“Unibertsitate bat ezin da izan lan merkatuaren morroi”

“Unibertsitate bat ezin da izan lan merkatuaren morroi”

Teresa Imizkoz Iruñeko UNEDeko zuzendari lanetan hasi da, irailarekin batera. Aurretik, 11 urte egin ditu unibertsitate horren Gasteizko egoitzan; gogoz ekin dio hasi berri duen oraingo etapari.

Edurne Elizondo

Postu berriari neurria hartzen ari zaio Teresa Imizkoz (Iruñea, 1966): UNED Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionaleko Iruñeko egoitzako zuzendari lanetan hasi da, irailarekin batera. Onartu du irakastea duela benetako bokazio, baina ilusioz eginen diola aurre oraingo erronkari. UNEDek bete behar duen rolaz garbi mintzatu da.

11 urtez izan zara Gasteizko UNEDeko zuzendari. Iruñean etapa berri bat hasteko gogoz?

Gogo handiz. Gasteizko etapa hagitz ona izan da, lantalde zoragarria izan dudalako. Baina kontent naiz hemen. Iruñekoa naiz, eta Iruñean bizi naiz; hemen egotea hagitz pozgarria da niretzat. Ilusio handia dut, nik biziki maite dudalako UNEDen proiektua. Beti erraten dut bigarren aukeren unibertsitatea dela hau, eta hori zoragarria da.

Denentzat eskaintzen du bigarren aukera hori?

Unibertsitate publiko bat da gurea, eta prezioak ere publikoak dira. UNEDek aukera ematen du norbere neurrira moldatzeko ikasketa prozesua. Diru eta denbora gutxi dutenentzat ere toki egokia da, ikasleak ezartzen baitu ikasketen erritmoa.

Zein da zuen ikasleen soslaia?

Gure ikasleak ez dira batxilergoa amaitu eta ikasten jarraitu nahi duten gazteak. Lau mila ikasle baino gehiago ditugu, eta gehienak lanean ari dira jada; euren gaitasun profesionalak hobetu nahi dituzte UNEDeko ikasketen bidez.

Aurretik ikasteko aukera izan ez dutenentzat ere bada UNED?

Bai. Edozein dela kausa gazte garaian ikasteko aukera izan ez duten anitzek egiten dute bat gurekin. Edozein modutan, etortzen diren guztiek izugarrizko gogoa dute ikasteko; garbi dute zer egin nahi duten, eta zertarako, eta ez dira denbora alferrik galtzeko prest. Irakasleek nabarmentzen ohi dute behar den ahalegina egiteko prest direla ikasleak, eta irakasleek biziki eskertzen dute. Ez baita erraza ikasketak, lana eta egunerokoa uztartzea. Ikasleek anitz ematen dute, eta konpromiso handia dute.

Urrutiko unibertsitatea da UNED. Irisgarriagoa, beraz?

Uste dut gure unibertsitateak izaera sozial nabarmena duela; pertsona desgaituentzat egokituta dago; itsuentzat eta mugitzeko arazoak dituztenentzat, adibidez; azterketa bat egiteko denbora gehiago behar dutenentzat ere bai. Kartzelatik ere ikasten ahal da UNEDen. Horregatik diot gure izaera soziala nabarmena dela, eta bertze batzuk ailegatzen ez diren tokietara iritsi nahi duela.

Urrutiko zentro bat izateak mugatzen du eskaintzen duzuen ikasketa mota?

Bai. Guk ezin dugu Medikuntza irakatsi, adibidez. Halere, 41 gradu ditugu egun Iruñean. Ez da marka txarra.

Aurten bi berri dituzue.

Bai, Haur Hezkuntzakoa eta Energiaren Ingeniaritzakoa. Nik uste dut bigarren horrek arrakasta handia izan dezakeela. Aitzindaria da, eta gaurkotasun handikoa. Esparru horretan trebatutako profesionalak behar ditugu.

Errealitatearekin bat egin nahi duzuela erakusten dute zuen graduek?

Hori da asmoa; gizarteak orain dituen beharrei erantzun nahi diegu. Eta ez naiz lan merkatuaz ari bakarrik.

Zertaz ari zara?

Uste dut unibertsitate bat ezin dela lan merkatuaren morroi izan; unibertsitatearen lana da jende aditua trebatzea, espiritu kritikoa eta analisirako gaitasuna duena. Uste dut helburua dela gizartearen benetako arazoak aztertuko dituen jendea trebatzea, konponbidea eman diezaieten.

Psikologiako graduak du ikasle gehien zuen zentroan.

Bai, hemen eta UNEDeko zentro gehienetan. Uste dut arrazoietako bat dela psikologia lotzen ahal dela bertze esparru eta ikasketa anitzekin; lagungarria dela bertze arlo anitzetan, gehienok pertsonekin egiten dugulako lan.

Osasun mentala erdigunean jarri du pandemiak. Auzi horrekin baduzue kezka?

Bai. Gasteizen, adibidez, hainbat urtez garatu ditugu hezkuntza emozionalari buruzko programak. Beharrezkoak iruditzen zaizkit, eta hagitz emaitza onak izan dituzte. Iruñean ere garatu nahi ditut. Gure emozioak kudeatzeko tresnak behar ditugu. Horrekin batera, martxan jarri nahiko nuke nerabeen eta gazteen osasun mentalari buruzko programa bat. Unibertsitateak ere eman behar du erantzun bat, gure betebehar soziala baita gizartea hobetu nahi izatea. Helburua ez da munduko onenak izatea; helburuak izan behar du onenak izatea munduarentzat.

Nafarroan bertze bi unibertsitate daude. Nolakoa da harremana?

Iritsi berri naiz, baina nik garbi dut UNEDen asmoa ez dela inorekin lehiatzea. Gure ikasleak gurekin daude ezin direlako bertze batera joan, ezin direlako egunero gelara joan. Halere, ni beti izan naiz elkarlanaren aldekoa; elkarri irakasten ahal diogula uste dut.

Irakasle ere izan zara; sumatzen duzu lanaren arlo horren falta?

Bokazioz naiz irakasle: irakasten gozatzen baitut. Oraingo etapan kontent naiz, halere. Orain zuzendaritzak du nire arreta osoa.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku