Arraitz-Orkingo saihesbidea “ez ahazteko” eskatu diote Txibiteri

Arraitz-Orkingo saihesbidea “ez ahazteko” eskatu diote Txibiteri

Nafarroako Gobernuak egina du NA-4230 errepideko proiektua, baina obrak hasteko eperik ez dute zehaztu. Bizilagunek bidea moztu dute auzia erdigunean jartzeko asmoz.

Edurne Elizondo

Arraitz-Orkingo (Ultzama) bizilagunek herria zeharkatzen duen NA-4230 errepidea moztu zuten, joan den astean hamabost minutuz, aspaldiko auzi bat berriz ere erdigunean jartzeko asmoz: zirkulazioa herritik aterako duen saihesbide bat egiteko proiektua, alegia. “Nafarroako Gobernuak egina du proiektu hori, baina ez dute aurrera egiten, eta lanak noiz hasiko dituzten ere ez dakigu”, azaldu du Ultzamako alkate Martin Pikabeak.

Arazoa ez da oraingoa, eta Pikabeak oroitu duenez, duela 30 urte baino gehiago saihesbide bat egiteko behar ziren lurrak eman zituen Arraitz-Orkingo kontzejuak. Bizilagunek, baina, zain jarraitzen dute. “Arazoa dirua omen da”, erantsi du alkateak. “Nik ulertzen dut administrazioaren jarrera; proiektu asko daude, eta denentzat dirurik ez. Baina Arraitz-Orkingo bizilagunen protesta ere ulertzen dut, egoera ez da samurra, eta behar dute konponbide bat”, erran du Pikabeak.

Egoerak okerrera egin du azken urteotan, herria zeharkatzen duen ibilgailuen kopuruak gora egin duelako.

“Trafiko handia dago”, aipatu du Martin Pikabeak. Kamioiak dira ibilgailu horietako anitz, eta Arraitz-Orkin zeharkatzen dute Iraizozko Elordi industrialdera joateko. Arraitz-Orkinen errepidea estua da, eta kamioien joan-etorriak kalteak eragin izan ditu bide ondoko etxeetan, bertzeak bertze. “Bi kamioi gurutzatzen direnean sortzen dira arazoak”, erran du Pikabeak.

Hilabetean behin, protesta

“Ulertzen dut Nafarroako Gobernuak lehentasunak ezarri behar izatea; baina herritarrak nekatuta daude, eta guk bizilagunen protestei egin behar diegu so. Ez dezatela proiektua ahaztu. Aspaldiko kontu bat da hau”, kontatu du Ultzamako alkateak.

Herrian “lasaitasuna” nahi dute Arraitz-Orkingo bizilagunek, eta horregatik erabaki dute orain protesta egitea. Joan den astekoa izan zen lehendabizikoa, baina azaldu dute hilabetean behin moztuko dutela errepidea, Maria Txibiteren gobernuak urratsen bat egin dezan.

Herria zatitzen duena, halere, ez da Arraitz-Orkingo saihesbide proiektu bakarra: Arraizko bentetan bertze bat eginen du Nafarroako Gobernuak. N-121-A errepideak zeharkatzen ditu bentak. Iazko otsailean, errepide hori 2+1eko bide bilakatzeko lanak hasi zituen Nafarroako Gobernuak. Ezkabaren eta Arraizko benten arteko zatiak bukatu dituzte jada; obrak martxan dira, berriz ere, Oieregi eta Sunbilla artean.

Lan horiekin batera, Nafarroako Gobernuak urratsak egin ditu Arraizko bentetako, Olabeko eta Burutaingo saihesbideak eraikitzen hasteko. Arraizko bentetakoari buruz, gobernuak zehaztu du mendebaldetik eginen dutela. Saihesbidea Belateko tunelekin lotu beharko dute, gainera.

Gobernuak egungo tunelak berritu nahi ditu, hain zuzen, eta horrekin batera, tunelak bikoizteko proiektua ere garatzen ari da; egitasmoak Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuaren ingurumenaren eraginaren aldeko adierazpena jaso berri du.

Obrek 176 milioi euro inguruko aurrekontua dute: 90 baino gehiago Belateko tunel berrirako; ia hogei tunelen arteko zatirako; 43 baino gehiago Almandozko tunel berrirako —egungoa baino 160 metro luzeago eginen dute—, eta 22 baino gehiago, azkenik, egungo tunelak berritzeko lanak egiteko.

Olaitzen, haserre

Arraitz-Orkinen protesta egin dute saihesbide bat exijitzeko; Olaibarren, berriz, Nafarroako Gobernuak esku artean duen proiektua salatu dute bizilagun batzuek. Zehazki, Olaizko kontzejuan piztu da kezka, Olabe ez zeharkatzeko egin nahi duten saihesbideak bitan zatitzen duelako Olaitz. Bizilagunek Olaibarko Udalaren jarrera salatu dute: pankartak jarri dituzte herriko etxeko kanpoko aldean, saihesbidearen bidearen aurka egiteko, eta kritikatzeko udalak ez dituela bizilagun guztiak aintzat hartzen.

Uztailean, gainera, errepidean egin zuten protesta. Salatu dute, batez ere, egin nahi duten saihesbidea 2+2ko bide bat izanen dela, eta, ondorioz, “behar baino zabalagoa”, eta “kalte nabarmena” eginen diola ingurumenari eta kontzejuan dituzten nekazaritza lurrei. “Gutxi dira, eta obrak hondatuko ditu”, salatu dute bizilagunek.

Anitz dira N-121-A errepidean martxan diren obrak eta proiektuak, eta ez dira gutxi inguruko herrietan eragin dituzten aldaketak.

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku