Olatz Azpirotz Larzabal
Udari, nire iritziz luzeegia izan den honi, amaiera emanen dion ekinokzioa gerturatzen ari da, eta eskerrak. Murriztapenek jandako bi uden ostean, aurtengoa izan da hilabeteetan lehentasun, nahi eta zenbait fantasiarekin hornitutako lehena. Uda baita, orain, neguaz gaindi, ingurukoa eta ingurukoak erabiliz gure erretratu ahalik eta perfektuena sortzeko denboraldia. Ordea, fantasiak eta ilusioak eraikitzerakoan baldintza eta testuinguruak albo batera uztea erraza zaigu.
Errezeta perfekturik ez da existitzen, baina aurtengo uda ingurukoa aintzat hartzeko balio izan dit. Uda trantsizio bat izan da niretzat eta bai, ni behintzat amaiera jartzeko prozesuan nabil, zaila baita arrazoitzat hartutako horien artean bakoitzak bere udari amaiera jartzea. Bere osotasunean uda, hein handi batean, isila izan den ustea daukat. Horren erakusgarri, irailaren etorrerarekin hiru hilabete hauetan izkinan zokoraturiko akats zein gertaerek bertan dirautela ikus daitekeela da.
Itsasoan nahiz erreketan bainatu, zapatilak hareaz zein lokatzez zikindu eta aftersunak azala koipetu arren, inguruko egoerek, sinbolismo eta argazkiekin bero estaltzen ditugun arren, bere tamalgarritasun maila berean diraute.
Niretzat uda iragana berrartzeko prozesu bat izan da, eta batentzat baino gehiagorentzat era berean balio izan duela uste dut (espero). Prozesu horretan zalantzek, nola ez, bere tokia izan dute; gaizki doan guztiaren erakusleiho izan den uda honetan, sarritan, zenbait tokitan, neure burua lekuz kanpo ikusi dudalako.
Ingurukoek emandako gomendioz eta abisuez blaitutako oporrak izan dira aurtengoak; halere, gogorrenak, nik neure buruari ezarritako tentsio-puntuak izan dira; ahaztera behartua nuen gaueko etxerako bidea, galtzadek eta mamuek sortutako isiltasun artifiziala, ahaztuak baita zapatak etxeko egurra ez zikintzeko kendu aurretiko mezuak ere, ahaztua pisa bakarrik ez egiteko ohitura eta hark dakartzan elkarrizketak, ahaztua ingurura eta nire espazioa zelatatzeko beharra.
Ordea, normala izan beharko ez lukeen normalitate honek ekarri zizkidan denak gogora, azkar batean, ikasitako jarrerak berpiztea ez baita inoiz prozesu luzea, eta berriak gehitzekoa ezta ere, azkar batean gehitu bainion neure buruari nire azala osatzen duten poroetan atentzioa mantendu behar nuela ere bai. Halere, ardura eta beldur horien zama eramateaz gain, eta oraindik ahoa ireki eta salatzea kostatzen den garaiotan, beste erasotzeko modu bat orokortzen ari zelarik, ahozabal eta gehiegizkoaren etiketak iltzatu zizkiguten.
Ez naiz espazio publikotik aldendu, baina beste era batera egon naiz espazio publiko horretan, eta batzuetan, segundo batzuen iraupenarekin horrelako udetan ez dudala egon nahi sentitu dut, eta udaberria luzatzeko nahia izan dut.
Halere, denborak eta errutina behartuek berea egin dute, eta amaiera emateaz gain, udako erretratuak erraustu eta izkiriatutakoei berriz begiratzera behartu gaituzte, urtebete baitaukagu izkiriatutakoak eta aurrekoak landu eta aldatzeko, udaberria luzatzeko nahirik ez edukitzeko.
