Lohizune Amatria
Luzea eginen da, horretan ez izan zalantzarik. Nafarroako foru eta udal hauteskundeak 2023ko maiatzean izanen dira, eta legez hauteskunde kanpainak hamabost egunekoa beharko luke, baina hasi da dagoeneko. Ikasturte politikoko parlamentuko lehenengo osoko bilkura horren erakusle izan da. Elkarrekin sartu ziren Maria Txibite, Javier Remirez eta Elma Saiz sozialistak. Presidentea erdian, bizkartzain zituenekin ezer gertatu ez balitz bezala.
PSNk egin du lehenengo mugimendua lehia politikoan, Remirez lehen lerrotik kenduz. Orain arte gobernuko bozeramaile izandakoak ez du uda erraza izan, dimisio eskaera zenbaiti egin behar izan die aurre. Foruzainen sindikatuen gehiengoak ekainean egin zuen; eskuineko hirukoak, uztailean azkenekoz, suteak direla kausa, eta suhiltzaileak ere gogor mintzatu dira. Astero kazetarien aurrean jartzea arantzatsua izan daitekeela ebatzi dutela ematen du, beraz.
Aitzakia ofiziala ez da hori izan, ordea. Bai, ekonomiak garrantzia izanen du datozen hilabeteotan; uda igaro da, eta dagoeneko gu ari gara gure patrika finei kezkaz begira. Baina ez dut uste hori izan denik arrazoi bakarra. Are gehiago jakinik PSOEko eta Pedro Sanchezen gobernuko goi karguekin bildu berritan hartu zuela erabakia Txibite presidenteak, gobernukideei jakinarazi gabe. Gutxitan dago bakar bat. Aurrean kamera gutxiago dituela kudeatuko ditu gaiak barne kontseilariak orain. Eta, hain zuzen, hortxe izanen da gakoetako bat datozen asteotan; hitzetan baino gehiago, kamera aurrean erakutsi nahi duten horretan.
Batasun irudirik ez zuen eman, esaterako, eskuinak. Ematen du popularrek baztertu dutela UPNrekin koalizioa, nahiz eta ia desagertzera kondenatu ditzakeen horrek. UPNk erabaki bat hartu beharko du, baina bi talde atzeman ziren bilkuran Javier Esparza eta Marta Alvarez parlamentarien inguruan.
Urrun samar izan dira, halaber, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Batzarre. Politiketan, kasu honetan. Zurekin Nafarroa markaren gida orria sinatu dute, baina Ezkerrak pertsona fisikoen gaineko zerga jaistearen alde egin du Navarra Sumarekin batera berriki. “Zerbitzu publikoak sendotzeko” modu bitxia.
EAJ eta Geroa Sozialberdeak alderdiek, berriz, onartzear dituzte Geroa Bai koalizioaren oinarri politiko berriak. Hurrengo gobernua osatzeko akuilu izan nahi dute; erronka ez da makala. Euskarari lotuta, esaterako, helduen euskalduntzerako laguntzak handitzea lortu dute; baina hortik aurrera sozialistak dituzte oztopo. Euskararen bigarren plan estrategikorik ez, momentuz; eta merezimenduen afera 2019tik ari dira “konpontzen”. Orain sozialisten esku, eta irtenbide murriztaileagoekin.
Oposiziotik errazagoa izanen dute komunikazio estrategia, baina barrukoak txukundu beharko dituzte aipatzeko geratu zaidan EH Bildun ere. EAk primarioak egin beharko dituela diote kritikoek, baita Gasteizko auzitegiak ere. Zuzendaritzak entzungor egin die orain arte, eta erabakigarria izan daiteke haren jarrera maiatzera begira. Hasi da izenen lehia. Zortzi hilabete. Soilik, zortzi hilabete. Luzea eginen da, horretan ez izan inolako zalantzarik.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku