Bidatz Villanueva Etxague
Espainiako Gobernuak kamerak ezartzera behartuko ditu hiltegiak, “animalien ongizatea babesteko”. Neurri horrekin, “animaliak deskargatzean, garraiatzean, estabulazioan eta zorabiatzean, segurtasun-bermeak hobetu” nahi dituzte. Hegaztien eta txerrien kasuan, esaterako, odolustu baino lehen, erre egiten dituztenean, bizi zantzurik adierazten ez dutela ziurtatu nahi omen dute kontrol sistema horrekin, orain arte hautazkoa zena.
Garaipen gisa irudikatzen duten lege berri horrek haragi elkarteen oniritzia du, guztiak kontsumorako “sakrifikatuko” dituzten milaka animalia horien aurkako tratu txarrak ekiditeko. Zein garrantzitsua den erabiltzen duten terminologia, hiltegietan gertatzen dena leuntzeko eta modu profesionalean gizarteratzeko. Izan ere, sakrifizio hitzak hilketaz besteko esanahia du, erlijio kutsuzkoa. Une horretara iritsi aurretik, animalien gehiengoak esplotazio bizi-baldintza deitoragarriak pairatu ditu.
Podemos alderdi politikoak kamerak ezartzeko legea ospatzeko zabaldu zuen bideoa animaliek hiltegietan jasaten dituzten tratu txarren adibideez osaturik dago, salbuespena balira bezala. Hiltegietan ez dago tratu onik, animaliak gune horietara sartzera behartu, kontzientziarik gabe utzi, odolustu eta zatikatzea indarkeria ekintzak baitira. Nola pentsa daiteke kamerek egoera horrek eragiten duen sufrimendua txikituko dutela? Edozein animaliarekin traturik izan duen inork jakinen du kontzientzia dutela, gozatzeko ahalmena, baita mina sentitzekoa ere. Gizarteari sinetsaraztea ahora daraman haragi edo gorpu puskak minik jasan ez duela jendeak kontzientziaren ausikirik gabe irentsi nahi duen gezurra da.
Kameren kontrol sistema ezartzeak, hiltegiak areago legitimatzen ditu, eta ikusmiran jarri bertako langileak. Inork bete nahi ez duen egitekoa hartzen dute euren gain sistema kapitalistan zaurgarrienak diren biztanleek, emigratutakoek, askotan egoera irregularrean daudenek. Erreportaje batean argitaratu zenez, beste batzuen paperak “alokatuz” lortu izan dute lana. Esklabotza egoera salatu dute askotan, eta euren langile eskubideak aldarrikatu dituztenek mehatxuak eta zigorrak ere jasan dituzte.
Halaber, ikerketek agerian uzten dute lan horrek ondorio duen eragin psikologikoa. Langileek estres postraumatikoa garatzen dute, edota lekuko diren indarkeriarekiko apatia, besteak beste. Fabriketako kateak iradokitzen dituzten lan errepikakorrean milaka animalia hiltzeak ezin du efektu onik izan gizakiongan.
Merkatuko eskakizunei erantzuteko sortutako hiltzeko makineria dira hiltegiak, gizartetik bereizirik daudenak, ezkutuan, inoren bistan, bertan gertatzen dena biziko bagenu, beharbada, animaliak kontsumitzeari utziko geniolako. Kamerak ipintzea hipokrisia hutsa da, eta langile horiek kriminalizatzeko neurria. Hori ospatzeak gure pribilegioekiko kontzientziaren gabezia islatzen du, animaliekikoak batez ere, baina sistema kapitalistan egoera okerrenean daudenenekikoak ere bai, lan zikina egiten baitute gure ahosabaiaren plazererako. Etengabe ahotan duten “animalien ongizatea” ez da existitzen.
Argazkia: Nor / Tras Los Muros