Teletaxiko langileek erakundeei eskatu diete “ardura” hartzeko

Teletaxiko langileek erakundeei eskatu diete “ardura” hartzeko

Greba mugagabea egiten ari dira, hilaren 1etik. Iruñerriko Mankomunitateak bitartekari lana egin dezala nahi dute. Enpresari eskatu diote bete dezala akordiorako oinarria.

Edurne Elizondo

“Egoera ez da samurra, baina aurrera egin behar dugu”. Horixe nabarmendu du Teletaxi enplegurako zentro bereziko langileen batzordeko ordezkari Iosu Caballerok (ELA), uztailaren 1ean hasitako greba mugagabeak hilabete bat bete duenean. Langileek ez dute enpresako zuzendaritzaren erantzunik jaso protestari ekin ziotenetik. Horregatik, erakundeen bitartekaritza eskatu dute.

Gogoratu dute Iruñerriko Mankomunitateak daukala Iruñerriko garraio publikoaren ardura, eta, ondorioz, Teletaxiko langileek erakunde horretako arduradunei galdegin diete “esku har” dezatela. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza ere jasotzen dutela erantsi du Caballerok.

Langileek grebara eraman dituen aldarriari eutsi diote: “Enpresak bete dezala otsailean sinatu zuen akordiorako oinarria”, erran du Iosu Caballerok. Otsailean sinatu, baina apirilean atzera egin zuen enpresak. “Agiria adostu eta sinatu dute, ordea, eta bete behar dute”.

Hamabost langile

Akordiorako oinarri horretan jaso zuten 2021ean soldata eguneratuko zutela, aurten KPIaren arabera igoko zutela, eta 2023an, berriz, KPIa +%0,5 igoko zutela. Hamabost pertsonak osatzen dute lantaldea, eta, enplegurako zentro berezi bat denez, langileon %70 elbarriak dira.

Apirilaren 12an, enpresak langileei jakinarazi zien ez zuela aurrera eginen adostutako akordiorako oinarriarekin. Atzera egiteko arrazoia KPIa dela azaldu du langile batzordeko ordezkariak. “Akordioa sinatu zutenean, ordea, bazekiten KPIa zenbatekoa zen. Langileok hori behar dugu erosteko ahalmena ez galtzeko”, aipatu du Caballerok.

Enpresak atzera egin eta gero, langileak behin eta berriz saiatu dira negoziaziorako bidean urratsak egiten, baina ez dute lortu, orain arte. Ekainaren 14an, protesta egitea erabaki zuten, eta egun bateko greba egin zuten euren egoera salatzeko. Ekainaren 23an, elkarretaratzea egin zuten Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean, eta ezagutarazi zuten greba mugagabea hasiko zutela uztailarekin batera.

Teletaxiko langileek taxilarien eta erabiltzaileen arteko zubi lana egiten dute: Agustindarren industrialdeko egoitzatik kudeatzen dituzte herritarrek zerbitzua eskatzeko egiten dituzten deiak. Ondorioz, taxiek karrikan jarraitzen duten arren, uztailarekin batera hasitako grebak gidarien egunerokoari eragin dio.

Caballerok salatu du zuzendaritza ez dela zintzo jokatzen ari, eta taxi gidariak Teletaxiko langileen kontra jartzen saiatzen ari dela. “Ez dugu konfrontaziorik nahi taxilariekin; gure grebak ez du haien aurka egin nahi. Gure protestaren helburua da zuzendaritzak sinatutakoa beten dezan lortzea. Jakin dugunez, enpresa konfrontazio hori bultzatzen ari da: informazio okerra zabaltzen ari da taxi gidariek gure kontrako jarrera har dezaten”, kontatu du Iosu Caballerok.

Gaur, elkarretaratzea

Greba mugagabea hasi eta gero, Teletaxiko langileek elkarretaratzea egin zuten joan den astean Iruñeko Udaletxe plazan. Gaur ere karrikara aterako dira: elkarretaratzera deitu dute, taxi gidariek Iruñeko Ahumada dukearen karrikan duten geltokiaren parean.

Langileek salatu dute enpresak ez diela inolako erantzunik eman protestak hasi zituztenetik. “Ez dute urrats bakar bat ere egin”. Horregatik uste dute Iruñerriko Mankomunitateak, batez ere, esku hartu beharko lukeela, lan gatazka konpontzen laguntzeko. “Iruñerriko garraio publikoaren ardura mankomunitatearena da”, berretsi du Caballerok.

Langileek eutsi diote uztailaren 1ean hasitako greba mugagabeari. Hilabete bat bete dute, eta aurrera jarraitzeko indarrez dira, oraingoz. “Akordiorako oinarria sinatua dago; bete dezatela”, exijitu dute langileek. Gaur karrikan izanen dira, berriz ere, lan gatazka konpontzeko bide bat eskatzeko.

 

DATUA

9.000

ZENBAT DEI GELDITU DIREN JASO GABE SANFERMINETAN Teletaxiko langileek nabarmendu dute erabiltzaileen 9.000 dei inguru gelditu direla jaso gabe Iruñeko sanferminetan. Egunean mila.