzua betetzeko, eta bertze hiru erreserban. Baztan Bidasoak, berriz, 48 ditu zerbitzurako, eta bertze bederatzi, berriz, erreserban.